Europako Parlamenturako hauteskundeak. Katalunia. Gonzalo Boye. Politikari katalan erbesteratuen defentsen koordinatzailea eta abokatua

«Zuzenbideaz soilik mintzo garenean, beti irabazten dugu»

Puigdemont parlamentari hautatzen badute immunitatea edukiko duela dio. Hainbat agertoki aurreikusi ditu, halere. Alemaniak iaz ebatzi zuena EBrentzat bide orri izan beharko lukeela uste du.

MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gonzalo Boyek (Viña del Mar, Txile, 1965) kartzelan igarozituen sei urteetan ikasi zuen zuzenbidea. 1996an hamabi urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, leporatuta ETAri lagundu ziola Emiliano Revilla enpresaria bahitzen. Egotzi ziotenarekin zerikusirik ez zuela izan nabarmendu du beti. Kataluniako prozesu subiranistaren harira erbesteratutakoen defentsen koordinatzailea da. Zenbait egunez Europako Legebiltzarrerako hautagaia ere izan zen, JxC Junts Per Catalunyarekin.

Hasieran Espainiako Hauteskunde Batzordeak debekatu ondoren, Auzitegi Gorenak berak bermatu ditu Carles Puigdemont, Antoni Comin eta Clara Ponsati erbesteratuen hautagaitzak Europako Parlamenturako hauteskundeetarako. Gorenak berak bermatuko zituela uste zenuen?

Guri, egiazki, berdin zitzaigun nork bermatzen zituen. Legea argi dago, eta ikusi da hau dena prebarikazio bat eta arbitrariotasun bat besterik ez zela. Hori bai, Gorena izanda, uste dut beharrezkoak ez ziren hainbat eztabaida saihestu ahal izan direla. Izan ere, ez dezagun ahaztu hautagaitzak debekatu zituztenean gauza funtsezko bat gertatu zela: zuzenbidean teknikariak diren tertuliakide mordoxka batek esan zuen hauteskunde batzordeak zuzen jokatu zuela. Tertuliakideak ez aditzeko ohitura dugu jada, ia denek Pablo Casadoren master bera egin baitute zuzenbidean.

Atera al duzu ondorio politikorik Gorenaren erabakitik?

Ez. Gorenaren erabakitik ateratzen dudan ondorioa da behartuta jokatu zutela zuzenbidearen arabera. Ez dezagun ahaztu areto horretako magistratuetako bik boto partikularra eman zutela hauteskunde batzordean. Eta hara non, boto partikular hori da guk Ciudadanosen eta PPren helegiteei jarri genien inpugnazioaren kopia bat ia-ia. Boto partikularrak esandakoa geuk ere esaten genuen aurretiko idazki batean. Zuzenbideaz soilik mintzo garenean, beti irabazten dugu; arrazoia baitaukagu.

Puigdemont hautetsi aukeratzen baldin badute, ziur zaude Europako legebiltzarkide akta hartu ahal izango duela?

Herritarrek aukeratzen badituzte, konbentzituta nago erbestean dauden hiru kontseilariak [Puigdemont, Comin eta Ponsati] europarlamentariak izango direla, ez dela inongo oztoporik egongo.Hau ere zuzenbide kontu bat da; kontua da kasu honetan zelai neutral batean jokatu behar dugula: Europan.

Immunitate parlamentarioa edukitzeko beharrezkoa da akta hartzea?

Diputatu aktaren hori probintziano samarra da. Egiazki, parlamentuko arautegiak beste zerbaitez hitz egiten du. Arautegiak dioenez, behin estatuek hauteskundeen emaitzak jakinarazten dituztenean, hautetsiek egin beharko dute bateraezintasunen deklarazio bat, ondasunena... zenbait konturena. Ezer gutxi gehiago.

Zure esanetan, immunitatea ematen da hautetsia aldarrikatzen denean. Baina duela hilabete inguru Europako Parlamentuko zerbitzu juridikoak auziaz ondu eta zenbait hedabideri filtratutako txosten baten arabera, horretarako «beharrezkoa izango da Madrilera joatea, fisikoki». Immunitateaz dio hori aplikatuko dela uztailaren 2an, legebiltzarra osatuko duten egunean

Zer jartzen du txosten horren idazpuruan? Nork igorri du? Izan ere, nik dudan kopian ez dut ikusten inongo instituzioren idazpururik; ez naiz horretarako gai.

Zer esan nahi duzu?

[Europako] Parlamentuko departamentu juridikoaren txosten guztiak erabilgarri daude batasuneko 28 hizkuntzetan, eta hau ingelesez soilik dago erabilgarri, eta ez dago inongo leku ofizial batean eskura.

Beraz?

Tajanik [Antonio, parlamentuko presidentea] azalduko du egunen batean. LOREGaren [Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoa, Espainiakoa] 224. artikuluak dioenez, aldarrikapenaren ondorengo bost egunetan karguaren zina egiten ez badu, parlamentari izateagatik zituen abantailak galduko ditu; eta eduki zezakeen bakarra immunitatea da. Parlamentuko arautegiak gauza bera dio. Edo jendeak pentsatzen du hori baino lehenago soldata bat kobratuko duela? LOREGaren 224.aren arabera, indargabetuko zatekeen abantaila bakarra immunitatea da. Immunitatea aldarrikatzeko orduan sortzen da; hori eztabaidaezina da.

Bozkatzaileek parlamentari aukeratzen badute, Puigdemont Kataluniara itzuli ahal izango dela uste duzu, hortaz?

Parlamentari aukeratzen badute, immunitatea lortuko du, eta jarraitu ahal izango du askatasunez, eta immunitate parlamentarioaren babesarekin, Kataluniako herriak agindu zion jardun politikoa garatzen.

Horrek esan nahi du bueltatu ahal izango dela?

Zalantzarik gabe. Egin kontu: Espainiako Estatuan izan ezik, bera aske da Europa osoan.

Beste gudu legal bat aurreikusten duzu, halere.

Beti aurreikusten ditugu gudu legalak, baina hau gudu legal absurdoa da, egiazki legea argi dagoelako. Kontua da banderaren koloreak argumentu juridiko bihurtzen dituela jende askok.

Zein instantziara jo beharko duzue kasu honetan? EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegira, Luxenburgora?

Hainbat agertoki dauzkagu aurreikusita. Ordua iristen denean ikusiko dugu zein karpeta ireki behar den.

Alemaniako eta Belgikako auzitegiek iaz erbesteratuez ebatzitakoak zein rol joka dezake Europako lehia legal horretan?

Batez ere Alemaniak ebatzi zuena ez da aurrekari bat, bide orri bat baizik Europako Batasuneko zuzenbidearentzat. Haiek ebatzi zuten gertakari hauek ez direla delitu Europako Batasunaren esparruan. Halere, gertakari horiengatik beraiengatik, egunero ari gara ikusten epaiketa esperpentiko bat Gorenean. Imajinatzen dut, horrenbestez, tokatzen bada, bai Europako Parlamentuak, bai batasuneko justizia auzitegiak, bai Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zuzenbidea aplikatzeko orduangehiago joko dutela Alemanian ebatzi zuten horretara, Gorenean baino.

Puigdemonten eta beste erbesteratuen aurkako beste euroagindu bat aurreikusten duzu.

Noski. Eta aurreikusten dut, egingarria da, begirunerik gabeko fiskalen batek kausaren bat asmatzea, Puigdemont ekarri ahal izateko baita Manoleteren heriotzarengatik ere.

Zein izango da epaia Gorenean buruzagi subiranisten aurka egiten ari diren epaiketan?

Ikusita zer ebatzi duten diputatu eta senatari hautetsien inguruan, uste dut ezin dela ezer onik espero.

Matxinadarako konspirazioagatik zigortuko dituztela espekulatzen da.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hauteskundeen eta ondorengo izendapenen araberakoa izango da epaia gogorra edo borondate onekoa.

Noiz egingo dituzte hauteskunde horiek?

Pentsatzen dut Espainiako Gobernua behin osatu eta gero egingo dituztela. Udaren ostean hasiko da prozesua.

Gorenak ebatzi du behin-behinean kartzelatuta dauden diputatu eta senatari hautetsiek kargua hartu ahal izango dutela Espainiako Gorteetan, datorren asteartean.

Ahalegindu dira erdibideko zerbait egiten, lardaskeria bat. Badakizu zergatik den lardaskeria bat? Nik irakurri nuen doktrina lan bikain bat, Manuel Marchena izeneko batena, fiskala zena, eta, hain justu, izen diferentea duen batek, Marchena Manuel izeneko batek, Gorenean herenegun idatzi duenaren kontrakoa dio.

Behin akta hartu eta gero, utziko diete bozkatzen, botoa delegatuz, adibidez? Edo kargua etengo diete, Katalunian bezala?

Gorenak egingo duenaren ideia argi bat edukitzea espekulazioaren terrenoan sartzea da erabat, aspalditik ez baita hau zuzenbidearen araberakoa.

Oriol Junquerasek (ERC) eta Cominek (JxC) bazuten Bartzelonako Hauteskunde Batzordearen baimena TV3ko debate batean parte hartzeko. Baina horretarako baimena ukatu zien Espainiako Hauteskunde Batzordeak.

Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakia oso larria da. Uste dut, gainera, neurri hori bera pairatu zuten alderdiek ere debatea utzi beharko zutela, koherentzia demokratikoagatik [Aleix Sarri JxCren hautagaiak debatetik alde egin zuen]. Errepresioa normalizatzea ez da berezkoa demokratengan, eta are gutxiagoa liderrak erbestean eta kartzelan dituztenengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.