Komunikazioa. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia

«ETB1eko programazioa normalizatu nahi dugu»

Ez du lan erraza izango Maite Iturbek, EITBko zuzendari berriak. ETB1 katea indartu nahi du murrizketen itzalpean.

LUIS JAUREGIALTZO /  ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia Donostia
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Lanpetuta baina gogoz ekin dio Maite Iturbek (Arrasate, 1959) EITBko zuzendari nagusiko lanari. Etxea ondo baino hobeto ezagutzen du; azken ia 30 urteetan lan egin du EITBn.

Nola sentitzen zara EAJren eta PSE-EEren akordioaren ondorioz izendatuta, jakinik EITBko kontsumitzaile zati handi bat EAJ-EH Bildu inguru horretan ibiltzen dela?

Egokiena nire izendapenaren inguruan denen akordioa biltzea izango litzateke. Hala ere, bi gauza bereizi beharra daude: batetik, akordio politikoa, eta beste alde batetik, akordio profesionala.

Nola hartu duzu EH Bilduk parlamentuan emandako ezezkoa?

Aurreikusita zegoen; prentsan ere azaldu da ez zeudela ados EAJk gauzak planteatzeko orduan hartutako jarrerarekin. Ni akordio politiko horietan ez naiz sartuko.

Europako Batasuneko Parlamentuak txosten bat atera du berriki. Txosten horretan, hedabide publikoko zuzendari eta goi kargudunek alderdi politikoen aukeraketatik at geratu beharko luketela gomendatu zuen.

Nire ustez, hedabide publikoak ahalik eta profesionalen izan behar dute, eta politikariek ahalik eta gutxien parte hartu. Baina hori beste eredu bat da, eta legebiltzarraren kontua. Nahiz eta alderdi politiko batek proposatutako izena izan, alderdi horrek egindako proposamena profesionala da.

Juan Diegoren auziak nola eragingo dio EITBko irudiari?

Oraintxe bertan hartu dut kargua, eta horri buruz ezin dut adierazpenik egin.

Zuk jada aurreikusi duzu baliabide gutxiagorekin lan egin beharko duzuela. Non egingo dira murrizketak?

Produktuari min gutxien egingo dioten alderdiak murriztu beharko ditugu; balio erantsiari eragin gutxien egingo diotenak, alegia.

Adibidez?

Beharrezkoak ez diren apaingarrietan.

Langileei dagokienez, erabaki dramatikorik ez dela hartuko ere iragarri duzu.

Zalantzak zeuden ekoizpen zentrorik itxiko ote zen [Donostiako Miramongo egoitza], eta horri buruz esan nuen ez dela erabaki dramatikorik hartuko. Hala ere, ikerketak egin beharko ditugu, enpresa hau iraunkorra izate aldera nola bideratu behar dugun ikusteko. Baliabideak berrantolatu eta optimizatu beharko ditugu.

Langileez hitz egitean, langile finkoez edo aldi baterako lanean ari direnez ari zara?

Oro har hitz egiten ari naiz. Aurrekontuak astelehenean onartuko dira, eta horren arabera lan egin beharko dugu.

Zenbatekoak izango dira murrizketak aurrekontuan?

%15etik %17ra artekoak.

Ikus-entzunezko sektorean, EITB da lan sortzailerik handiena. Nola eragingo dute murrizketa horiek sektorean?

Ziurrenik, eragingo dio, baina nire asmoa da integrazio handia egotea publikoaren eta pribatuaren artean. Ea bi sektoreen artean gai garen ondo antolatzeko eta iraunkorrak izateko.

ETB2 gaztelerazko katearen sorrerako printzipioak erdaldunei euskal mundua gerturatzea zen. Nola itzul daiteke katea printzipio horretara?

ETB2 balio horietara gerturatzeko erabil daiteke, euskara gehiago erabiliz.

Zerk bereizten du ETB2?

Gure lerro nagusiak informazioa eta gaurkotasuna izango dira.Aisialdia ere jorratuko dugu.

Radio Euskadi eta ETB2 beti izango al dira gazteleraz?

Ni, euskara sartzearen alde nago.

ETB1 katea indartzeko asmoa duzula ipatu duzu. Nola egingo duzu hori?

Ordu gehiago ekoitzita. Eguerdiko albistegia bukatzen denetik gaueko albistegira arte errepikapenak ditugu. Errepikapen horiek barne ekoizpenarekin ordezkatu nahi ditugu udazkenera begira. Programazioa normalizatu nahi dugu.

Horren barruan sartuko litzateke albistegiaren ordua errespetatzea?

Hor arazo bat dugu. Noski, saiatuko gara albistegiaren ordutegia errespetuz tratatzea.

Zer gertatuko da eguraldi maparekin?

Eguraldi mapa teknikari eta profesionalekin landuko dugu, gure eguraldia eta gure aberria nola adierazi behar dugun ikusteko. Aldatuko dugula ziurra da.

Espainiako erregearen hitzaldia emango duzue aurten?

Ez dugu horretaz hitz egin. Nik neuk, behintzat, ez daukat asmorik. Baina nire iritzia da.

Terminologiari dagokionez, nola deituko zaio Madrilgo gobernuari? Gobernu zentrala ala Espainiako gobernua?

Hori hitz egin beharko dugu. Nik orain arte editorial alderditik urrun lan egin dut. Gerturatu egin beharko naiz.

Euskadi Gazteak arrakasta du, ETB1ek ez, ordea. Zergatik?

Euskadi Gaztea musika da, ez duzu zertan hizkuntza jakin. Eta gazteentzat da, aisialdia jorratzen du, haien tonuan.

Gazteei begira ETB1en zerbait egiteko asmoa duzue?

Bai, aztertuko dugu.

Zuzendaritza taldea nortzuek osatuko duzue?

Administrazio kontseilua astelehenean egingo dugu.

Urtarrilean presoen alde eginiko manifestazio jendetsua ETBk azaletik jarraitu zuen. Zer jarrera hartuko du zuzendaritzak a aurrerantzean?

Herritarrengandik ahalik eta gertuen egongo gara.

Hurrengoa gertutik jarraitzeko asmoa duzue?

Garrantzia duela ikusten badugu, bai, noski.

Zer jarrera hartuko du zuzendaritzak ETB Nafarroan ikusi ahal izateko?

Irtenbide teknikoak eskura daude, kostu ekonomikoak murrizteko, eta negoziazio politikoak lortu behar ditugu. Gure asmoa Nafarroan egotea da.

ETBk jasotzen duen diru kantitatearen ondorioz, tokian tokiko telebistek eta euskarazko hedabideek ez dute horrenbeste jasotzen.

Diru publikoa gutxitu egin da, eta lehentasunak ezarri behar dira. Horrekin, batzuek sufritu egiten dute. Denok pozik egotea ezinezkoa da.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik erredakzio desberdinduak dituzte. Telebistan ez da hori gertatzen, eta euskara kaltetuta geratzen da. Nola izango da aurrerantzean?

Sinergiak lantzen jarraituko dugu. Garai latzak datoz, eta eskarmentu handia daukagu erredakzio batekin produktu bat bi hizkuntzetan egitea.

Irratien erredakzioak ez dira bateratuko, beraz?

Bi irratiek ondo funtzionatzen dute, eta tentuz jokatu behar dugu.

Zuzendari bat egongo da bi kateentzat?

Bai.

Horrek ez al dio euskarazkoari kalte egingo? Izan ere, zuzendariak ETB2n indar gehiago jartzeko arriskua izan dezake, audientziak direla eta.

Ez da gertatuko. Gure lan ildo eta helburu garrantzitsuena ETB1 indartzea da.

Nola izan liteke EITBn euskara ulertzen ez duten kazetariak egotea?

Etorkizunean hori gerta ez dadin eta gaur egun daudenek ikas dezaten, baliabideak jarriko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.