Bulegoan, ordenagailuaren ezkerreko aldean, portzelanazko igel bat dauka, lagun batek eskainia 1962an Jon Mirande idazlearekin (1925-1972) muntatu Igela aldizkaria gogoan. Eta hurbil, Miranderen argazkia, irudi ezagunena dena, koadro ttipi batean jarria dauka. Biak hari so dira, idazlea ordenagailuan idazten ari denean. Parean, ehunka liburu ditu; tartean, Miranderi buruz idatziak izan diren hogeitik pasa.
Eta orain, bat gehiago. Jon Mirande, olerkaria (Jon Mirande poète parisien) (Euskaltzaindia) liburua argitaratu berri baitu Txomin Peillen Karrikaburu idazle eta euskaltzainak (Paris, 1932). Bihar goizean aurkeztuko du Maulen, Euskaltzaindiak Miranderi antolatu omenaldiaren karietara, Herriko Etxean.
Liburuaren berezitasun nagusia frantsesera egin itzulpenetan dago Peillenen begietan. Testu guztiak, Miranderen olerki andana bat barne, tartean bere lehen poematzat jotzen den 1947ko Soneto, euskarazko bertsioen ondoan frantsesez jarri ditu. 2004an hasi du lana eta ukan duela lan aitortu du, baina egin beharrekoa izan da, bere ustez. «Frantsesaren bidez, beharbada, beste hizkuntzetara pasatuko da Mirande», espero du Txomin Peillenek. Gaurko egunean espainolez badago Mirande. «Baina ez da itzulpena, adaptazioa da. Mirandek mintzaira trinkoa du, eta perpaus apainduak egiten ditu itzultzaileak. Eta sartu du bertso bat ez dena Miranderena».
Peillenen liburu berri horren beste jomuga Miranderen familia bera du. Ez baitakite euskaraz. Ilobek eskatu zioten lan hau, osabaren obra hobeki ezagutzeko. Eta ilobek hain zuzen, senideen ikuspegitik, Jon Miranderen biografia bat idatzi dute, Peillenek liburuan sartu duena eta baita euskaratu ere. Eta horretan berean aitortzen dute ez zutela Miranderen obraren heinaren berri.
Familiarren begietatik
Itzulpenaz gain, liburuaren beste berezitasuna, menturaz, Miranderen alde intimo hori izan daiteke. Adibidez, ilobek beren testuan azaltzen dute nola egun batez diru kartela galdu zuen Mirandek. Ezezagun batek atzeman, eta Angelie familiari helarazi zien. Senideak Miranderen etxera joan ziren kartela itzultzera. «Depresio bizian aurkitu zuten, whiski botilen artean biluzik; leihoko balaustradatik soka bat zintzilik urka bilurra eginik. Guardiako medikuak, judua zenak, harriduraz nazi liburuak eta hebreerazko franko, baita hiztegi eta gramatikakoak ere, ikusi zituen. Gure sendagileak idazlearekin angelietarrek ulertzen ez zuten hebreeraz hitz egiten zuen». Erietxetik ateratzean medikuari opari bat egin zion Mirandek, «baina sendagileak ez zion zoritxarrez bere liburutegiak zerion arrazismoa sendatu», damutzen dira ilobak.
Iloben testuaz gain, Peillenek ere hurbiletik ezagutu adiskideaz du idazten. Elkarrekin eraman Igela aldizkari heterodoxotik haratago, liburuan gogoratzen duenez, eta ahoz berresten duenez, gorabeherekin baina hogei urteko adiskidantza bat josi zuten elkarrekin: «Baina ez nintzen gai izan salbatzeko, burua gal ez zezan. Saiatu naiz, baina pentsatzen dut nehork ez zuela salbatzen ahal». Mirandez hitz egiten ari delarik, hori sentitzen da nonbait. Eri zela zehazten badu «maniako depresiboa» zela gogoratuz, Soneto poeman jada suizidioa goraipatzen zuela; halere, zor bat balu bezala aipatzen du idazlea, dakien guztia azaldu nahian, Mirandez daukan ikuspegia zabaldu nahian.
Zenbait kontu garbitzeko ere baliatzen du idatzia, Miranderen poesiaz. Izan ere, hurbileko lekukotasun horietaz gain, Miranderen obra poetikoaren irakurketa eskaintzen du Peillenek. «Miranderen metrika Ipar Europako eta apur bat zuberotar tradiziokoa da (barne errima, asonantzia), baina ez du beti klasizismoari uko egin», esplikatzen du liburuan Peillenek. Eta ahoz ere, Mirande paristar eta frantses idazlea dela diotenen aurka bere ezadostasuna berresten du, asonantziak ez dizkiela Verlaine edo Baudelaire-ri hartu: «Asonantziak, Zuberoan, ez da besterik. Berak erraten du ingelesez poesia modelo bat dela hizkuntzagatik eta horrelako aliterazioak erabiltzen dituelako».
Miranderen adiskide mina izan zen Andima Ibiñagabeitiak (1906-1967) Miranderi Radio Euzkadin egin elkarrizketa ere, Euzko Deya-n argitaratu zena, liburura ekartzen du Peillenek. Bada Mirandek idatzi Euskaltasun erromantiko baten alde testua ere, 1959an Irrintzi-n argitaratua, Caracasen.
Bazterrak oro hausten
Guztia elkarturik, betikoa da baieztatzen argitalpen berriarekin: «Modernismoa hasi da Miranderekin. Ez da den baino gorago jarri behar, ez da den baino apalago ezarri behar. Baina Mirande lehenbiziko modernoa da euskal literaturan. Lehenbiziko aldiz lesbianak aipatzen ditu, miresten ditu. Berak erraten du atsegin hartu duela Pigallen. Lehenbiziko aldiz aipatzen dira kondenatu gabe. Mozkorrak, eta denak, sartzen dira euskal literaturan. Debekatua zen erotika euskal literaturan. Etxepareren bertso bat badago erotikaz. Oihenartena ez da egiazko erotika. Eta apezak hor ziren beti. Sekulako zentsuran bizitu da Euskal Herria. Apezek dena kontrolatzen zuten. Eta mundu horretan, Mirande heltzen da eta bazterrak oro hausten ditu. Eskandalua egiten du. Lafitteren kontra, Chabagnonen kontra, Mokoroaren kontra».
Baina zentsura guztien gainetik, azkenean, lanak publikatu dira, eta Mirandek ezagupen bat lortu izanaz poztu da Peillen, Arestik errana eta idatzia gogoan: «Ez banu Miranderen obra ezagutu ez nuen sekulan euskaraz idatziko».
Txomin Peillen. Idazlea
«Ezin izan nuen Jon Mirande salbatu, burua gal ez zezan»
Jon Miranderekin bizi 20 urteko adiskidantzaren haritik, Miranderen obra poetikoa frantsesera itzuli eta haren analisia argitaratu berri du euskaltzainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu