Nafarroan, mugatuagoa

Nafarroan 2019tik dago araututa etxe eskubide subjektiboa. Emanzipa eta David programen bidez, merkatu libreko etxe baten alokairuaren prezioaren erdia ordaintzen diete eskatzaileei.

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Etxe eskubide subjektiboa arautua dute Nafarroan, 2019. urtearen hasieratik. Gizarteko sektore zaurgarrienei eta gazteei etxe eskubidea bermatzeko helburua duten bi programaren bidez gauzatzen dute. Eskubidea aitortzen dietenei ez diete alokairu sozialeko etxe babesturik ematen, baizik eta diru laguntza bat, merkatu libreko etxe baten alokairua ordaintzen laguntzeko.

Ana Bretañak, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendariak, nabarmendu du 2019a baino lehen ere alokairua ordaintzeko laguntzak ematen zituztela Nafarroan, eta hori hedatzeko arautu dutela etxe eskubide subjektiboa: «Alokairu sozialeko etxe bat ematen zaie, eta, haien errentaren arabera, alokairuaren prezioan %25eko, %50eko edo %75eko deskontua egiten die administrazioak. Laguntza hori jasotzeko, Etxebizitza Sailean etxeak behar ditugu. 5.000 etxe inguru ditugu alokairu sozialeko erregimenean, eta ez gara gai eskari guztiak asetzeko. Horregatik, etxe eskubide subjektiboa araututa, bi programa berri abiarazi ditugu». David eta Emanzipa dira programa horiek.

«Gazte askok ez zituzten laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen». Horregatik sortu zuten Emanzipa programa, Bretañaren esanetan. 23 eta 32 urte arteko pertsonei merkatu libreko etxe baten alokairua ordaintzen laguntzeko programa bat da. Babes hori jasotzeko, gutxienez 3.000 euroren sarrerak izan behar ditu eskatzaileak, eta, gehienez, 20.000 eurorenak. Gainera, alokairuaren prezioak 675 euro izan behar du gehienez.

Alokairuaren prezioaren erdia ordaintzen die Nafarroako Gobernuak Emanzipa programakoei —gehienez, 250 euro—, eta urtero berrikusten dute ea onuradunek baldintzak betetzen segitzen duten. 12.162 gaztek eskatu dute Emanzipa programaren bidez etxe eskubide subjektiboa aitortzeko, eta 3.010 laguni onartu diete 2019. urtearen hasieratik aurtengo uztailera arte.

Beste programa David da: etxe duin eta egoki batean bizitzeko ahalmenik ez duten gizarteko sektore zaurgarrienei merkatu libreko alokairua ordaintzen laguntzea du helburu. Programan izena emateko baldintzak dira gutxienez 3.000 euroren diru sarrerak izatea, eta, gehienez, 16.000 euro ingururenak —urtez urte gehienezko kopurua egokitzen dute—. Alokairuaren prezioak ezingo ditu 675 euroak gainditu.

«Daviden kasuan, esaten digute zaila dela prezio horretako etxeak aurkitzea, baina ez dugu bultzatu nahi prezio igoera bat: laguntzak handitu ahala, jabeek ere alokairuen prezioak igotzen baitituzte. Horregatik, zuhurrak izan behar dugu», esplikatu du Bretañak. Alokairuaren erdia ordaintzen die gobernuak Davideko parte hartzaileei; gehienez, 300 euro. Denbora aldetik ez du mugarik, baina urtero berrikusten dituzte baldintzak. 5.078 lagunek eman dute izena martxan jarri zutenetik, eta 2.264 laguni baino ez diete aitortu etxe eskubide subjektiboa, programa horren bidez. Orain, alokairuko etxe babestuen parkea handitzea da «erronka nagusia», Bretañaren ustez.

Bihar: Etxegabetzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.