Iaz osasun arazoek eragotzi ziotena egingo du Pablo Milanes kantariak (Bayamo, Kuba, 1943) gaur, 20:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: bere kantuak zuzenean eman, maitea duen eta maite duen publiko baten aurrean. Gaurko emanaldirako gogoz eta ilusioz dagoela dio Milanesek. Osasun arazoak gaindituta, kantuen bitartez bere garaiaren kronikagile izateari lotu zaio berriro, kantuak sortuz eta emanez. Renacimiento disko berria kaleratuko du udazkenean. Disko horretako kantu batzuk entzuteko aukera izango da gaurko saioan, bainakontzertuaren ardatz nagusia ez da disko berria izango.
Duela hilabete batzuk bira bertan behera utzi behar izan zenuen zilbor-eten baten ondorioz. Ondo sendatu zara? Nola zaude orain?
Oso ondo nago, egia esateko. Zilbor-etenaren sendatze prozesua oso ondo joan da.
Disko berria kaleratuko duzu udazkenean: Renacimiento. Zergatik izenburu hori? Bestelako Pablo Milanes bat erakutsiko du?
Emanaldia ez da berez, zentzu hertsian, disko horren aurkezpena izango, baina emango ditut Renacimiento diskoko kantu batzuk. Disko horretan aspaldiko melodia batzuk gogoratu, eta erritmo eta genero kubatarragoetara bideratuz antzaldatzen ditut, congarantz edo runbarantz, adibidez; edo egungoagoetara bestela, hala nola jazzera. Ikuspegi horretatik begiratuta, niretzat berpizkunde bat da, hala alderdi musikaletik nola alderdi pertsonaletik.
Zertaz hitz egiten dute disko horretako kantuek?
Gauza askori buruz: maitasuna, porrotak, urruntasunak, niretzat balio sentimental handia duten lekuak… Beti bezala, disko plurala egin dut, bai gaien aldetik eta bai musikaren aldetik.
Kantuetako batek Apocalipsis izenburua du. Zer gogoeta dago izenburu horren atzean?
Kantuetako bakoitzari buruzko zertzeladak diskoaren aurkezpenerako utziko ditut. Bestela, nire lan berriarekin inor harritzeko aukerarik gabe utziko nauzu.
Zure aurreko diskoan, Regalo-n, nahiko kritikoa zinen Kubako egoerarekin. Disko berrian ere hala agertzen zara?
Nire disko guztietan, beti adierazi dut pentsatu dudana edo sentitu dudana. Uste dut trobadoreok ikusten dugunaren egunerokotasuna islatu eta jaso behar dugula, lorpenak kontatzeko bezala, porrotei buruz hitz egiteko.
Jakinekoa da ez duzula oso gustuko Kubaren egoeraz mintzatzea, baina galdetu egin behar dizut. Kubako sozialismoa geldituta dagoela adierazi duzu, aurrerapenik egin gabe. Zergatik diozu hori?
Egia da diozuna: ez zait gustatzen Kubako egungo egoeraz hitz egitea, esan beharreko guztia esan dudalako eta inork ez diolako horri jarraipenik eman, hau da, denak geldirik jarraitzen du, nahiz eta irekialdi batzuk izan diren, beranduegi iritsiak dira nire ustez. Denbora asko igaroko da irekitze horien emaitzak ikusi arte.
Baduzu etorkizuneko sozialismo batekiko federik beste gidari batzuekin? Edo aldaketa politikoaren garaia dela uste duzu?
Nik uste dut iraultzek ismo-etan pentsatzeari utzi behar diotela eta soilik iraultzetan pentsatu, besterik gabe. Ismo-ek politikara eramaten dute beti, eta politika guztiz galgarria da iraultzarentzat, kontzesio asko egiten dituelako. Ustelkeriara eramaten du, gaiztotu eta doilortu egiten da. Eta berriro esango dizut lehen esan dizudana: egin behar dena iraultza da.
Hugo Chavez hil da, Kubak Hego Amerikan zuen aliaturik handiena. Zer iritzi duzu hari buruz?
Gizon eskuzabal eta zintzoa izan dela uste dut, eta Amerikako herrialde askok igarriko dutela haren falta, ez zuelako soilik politikari begira lan egin eta herrialde askori eskaini ziolako laguntza.
Bizitza osoa daramazu kantuak egiten. Ba al dago orain inola ere ezin kantatuko zenukeen kanturik?
Uste dut denak kantatu ahal izango nituzkeela. Haietako asko gogoratzen ditut, eta, batzuetan, oso aspaldikoa den bat entzunda, neure artean esaten dut: 'Egia da! Kantu hau!' Nire inspirazioaren eta nire lanaren ordaina dira guztiak. Denak jo ahal izango nituzke, bai horixe!
Zerk bultzatzen zaitu kantuak sortzen eta kantatzen jarraitzera?
Bizitzeak. Horrexek elikatzen du kantuak egiten jarraitzeko daukadan gogoa. Beste jende guztia bezala, pentsatzen dut; bakoitza bere arloan, bakoitza bere lanean.
Zer da zuretzat trobadorea izatea?
Gertakari bat, sentimendu bat, ideia bat edo edozein zirrara txiki transmititzeko, kontzientziarekin eta gogoarekin kantatzea. Trobadoreari bere garaiaren kronikagilea izatea dagokio.
Zer egoeratan dago musika Kuban gaur egun? Sortzen ari dira trobadore berriak?
Kubak historia eta tradizio musikal handia du, eta etenik gabe sortzen dira musikari bikainak. Niri pena ematen dit, hala ere, Kubako musikako hainbat genero aberatsek behar adinako indarrez ez iraun izanak: danzona, changuia, conga, guagancoa, guajira, eta baita Kubako sona bera ere…
Pablo Milanes. Kantaria
«Trobadoreari bere garaiaren kronikagilea izatea dagokio»
Udazkenean kaleratuko duen diskoko kantuetako batzuk eskainiko ditu gaur, bere beste kantu batzuekin batera, Viktoria Eugenia antzokiko emanaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu