Nekea eta mina. Emakume askoren kexak dira, eta lehen harrerako osasun zerbitzuetan kontsulta gehien eragiten duten sintomak. Andre asko leher eginda egoten dira euren bizitzako hainbat unetan, eguneroko jarduerak burutu ezinda, baina akidura hori azaltzeko, zama sozialetara ez ezik, faktore biologikoetara ere jo behar da, burdina gabeziak eta anemiak eragiten baitute gehienetan nekea. Emakumeei gehien eragiten dieten osasun arazoak, ordea, ezkutuan eta ikertu gabe egon direla salatu du Carme Valls-Llobetek, Barne Medikuntzan eta Endokrinologian adituak: «Andreek mezu bat jaso dute: 'Emakumeak beti zaudete nekatuta, eta normala da neke hori'. Baina ohikoa izateak ez du esan nahi normala denik».
«%75era hel daiteke ferropenia edo burdina maila baxua duten andreen kopurua», azaldu du. Batik bat hilero odola isurtzeak eragiten du burdina galtzea nerabezarotik aurrera, baina sudurretik edo hesteetatik odola egiteak ere sor dezakete gabezia hori, baita hesteen xurgaketa arazoek ere. Ondorioak sistema osoan nabaritzen dira, gorputzeko ehun eta organo guztietan: «Zelulen gasolina da burdina, eta gorputz osora heltzen ez bada, energia falta zaie. Neuronek ere izaten dituzte arazoak memoriarekin eta kontzentrazio gaitasunarekin, eta nerbio sistema zentralean antsietatea eragiten du burdina gutxi edukitzeak. Pentsa zein sufrimendu eragiten duen antsietatea eta nekea uztartzeak: andreak goizegi esnatzen dira, hersturaz, gauza asko egin nahian, baina ezin dute, indarrik ez daukatelako».
Anemia da ferropeniaren ondorio ohikoenetako bat —globulu gorri txikiegiak—, eta hori ere emakumeengan gertatzen da batik bat. Garatutako herrialdeetan egindako azterlanek diote 15 eta 49 urte bitarteko andreen %11k dutela anemia, eta haurdun daudenen %15ek. Sendabidea, halere, ez da zaila, Vallsen esanetan. Batetik, burdina orekatu behar da, oro har, sulfato ferrosoa hartuz, elikaduraren bidez ez baita nahikoa izaten: «Gorputzak ez du ia xurgatzen barazki eta lekaleetako burdina. Hobe da haragia jatea, baina noretzat izaten da xerrarik handiena?».
Bestetik, hilekoa zaindu beharra nabarmendu du, odol gehiegi botatzen dutenen kasuetan. «Zikloa ahalik eta erregularren izan dadin saiatu behar da, 26 eta 32 egun artekoa. Odol ateratzeak lau egun inguru iraun behar du: galera handiko bat, eta galera txikiagoko bizpahiru». Odolbildurik, aurretiazko sindromerik eta minik gabeko hilekoa jo du egokitzat. Mina, hain zuzen, «abisu biologikoa» dela ohartarazi du, «zerbait oker dabilela adierazten digulako».
Baina arazoak zuzentzerakoan, menstruazioa «tabu» izatea oztopo bihurtu da, «hilekoaren nahasmenduak ezin saihestuzkoak direla barneratu delako». Estres fisiko zein mentalak, txanda edo ordutegi aldaketek, burdina gordetzeko zailtasunek, pisu asko galtzeak edota tiroidearen alterazioek eragin ditzakete hilekoaren nahasmenduok. Endokrinologoak ondo identifikatuta dauzka: «Hamar edo hamabi kausa daude, familiako medikuak kontrola ditzakeenak».
Hala ere, ez burdina gabezia ez anemia ez dira behar bezala diagnostikatzen eta tratatzen. Zergatik, konponbidea erraza baldin bada? Beste galdera batekin erantzun du Vallsek: «Emakumeengan, nekea eragiten duten gaixotasunak dira ohikoenak; gizonengan ohikoenak horiek balira, ez al lituzkete ondo diagnostikatuko?». Berretsi du andrazkoen prozesu biologikoak, sintomak eta patologiak ikusezin egon direla gizonen eritasunetan oinarritutako medikuntzan, eta, gainera, garrantzi gutxiago eman zaiela. Horren seinale, datu bat: 2000. urtera arte normaltzat hartu zen ferropenia.
Fibromialgiarekin nahastuta
Diagnostiko okerrek, ordea, beste ondorio larri bat daukate emakumeengan: medikalizazioa. «Arazo psikologikoei egozten dizkiete nekea eta mina, andreen buru osasunari. Beraz, depresioaren aurkako botikak emanez, kontrolatuta dauzkate, isilik, baretuta, baina minez». Hainbatetan, gainera, osagileek esan izan diete ez dutela ezer; «baina, orduan, zergatik eman dizkiete psikofarmakoak?». Erien «biktimizazioa» sustatu dela ondorioztatu du: «Gaixo egon ordez gaixoak direla barneratzen dute».
Beste hainbatetan, berriz, fibromialgiarekin nahastu da andreen mina eta nekea. Sintomak antzekoak dira, baina medikuek ez dakite fibromialgia zerk eragiten duen; ez dauka tratamendurik, baina oinazea arintzeko psikofarmako eta analgesiko gogorrak ematen dizkiete, baita morfina ere. Vallsek uste du diagnostiko horretaz «abusatu» egin dutela sendagileek: «Pazienteen mina benetakoa da, baina fibromialgiak eraginda dela esateko joera dago, minaren azpian zer dagoen aztertu gabe». Hain justu, Kataluniako CAPS osasuna ikertzeko taldearen barruan ari da Valls bera fibromialgia diagnostikatutako 200 andreren kasuak aztertzen: «Batzuek burdina gutxi zeukaten; beste batzuek, arazoak tiroidean; besteei, D bitamina eta kaltzioa falta zitzaien... eta depresioaren aurkako botikak hartzen ari ziren, baina oinarrizko arazoetarako tratamendurik ez. Horiek artatuta, %75en mina hobera egiten ari da».
Oinazea ikertzea «lehentasunezkotzat» jo du endokrinologoak, eta nabarmendu du morbilitate diferentziala garatzea ezinbestekoa dela horretarako, hau da, «emakumeen diagnostikoak egitean kontuan hartu beharreko patologiak eta arrisku faktoreak» lantzea. Eta hilekoak eragiten dituen gabeziak eta nahasmenduak ez dira bakarrak. Eritasun autoimmuneak, esaterako, gizonengan baino ohikoagoak dira andreengan, eta, gainera, kutsaduraren ondorioz areagotzen ari dira: «Egungo ingurumena emakumeen osasunaren aurka doa. Airean, uretan eta janarian dauden hainbat substantziek estrogenoen egitekoa imitatzen dute, eta gaixotasun askoren haztegi bihurtzen dira».
Kutsaduraren eragina handiagoa da andreengan, gorputzeko gantzak gai kimikoak metatzen dituelako. Besteak beste, halakoak antzematen ditu morbilitate diferentzialak, eta, horregatik, emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko giltzarrietako bat dela uste du Vallsek. Izan ere, mina da bizitzako jarduera nagusia mugatzeko lehen arrazoia, eta laguntza medikoa bilatzen dutenen erdiei eragiten die. Egonezinaren marra oso lausoa irudikatu izan du Mari Luz Esteban EHUko antropologoak, pasarte honetan: «Emakume askorentzat, eguneroko egitekoak gauzatzeko indarra daukatela edo ez daukatela sentitzean datza sasoi onaren eta eritasunaren arteko aldea».
Bihar: Sexu eta ugalketa osasunaren medikalizazioa.
Osasuna eta generoa (II). Morbilitate diferentziala
Indarrik gabe
Burdina gabezia eta anemia dira emakumeen nekearen eragile nagusiak, baina sarritan, arazoaren jatorri biologikoa tratatu ordez, buru osasunari egozten zaizkio sintomak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu