Lekuak eta lekukoak (IV). Axular, Urdazubiko sortetxea eta Sarako eliza

Hotsik gabeko txirrina

Hutsik dago aspaldian, Urdazubin, Pedro Agerre 'Axular' idazlearen sortetxea, eta ateko armiarma sareak dira horren froga. Hala ere, bide bazterreko etxe huts hori da euskal literaturaren sorburu nagusietariko bat.

Inigo Astiz
Urdazubi-Sara
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Egin dei nahi bestetan; inork ez du aterik irekiko. Armiarma sare sendo batek lotzen du aldaba atera, eta txirrinak ez du hotsik. Isilik dago dena, bare. Ez dira urte asko etxea berritu zutenetik, eta oraindikeder dago kanpotik; hormak zuri, leihoak gorri. Irekita daude batzuk, baina ez, aspaldi da Urdazubin (Nafarroa) Axular izeneko etxean inor bizi ez dela. Hemen jaio zen, 1556an, Pedro Agerre Azpilikueta idazlea. Etxe honek eman zion sinadura: Axular. Eta atari gainean, harrizko plaka xume batek adierazten du eraikinaren garrantzia: «Axular euskal idazle nagusiaren sortetxea». Hemen du jatorria euskal literaturak, neurri batean behintzat. Herrirako bide bazterreko etxe huts honetan. Hemendik ikusten dena da Axular gazteak ikusten zuena.

Mendiz inguratuta, eguzkipean, eder da herria. Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak, eta turisten autoak bidean ardi artean pasatzen. Bertan du Donejakue bidea Urdazubik, eta amu ona da bisitarientzat. Herriaren bizkarrezurra izan zen garai batean, eta bidearen arrimuan sortutako monasterioarena zen herri osoa lehen. Horrela ezagutu zuen Axularrek. Kontrarreforma katolikoaren garai estuak ziren. Inkisizioarenak. Turismoaz bizi da orain erromesen saihetsetik sortutako herria, eta horregatik daude kaleetan hainbeste seinale. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez, seinaleak alde guztietan eta alde guztietarantz. Badu berea Axularren etxeak ere. Xumea baina deigarria. Kontrasteagatik da. Tximiniatik kea darion etxe baten silueta ageri du kartelak, baina urteak dira eraikin horretatik kerik atera ez dela.

Mugarritzat jotzen den liburua

Ordea, etxe abandonatu horren irudiak ez du balio Axularrek duen itzala azaltzeko. Izan ere, etxe horretatik pasatzen dira euskal literaturari buruzko liburu guztiak. Mugarria da urdazubiarrak hil baino urtebete lehenago idatzitako liburua, Gero. Debozio liburu bat funtsean, baina baita «hizkuntzari gorazarre egiten dion monumentua» ere, Luis Villasanteren ustez.Funtsezkotzat zeukan, 1976an idatzi zuenez. «Hizkuntza landu denetan egon dira obra buruzagi batzuk, hizkuntza horietan goia jo dutenak, gorengo maila erdietsi dutenak. Ohorez inguratuak egon ohi dira. Eta hizkuntza horietako semeek liburu hauek hartzen dituzte errepide bezala, bai mintzaira hura bere sustraitik ikasteko eta bai herriaren on eta arnasaz jabetzeko ere».

Hizlari aparta ere bazen Axular. Sona handia lortu zuen Donibane Lohizunen predikuan eman zituen urteetan, eta haren idatzietan ere nabarmena da ahozkotasunarekiko arreta. Patxi Salaberriak urteak eman ditu Gero ikertzen eta bi antologia ere argitaratu ditu han bildutakoekin. Testuak ahoz gora irakurtzeko gomendioa egiten du haietariko batean. «Ez dizut esango zergatik, baina atseginago egingo zaizu!». Testu puska hau horren adibide: «[Jainkoak] Guztiak dakuski, guztiak dakizki eta guztiak berak bere eskuz, bere ordenamenduaren arauaz, behar bezala kidatzeintu. Hain xehero, bat banaka, beregainki, eta bereziki daki Iainkoak gauza guztien berri, non gure buruko illeak ere, kontatuak baitadutza eta ezpaitzaiku batere haren iakin gabe galtzen eta ez erortzen».

Salaberriaren hitzetan, ordea, Axularrek kontatzen dituenak ez dira zinez Axularrenak. Liburua bere izan arren, beste testuetatik hartutakoak dira idatzi zituen gehienak. Kopiatutakoak, alegia. Baina orijinaltasunarena Axularren ondorengo garaietan heldutako exijentzia bat izan zen. Defentsa moduko bat ere egiten du, gainera, egileak hitzaurrean. «Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe. Zeren are bere herrikoen artean ere ezpitakite batzuek, nola eskiriba, eta ez nola irakur./ Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzesez, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak». Baina bada zerbait erabat Axularrena dena. Salaberrik dioenez: «historiatxo horiek euskal alorrera iragaitean jaso duten gatzaren aitatasuna».

Donibane Lohizuneko predikari eta Sarako idazle eskolako kide izan aurretik eta Gero liburua idatzi aurretik, mutiko bat izan zen Axular Urdazubin. «Aberatsa hain biluzgorri sortu zen nola probea». Hala idatzi zuen berak, baina ez da guztiz egia. Izan ere, familia aberats samarrekoa zen bera, eta horregatik joan ahal izan zen Salamancara (Espainia), Teologia eta Filosofia ikastera. Baina hasi, Urdazubiko monasterioan hasi zituen ikasketak. Herriko plazan dagoen eliza eta haren inguruetan.

Elizako pitzadurak

Konpontze lanetan dabiltza orain langileak, eta gosaltzen ari dira haietariko batzuk. «Oso utzita dago aspalditik eliza», aitortu du batek. «Lehenago hasi behar ziratekeen zaharberritze lanetan, baina...». Axularren hitzetan mintzo da, kasik. Izan ere, eraikinean agerikoa da zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak. Hondatu samar daude hormak, eta pitzadurak ere badaude. Baina hemen jaso zuen bataioa eta jaunartzea Axular haurrak, eta hemen egin zituen lehen erlijio ikasketak Axular gazteak. Hemen bai, baina ez eliza honetan. Egungoa baino meheagoa zen hark ezagututakoa, eta egurrezkoa, harrizkoa izan beharrean.

Eliza ondoan dagoen museoan azaltzen dute monasterioaren eta herriaren iragana. Areago: Axularrek berak egiten die ongietorria bisitariei. Apaiz burusoil bat da idazlea museo sarreran ikus daitekeen ikus-entzunezkoan, eta bare eta atsegin mintzo zaio sarrerako bi euroak ordaintzen dituen edozeini. «Liburua idatzi nuenetik ehunka urte pasa dira, baina oraindik irakatsi egiten duteikastetxeetan». Azalpena bukatu eta berriz hasten da bi minutu inguruko bideoa. Behin eta berriz, etengabe. Beti irribarretsu, beti atsegin. Aurretik pasatzen ari zaion XXI. mendearekiko ulerbera edo.

Euskararen ertz guztiak ezagutzen zituen Axularrek, eta Lapurtera klasikoa hautatu zuen bere sorkuntza lanerako. Euskara batuaren aurreko euskara batu moduko bat da harena. Gero liburuko Irakurtzailleari izeneko hitzaurrean ere ageri da kezka hori. «Batak erraiten du behatzea, eta bertzeak so egitea. Batak aserretzea, bertzeak samurtzea. [...] Finean bat bederak, bere gisara, anzura eta moldera. Eztituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko mintzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferent». Egia hori estilo literario bilakatu zuen berak.

«Zeren erresumak baitituzte diferent». Baina esaldi horretan ageri den egia, ez zen soilik arazo linguistikoa. Bere larruan ezagutu zuen Axularrek hitz horien benetakotasuna. Donibane Lohizune utzi eta Sarara erretore joatean (Lapurdi), zehazki. 1600. urtean. Salaketa jarri zion Juan Harostegi izeneko apaizak urdazubiarrari. Axular ez zela frantsesa zioen Harostegik, eta, beraz, ezin zela Sarako erretore izan. Enrike IV.arengana jo zuen orduan Axularrek, Frantziako eta Nafarroako errege zenarengana. Ez zen denbora asko Gaztelak Nafarroako Erresumaren Ekialdea konkistatu zuela, eta gogoan zuen hori Enrike IV.ak. Frantses egin beharrik gabe eman zion horregatik erregeak Saran erretore izateko eskubidea Axularri. Idatziz utzi zuenez, nafarrek Frantzian frantsesek zituzten eskubide berak zituztelako.

43 urte eman zituen Axularrek Saran. Han bilakatu zen Axular idazlea Urdazubiko Axular etxean jaiotako mutila. 43 urte eman zituen bertan, harik eta hil zen arte, 1944ra arte. Kanpandorrean dator abisua, erlojuko orratzen pean: «Oren guztiek dute giona kolpatzen, azkenekoa du obirat egortzen». Eta eguzki erlojuaren pean dago Axularri eskainitako plaka bat. «Sarako erretor Pedro Axular eliza honen berritzaile, Guero liburuaren egile 1643an». Barrualdean egurrezko egitura ederra. Gerizpea. Axularri eskainitako beste plaka bat ere bai: «Euskaldun iskribatzalletatik iztun ederrenari, ni Luis Luziano Bonaparte euskarazaleak au ipiñi nion. Ez dago atsedenik ta edoi gabe egunik zeruetan baizik». Eta turistak alde batetik bestera garai bateko hilarrien gainean oinez. Erdi ezabatuta daude izen gehienak, zapalduaren zapalduaz. Axularrenik ez da ageri, baina Axularrena da gune hau ere. Hemen zapaltzen dena da Axular zaharrak zapaldu zuena.

Bihar: Maurizia Aldeiturriaga eta Arteagako Elexabeitia auzoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.