Sahararen aldeko izarrez beteko da Donostia. Saharari kantari diskoa aurkeztu zuten duela aste gutxi. Izar polisariar bat kanta zegoen grabaturikoen artean. Bakarrarekin nahikoa ez, eta, orain, izarrez beteko dute Donostiako Kursaal auditoriumeko kubo handia, bihar, 20:00etan. «Diskoaren kontzertu bakarra eta ahaztezina izango da», adierazi du Kristina Berasain kazetari eta emanaldiaren bultzatzaileak. «Sahararrak gerran daudela ez da ahaztu behar», gogoratu du. «Euskal Herritik beti egon da konpromiso handia Sahararekin, baina orain arte inoiz ez da egin halakorik».
Diskoa grabatzen ari ziren musikarietako asko egongo dira oholtzaren gainean. Tartean izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Bea Asurmendi, Idoia Asurmendi, Jon Maia eta Iker Lauroba kantariak. Horiez gain, Postal Kolekzionistak eta Physis Versus Nomos taldeak arituko dira. Saharako hiru artistak emanaldi berezia egingo dute: Minatu Embarekek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik. Antolatzaileen arabera, «oso berezia» izango da Mendebaldeko Saharako hiru musikari horiek jaialdian parte hartzea. Euskal Herrian bizi dira hirurak.
Antolatzaileek iragarri dutenez, kontzertuan «une gogoangarriak» izango dira. Jon Maiak olerki-segidilla luze ezagun horietako bat eramango du oholtzara, kasu honetan Saharari eskainitakoa.
Gazari ere keinu bat egingo diote jaialdian. «Saharari eskainitako kontzertua bada ere», azaldu du Berasainek. Izan ere, Eñaut Elorrietak Gernika kantatuko du Gazaren omenez, shruti musika tresna lagun. Duela egun batzuk hala egin zuen Gernika-Lumon (Bizkaia) Palestinarekin elkartasunez egin zuten ekitaldian, baita Donostian egin zuten manifestazio jendetsuaren amaieran ere.
Bestetik, haurren abesbatza bat ariko da oholtza gainean, Saharako eta Euskal Herriko neska-mutikoz osatua. Izar polisariar bat kanta abestuko dute. Estrella Polisaria taldearen kanta bat da hori, mitikoa sahararrentzat, ereserki moduko bat. Talde horretako Mohamed Embarek musikariak parte hartuko du kontzertuan: kantaren jatorrizko bertsioa abestuko du.
Kontzerturako propio sortu dute musika banda bat. Horretan Antxon Sarasua arduratuko da teklatuez, Dani Venegas gitarrez, Joanes Ederra baxuez, Mikel Fagoaga bateriaz, eta Xabier Zeberio biolinaz. Sarasua da taldearen zuzendari musikala.
Laguntzeko aukera
«Kontzertu solidarioa izango da, kulturatik kulturara keinua egiteko» , Berasainek azaldu duenez. Bildutako dirua Saharako kultur ondarea babesteko erabiliko dute, Euskal Fondoaren eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetzaren esparruan.
Sarrerak 25 eta 30 euroan jarri dituzte salgai. Kursaalaren webgunean eros daitezke. Oraindik badaude sarrera batzuk.
Kontzertura joan gabe ere laguntzeko aukera eman dute, «zero ilara» baterako sarrerak eros baitaitezke.
BERRIA da emanaldiaren sostengatzaileetako bat, Euskal Fondoarekin, Donostiako Udaleko Donostia Kulturarekin, Elkarrekin eta Bakun itzulpengintza enpresarekin batean.
Liburu bat ere idatzi du Berasainek: «Kazetaritzak konpromisoa ere eskatzen du, eta ni sahararrekin nago kateatuta eta konprometituta». Sahara, herri bat erresistentzian liburua salgai dago BERRIA dendan. Berasainek kazetaritza kronika berezia egin du liburuan, historia handia istorio txikiekin harilkatuz. Elkarrizketatu dituen sahararrek gerraz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz hitz egiten dute. Argazki ederrez osatua da liburua. Eskaintza berezia egin du BERRIAk, liburua eta diskoa batera erosi nahi dituenarentzat.