Mezzosopranoa

Letizia Bergara: «Nire ahotsaren izena da ‘mezzosopranoa’»

Mezzosopranoa, musika irakaslea eta koru zuzendaria da Bergara. Kantu kontuez eta apurtu beharreko aurreiritziez dihardu. Jose Luis Ansorena Beka irabazi berri du, eta errezitala dauka gaur arratsean Errenterian.

LETIZIA BERGARA
Letizia Bergara mezzosopranoa. IDOIA ZABALETA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2023ko azaroaren 17a
17:31
Entzun

Kazetari bat elkarrizketatuaren bila, haren ahotsaren eta pianoaren doinuei segika. Irungo (Gipuzkoa) Ametsa abesbatzaren egoitzan da zita, eta Fernando Etxepare aretotik iristen dira notak. Letizia Bergara mezzosopranoa (Irun, 1982) gaur arratsaldeko kontzerturako ari da entseatzen. Amaia Zipitria pianistarekin batera ariko da, Errenteriako (Gipuzkoa) Andra Mari abesbatzaren egoitzan (18:30).

Mezzosopranoa irakurrita, norbaitek esperoko zuen emakume heldu eta sendo bat agertzea.

Litekeena da, baina niretzat mezzosopranoa nire ahotsaren izena da.

Definizioz: «Sopranoaren eta kontraltoaren arteko ahotsa duen emakumezkoa».

Hala da. Baina mezzosoprano izendapenak ahotsaren koloreari buruz ere hitz egiten du, norberaren errepertorioari buruz ere hitz egiten du. Norberaren ahotsa eroso sentitzen den toki hori da. Ni neu erdiko erregistro horretan eroso sentitzen naiz, nire ahotsa beroagoa delako.

Ezjakinentzat: Aida, Carmen... horiek mezzosopranoak dira?

Carmen da ziurrenik XIX. mendeko mezzosopranorik ezagunena. Musikeneko master amaierako nire lanean horri buruz ikertu nahi nuke, hain zuzen: garai ezberdinetan nola egon diren mezzosoprano ezberdinak. XIX. mendeko operetan, adibidez, nola klasifikatu izan diren soprano rolak-eta, nola lehen konpositoreak idazten zuen askotan aldamenean zeukan emakumearentzat.

Zuk gizonezkoen rolak ere interpretatu izan dituzu?

Bai. Pant rol deitzen zaio horri, galtzekin abesten diren operako rolak direlako. Errenteriako kontzertuan horietako bat abestuko dut: Parto arian, Sexto izeneko pertsonaia, gizonezkoa da, baina emakume batek abesten du.

Klasikoei buruzko sekulako ezagutza daukazue denok?

Bakoitza bere lanean daukan background hori da. Neurea, gainera, bidea berezi samarra izan da.

Berezia? Zer zentzutan?

Ametsa abesbatzan hasi nintzen kantuan, baina kontserbatorioan klarineteko goi mailako ikasketak egin nituen. Ametsa abesbatza zuzentzen hasi nintzen, haurren abesbatzarekin jarraitu nuen, eta iaz arte Donostiako Orfeoiaren haurren abesbatza zuzendu nuen.

Klarinetearen falta sumatzen duzu?

Ez! Klarinetearekin lanean jarraitzen dut Pasaiako musika eskolan.

Zer moduz bizi dira mezzosopranoak Euskal Herrian?

Musika irakaslea eta koru zuzendaria ere banaizenez, bizi naiz. Gehienbat, asko gustatzen zaidalako. Egia da mezzosoprano rol gutxiago daudela sopranoenak baino, baina asko ari gara lanean. Orain interpretatu dut hemen Irunen Verdiren opera bat: Otelo. Ansorena bekaren kontzertua daukat Errenterian, badauzkat kontzertu gehiago, baina hortik bakarrik bizitzeko, nik neuk, ez daukat aukerarik.

Badaukazu ordezkari bat? Nola kontratatzen zaituzte?

Maila ezberdinak daude. Kirolarien antzera: badaude ordezkariak dituzten goi mailako abeslariak, eta  ahal duten mailan jokatzen duten beste batzuk. Ni mugitzen naiz, saiatzen naiz neure burua aurkezten, beketarako izena ematen...

Oso mundu klasikoa da zuena? Klasikoegia? Edo aurreiritziz beteta begiratzen dio jendeak?

Musika klasikoaren esentzia manten daiteke, baina inguruko gauzak modernizatuz. Mozarten musika, Mahlerrena... klasikoa da, bere garaian idatzitakoa da, historia da, eta guk historia interpretatzen dugu: bere garaian nola interpretatzen zuten ikasi, estilo bakoitza ezagutu... hori dena klasikoa da, klasikoaren adiera guztiarekin. Baina XXI. mendean bizi gara, baditugu sareak, baditugu komunikabideak, eta baditugu gure lana erakusteko eta publikoarentzat erakargarri egiteko bestelako moduak. Gaur egun, hiru orduko opera bat ikusten duenak oso operazalea izan behar du. Baina sare sozialetan jendearen arreta 30 segundoan lortu behar dugu.

Nola?

Oso garrantzitsua da publikoarekin konektatzea, kontaktu hori lortzea eta zaintzea, azalpenak ematea, zer kantatu behar duzun esplikatzea. Guk obra bat ikastean jakin dugun guztia beraiei gerturatzea. Kontua ez baita artista oholtzara igo, kantatu, eta bere etxera joatea. Eta horretan egon izan da elitismo puntu bat: «Ni hemen nago, zuek hor».

Zuzendaria ere bazara. Harrobirik badago?

Ametsa abesbatzan eusten diogu harrobiari, baina asko kostatzen zaigu haurrak koruen mundura ekartzea. Probatzen dutenean, gehienak gelditu egiten dira. Gustatzen zaielako, korua musika ikasteko modurik ederrena delako haur batentzat. Donostiako Orfeoian ere alor horretan egiten nuen lana, baina orain erabaki dute harrobia kentzea, eta hori sekulako akatsa da, nire ustez. Euskaldunak kantatzen dugun herria bagara, harrobia zaindu egin behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.