Al-Qaedak 70 soldadu inguru hil ditu Yemenen atentatu suizida batean

Yemengo batasunaren urteurrena ospatzeko prestakizunetan, militarrez jantzitako lagun batek soinean zeraman karga zartarazi duHamar egunetan, 230 lagun inguru hil dira armada eta matxinoen arteko borroketan

2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Al-Qaedak 70 militar inguru hil ditu Yemengo armadaren aurka Sana hiriburuan egindako eraso suizida batean. Gaurko desfilerako prestakizunetan ari ziren soldaduak; izan ere, gaur Yemen iparraldearen eta hegoaldearen arteko bat-egitearen 22. urteurrena ospatzen dute herrialdean. Barne Ministerioaren esanetan, soldadu batek soinean zeraman karga zartarazi du desfilearen probasaioan, 70 lagun inguru hil eta 200dik gora zaurituz, guztiak militarrak. «Hau sarraski bat da. Urratutako gorputz zatiak daude lurrean barreiatuta. Sinestezina da», adierazi du Ahmed Sobhi soldaduak ikaratuta.

«Desfile batean ginen, eta bat-batean leherketa izugarri bat entzun dugu. Laguntzen ahalegindu bagara ere, gutako dozenaka gizon hil dira. Erasotzaile suizidak armadako uniformea zeraman jantzita, eta azpian lehergailuekin eginiko gerrikoa», azaldu du Amin al-Alghabati koronelak, eskuak odolez zikinduta. Erasoa gertatu den plazan ziren leherketaren unean Nasser Ahmed Defentsa ministroa eta Ali al-Axual armadaburua, baina bi horiek onik atera direla adierazi dute gobernutik. Hain justu, desfilea amaitu eta bi horiek tropak agurtzear zirela jazo da eztanda. «Terroristen aurka borroka egiteko Indar Armatuen gogoa indartuko du hilketa honek», adierazi dute Barne Ministeriotik, eta «sarraskiaren» egileek zigorra jasoko dutela gaineratu dute.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek atentatuak «gorrotagarriak» direla esan du. «Ezein arrazoik ezin dezake ekintza kriminal hau justifikatu», gaineratu du.

Al-Qaeda erasoaren atzean

Al-Qaedak beregain hartu du Sanako atentatua. Hedabideei helarazitako mezu batean erasoa egiteko armadako soldadu bat errekrutatu zutela jakinarazi dute miliziano islamistek. Mezu horretan azaldu dute erasoaren helburua Ahmed Defentsa ministroa hiltzea zela.

Al-Qaedarekin lotura duen Ansar al-Xaria taldeak, baina, bestelako arrazoiak eman ditu erasoa egiteko. Armada herrialdearen hegoaldean«egiten ari den krimenei» emandakoizan dela adierazi dute. Izan ere, Yemengo armadak Ansar al-Xariaren aurkako ofentsiba hasi zuen duela hamar egun, hegoaldeko Abyan eskualdean. Bertan, hainbat herri kontrolpean ditu Ansar al-Xariak eta horiek berreskuratu nahi ditu gobernuak. Iaz, Salehen 33 urteko agintaldiaren amaiera ekarri zuen protestak hasi zituztenetik herrialdearen ezegonkortasuna handitu egin da. Salehek, gainera, botere zentrala ezartzeko zailtasunak izan zituen, eta horrek milizia islamisten garapena erraztu du. Duela hamar egun armadaren kontraerasoa hasi zenetik 230 lagun inguru hil dira erasoetan: 158 miliziano gutxienez,60 soldadu inguru, eta hamazazpi zibil.

Bestalde, Ansar al-Xaria erakundeak atzo adierazi zuenAEBetako hainbat militarri eta aholkulariri segada bat jarri zietela herenegun, eta hiru estatubatuar zauritu zituztela. Horietako bat larri dago, lepoan tiroa jaso baitzuen. AEBek, hain justu tripulaziorik gabeko hegazkinekin erasoak egiten ditu herrialdearen hegoaldeko Al-Qaedaren babesguneen aurka. Dena den, azken hilabeteotan erakundeak indarra hartu du bertan.

Ospakizunetarako eguna

Hasiera batean hildakoak 90etik gora zirela aipatu dute gobernutik, baina, hala ere, Salehen aurkako protestak hasi zituztenetik Al-Qaedak egin duen erasorik handiena izan da Sanakoa. Dena den, gaur Yemenen bategitearen ospakizunak egingo dituztela jakinarazi dute gobernuko iturriek. «Yemendarrok elkartuta egon behar dugu mehatxu terroristaren aurrean», adierazi du Karim Nahil armadako jeneralak. «Gure batasuna ospatuko dugu bihar [gaur] martirien odola gure eskuetan eta aurpegietan dugula».

Salehek otsailean utzi zuen boterea, bere immunitatea bermatu ondoren, eta haren agintaldian presidenteorde izan zen Abd Rabbu Mansur Hadik hartu zuen lekukoa. Kargua hartzerakoan, hain justu, bere lehentasuna «Al-Qaedaren aurkako gerrarekin jarraitzea» izango zela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.