Askotan «ikusezina» izan arren, nerabeen bikoteek indarkeria matxista «normalizatzen» dute, eta beren harremanetan rol matxistak errepikatzen dituzte, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez. Neska gazteek harreman afektiboetan jasaten duten indarkeriaren berri jaso du erakundeak Ez da maitasuna izeneko txostenean, eta atzo emaitzak aurkeztu zituen. Gaiaren bueltan egin diren ikerketak, politikak eta datuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du nesken aurkako bortizkeria ezkutuan dagoela, eta azaleratu egin behar dela.
Espainiako Berdintasun Ministerioak 2019an egindako inkesta batetik abiatuta, Save the Childrenek arazoaren tamaina islatzen duten zenbait datu jarri ditu mahai gainean: 16-17 urte bitarteko nesken %24,9k indarkeria psikologikoa edota kontrol indarkeria nozitu dute beren bikotekideen edo bikotekide ohien partetik; %16,7k bortizkeria emozionala jasan dute; %6,5ek sexu indarkeria, eta %6,2k indarkeria fisikoa. Emakundek gaiaren bueltan landutako azken txostenean ere berresten da 14 eta 17 urte bitarteko hiru neskatik batek indarkeria matxista jasan duela.
Save the Childreneko kide Catalina Perazzok ohartarazi du neska nerabeek oztopoak aurkitzen dituztela arreta integraleko zerbitzuetara jotzeko. Egoera bideratzeko «haurtzaroaren eta generoaren ikuspegia bateratzeko» eskatu du. Izan ere, nerabeen aurkako indarkeriak eta genero indarkeriak bat egiten dute, eta arazoa «ikuspegi integratzaile» batetik landu ezean, proposatzen diren irtenbideak «partzialak» izango dira. «Paradigma hori» aldatu beharra nabarmendu du.
Neska «ikusezinak»
Erakundeak ondorioztatu du neska adingabeak «ikusezin» bihurtzen direla: indarkeria matxistaren aurkako kanpaina eta baliabideetan «fokutik kanpo» geratzen dira, baina baita haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren kontrako kanpainetatik kanpo ere. Hortaz, azterketetan neska nerabeak berariaz kontuan hartzeko eskatu dute.
Neska nerabeek jasandako indarkeria matxista azaleratzeko eskatu dute
Save the Childrenek premiazkotzat jo du «genero eta haurtzaro ikuspegiak uztartzea». Hiru neska nerabetik batek indarkeria nozitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu