Bielorrusian 600 lagun baino gehiago atxilotu dituzte bozen ostean

Lukaxenkorentzat, oposizioko protestalariak «gaizkileak» dira; botoen %79,7 eman dizkiote iruzur salaketen arteanNazioarteak bozketaren baldintzak kritikatu ditu, eta manifestazioen jazarpena salatu du

2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Aleksander Lukaxenkok laugarren aldiz eskuratu du presidentetza Bielorrusian. Bera hautatu dutela iragarri eta berehala, baina, egundoko protesta oldea piztu du herrialdean. Oposizioaren manifestazio jendetsuei, ordea, gogor iharduki die aginteak; Lukaxenkok berak «gaizkile, basati eta suntsitzailetzat» jo ditu protesta egileak. Minsk hiriburuan izandako protestetan Poliziak baliatutako indarra ere babestu du. Poliziak 630 lagun atxilotu ditu, tartean, presidentearen kontra lehiatu diren oposizioko bederatzi hautagaietatik zazpi.

Hauteslekuak doi-doi itxita zirela, oposizio indarrek aurreko egunetan eginiko deiari erantzunda, milaka lagun elkarretaratu ziren herenegun iluntzean hiriburuko kale eta plazetan.Urriko plazan, 30.000 lagunetik gora bildu ziren, eta giroa berotzen hasi zen, bozketaren emaitzak jakitean. Lukaxenkoren garaipenaren berri izatean haren kontra oihuka hasi ziren herritarrak. Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzak dauden plazara abiatu ziren orduan; Independentziaren plazara. Han, giroa are gehiago sumindu zen, manifestariak saiatu zirelarik egoitzan indarrez sartzen. Uneotan ziren ehunka lagunak aski laster milaka ziren, eta poliziek gogor egin zieten aurre. Manifestariak sakabanatzean, horietatik asko harrapatu zituzten, tartean bozetan lehiatu ziren bederatzi hautagaietatik zazpi.

«Ez da iraultzarik izango»

Bielorrusian agintearen aurka orain arte sekula izan ez den protesta oldeaz mintzatu da Lukaxenko: «Hori ez da demokrazia, gaizkiletza hutsa baizik». Telebista kate publikoan eginiko agerraldian agintari gorenak protestak salatu ditu: «Minsken gertatutakoak gaizkile eta txikizio egileen ekintzak baino ez dira. Hau guztia nire kontra lehiatu diren eta galdu egin duten oposizioko agintarien manuz gertatu da». Poliziaren jokaera txalotu ostean, «basati eta suntsitzaile» guztiak espetxean sartuko dituela ohartarazi du: «Bielorrusian ez da istilurik eta iraultzarik izango». Hamabost urteko kartzela zigorrak ere ezartzen ahal dizkiete.

Emaitzak herenegun jakinarazi zituen Hauteskunde Batzordeak. Aleksander Lukaxenkok, zenbaketa horren arabera, botoen %79,7 bereganatu ditu. Hautagai Guztien Kontra taldea gelditu da bigarren —%6,4—, eta gainontzeko zortzi hautagaietatik bakar bat ez da %3ra iritsi; Andrei Sannikovek botoen %2,6 baino ez ditu jaso. Oposizioak iruzurra salatu du, eta nazioarteak ere zalantzan jarri du emaitza hauen sinesgarritasuna. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak behatzaile talde bat bidali zuen Bielorrusiara, eta, horren arabera, «hauteskunde hauek ez diote herrialdeari demokraziako abiada eman». Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak, berriz, jazarpena salatu eta atxilotutakoak askatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.