«Anitzetan entzuten da demokrazia parte hartzailearen kontzeptua; errazki mintzo da horretaz, baina instituzionalki aplikatzea zailago da. Guk nahi genuke urrats azkar bat egin». Hori azaldu zuen atzo Peio Mentak, Baiona 2014 zerrendaren programa aurkezteko orduan. Martxoan herriko etxera helduz gero benetako demokrazia parte hartzailea gauzatzeko engaiamendua harturik du abertzaleak ere biltzen dituen ezkerreko zerrendak.
Zehazki, auzoka batzarrak bultzatuko lituzkete, eta haien esku aurrekontu bat utzi. Funtsean, batzarrak tresna eraginkor gisa ikusirik, hirian zehar andana bat ikusi nahi lituzkete: gazteen herri kontseilua, hauteskundeetan hitzemandakoa betetzeko batzordea, hiriko garraioen erabiltzaileen batzordea, eta abar.
Demokrazia parte hartzaileaz gain, beste sei arlotan dituzte engaiamenduak harturik: hezkuntza eta formakuntza; elkartasuna; enpleguak eta ekonomia; bizi ingurumena; kulturak eta kirola.
60 engaiamendu 7 arlotan
«60 ekintza konkretu baino gehiago ditugu, eta baionesak konbentzitzen entseatuko gara», zioen guztia laburbiltzeko Jean-Claude Iriart zerrendaburuak. Besteak beste, ikasleentzako herriko diru laguntzak emendatzeko engaiamendua harturik dute, eta sexu bereizketarik gabeko hizkuntza garatzeko edota eskoletako kantinetan ekoizpen ekologikoen emendatzeko konpromisoa ere dute planteaturik.
Euskarari begira, Baionako herriko etxeak zein hiri elkargoak hizkuntza politika «ausarta» abiatu beharko lukeela dio Baiona 2014k. «Ipar Euskal Herriko hiri nagusia izanik, Baionak euskarari arreta berezia eman behar dio, Euskal Herriko berezko hizkuntza delako», Iriarten hitzetan. Konkretuki, irakaskuntza eta eguneroko erabilpena sustatzeko helburuarekin, sei urteko plan berezi bat adostuko lukete boterera iritsiz gero. Baionako herriko etxeak eta hiri elkargoak euskararentzako zerbitzu komuna sortuko lukete, eta azken horri berezko aurrekontu bat eman.
Printzipio handi batzuk ere dituzte argiturik: justizia soziala eta berdintasunaren alde dira, etaingurumenaren errespetuan legokeen garapen eredu bat xede dute. Euskal lurralde elkargoaren alde izateaz gain, Hego Euskal Herriarekiko harremanen garapena ere dute xede. Programa aurkezturik, hauteskundeetako eztabaida hasteko gogoz dira.
Demokrazia parte hartzailea bultzatu nahi du Baiona 2014k
Hirurogei konpromisoz osaturiko programa aurkeztu du abertzaleak ere biltzen dituen zerrenda ezkertiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu