Egiptoko presidente izateko asmoa adierazi du Al-Sisi armadaburuak

Hautagaitza iragarri baino lehen, dimisioa aurkeztu zuen mariskalak, legearen arabera, militar batek ezin duelako estatuburu izanAnaia Musulmanek antolatutako protestak desegin nahian, gazte bat hil du Poliziak

Ion Orzaiz.
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Eman du pausoa. Azken hilabeteetako zurrumurru eta filtrazioen ostean, Abdel Fatah al-Sisi armadaburuak konfirmatu du Egiptoko presidente izan nahi duela eta maiatzeko bozetarako hautagaitza aurkeztuko duela, «herriaren nahia betetzeko». Aurretik, alta, dimisioa eman behar zuen mariskalak, eta hori ere atzo arratsaldean egin zuen. Egiptoko konstituzio berriaren arabera, jardunean den militar batek ezin du estatuburu izan, eta, beraz, tramitea beteta, esparru militarretik politikora jauzi egin ahal izanen du Al-Sisik ofizialki —uztailaren 3ko estatu kolpeaz geroztik, herrialdea de facto gobernatzen zuen arren—.

«Gaur da uniforme militarraz jantzita ikusiko nauzuen azken eguna», adierazi zuen atzo iluntzean, telebista bidez zabaldutako mezu ofizialean. «Ohorea izan da niretzat uniforme hau janztea aberriaren defentsan, eta gaur, baztertu eginen dut, hain zuzen, aberria defendatzeko». Al-Sisiren esanetan, herritarren nahia bete besterik ez du egin orain arte, eta egoera horretan kokatu zuen bozetara aurkezteko erabakia ere: «Azken urteetan Egipton gertatu denak argi erakusten digu inor ez dela presidente izanen, herriaren babesik ez badu».

Egiptoko historia garaikidean, ia etengabea izan da militarren agintea —iazko estatu kolpean kargugabetutako Mohamed Mursi izan zen bozetatik ateratako lehen presidentea—, eta gobernu mota horretara itzuli nahi izatea leporatu diote Al-Sisiri ezkerreko alderdiek eta giza eskubideen aldeko zenbait erakundek.

Espresuki aipatu gabe, haren kontra azaldu diren ahots kritikoei zeharka erantzun zien mariskalak atzoko mezuan: «Hauteskundeetan parte hartzeko asmo irmoa dut, bai, baina horrek ez du esan nahi besteen partehartzea oztopatuko dudanik. Herritarrek eskubide osoa dute nahi beste hautagaitza aurkezteko, eta jendeak izendatutako presidenteak arrakasta badu, poztu eginen naiz, hautagaia edonor dela ere».

Agerraldi horren aurretik, Egiptoko Junta Militar Gorenarekin batzartu zen Al-Sisi Defentsa Ministerioaren egoitzan, gainontzeko armadaburuei bere dimisioaren berri emateko eta hurrengo urratsak zehazteko. Bileraren ostean, Adli Mansur behin-behineko presidentearekin ere solastatu zen mariskala, dimisioa ofizialki emateko eta Defentsa Ministerioaren lekukoa nori utziko dion zehazteko.

Izan ere, jardun militarra atzean utzi duela adierazi nahi izan duen arren, armadan agintea du oraindik Al-Sisik, itzalpean bada ere. Hala, Al-Ahram egunkari ofizialistaren arabera, mariskalaren konfiantzazko pertsona bat izanen da Defentsa ministro berria: Sedki Sobhi, armadako estatu nagusiko buruzagia. Behin-behineko presidenteak koronel nagusi mailara goititu zuen atzo Sobhi.

Protesta sorta prest

Anaia Musulmanak eta beste zenbait erakunde islamista biltzen dituen Legitimitatearen Defentsarako Aliantzak protesta sorta antolatu du aste honetarako. Atzo egin zituzten lehen manifestazioak, eta Polizia gogor oldartu zitzaien: 18 urteko ikasle bat hil eta beste zortzi pertsona zauritu zituen Kairoko Unibertsitatean piztutako protestetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.