Zuri ala beltz, galtzak bete lan

EBk eta NDFk 78.000 milioi euroko laguntzaren truke jarritako baldintza guztiak betetzea izango da gobernu talde berriaren lehentasuna. Uztaila bukatzerako, prest izan beharko du lan merkatuaren erreforma

2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuri ala beltz, Portugalgo gobernu berriaren koloreak inoiz baino garrantzi txikiagoa izango du datorren legealdian. Ezkerreko zein eskuineko, helburua bera da guztientzat, eta bidean hartu beharko dituzten neurrietako asko ere idatzita daude dagoeneko. Maniobretarako tarte gutxi geratuko zaie, beraz. 78.000 milioi euroko laguntzaren truke Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak jarritako baldintzak txukun-txukun betetzea, hori izango da lehen ministro berriaren zeregina, agindutako dirua bidean geratuko delako bestela.

Azken hilabeteak gogorrak izan dira Portugalentzat. Urtebetean gastu publikoa murrizteko hiru neurri sorta indarrean jarri ostean, martxoaren 23an Parlamentuak atzera bota zuen Jose Socrates lehen ministroak proposatutako laugarren murrizketa plana. Ordurako, estualdi larrian zegoen herrialdea, diru merkatuen konfiantza galdua zuelako, eta zorraren truke izugarrizko interes tasak eskatzen zizkiotelako. Izatekotan, laugarren plan hura zen Portugal erreskatetik libra zezakeen azken aukera. Baina oposizioak ezetz erabaki zuen.

Horrek, are okerrago utzi zuen herrialdea, noraezean eta gidaririk gabe, gobernuak dimisioa eman zuelako. Merkatuetan dirua lortzeko zirrikitu guztiak itxi zitzaizkion, ez zeukalako agintzerik inbertsiogileek eskatzen zioten %10eko interesa. Eta Bruselara jo behar izan zuen laguntza eske.

EBko eta NDFko ordezkariak berehala ziren Lisboan. Kontu publikoak aztertu zituzten, eta ekonomia onbideratzeko egitasmo bat hitzartu zuten, Portugalek inoiz bete behar izan duen planik gogorrena. Helburua: hiru urtean defizit publikoa barne produktu gordinaren %9,1en parekoa izatetik %3ren parera murriztea. Ondorioz, bi urtean atzeraldi gogorra jasan beharko du Portugalgo ekonomiak, %2 ingurukoa, gero hazten hasteko.

EBk eta NDFk 78.000 milioi euro agindu zizkioten, eta laguntzaren lehen zatia, 12.000 milioi eurokoa, segituan zen Lisboan, ekainean inbertsiogileekin dituen konpromisoak bete ahal izateko. Bigarren zatia, abuzturako agindu diote, baina jasoko badu, zenbait erreforma egin beharko ditu aurretik. Hain zuzen, erreforma horiek egitea izango da gobernu berriaren lehendabiziko lana eta lehentasun nagusia.

BNPrentzat erosle bila

Hauteskundeetako emaitzak edozein direla ere, ez dute gobernu aukera desberdinen inguruan hausnartzeko eta negoziatzeko denbora askorik izango. Aurreikuspenak betetzera, gobernu talde berriak uztailaren hasieran hartuko du boterea, eta hilabete baino gutxiagoan prest izan beharko ditu laguntzaren bigarren zatia jasotzeko agindutako neurriak.

Uztaila amaitzerako, nazionalizatutako BPN Banco Portugal de Negocios erosteko prest dagoen norbait topatu beharko du lehen ministro berriak, eta salerosketa operazioa zehatz-mehatz azaltzen duen txostena igorri beharko du Bruselara. Horrez gain, Portugalgo enpresa sarearen inguruko txosten zehatza prestatu beharko du, zer nolako kostuak dituen azalduz, eta murrizketak non egin daitezkeen proposatuz.

Baina, dudarik gabe, polemikarik handiena sortuko duena lan merkatuaren erreforma izango da. Kaleratzeetan hamar egunetik gorako kalte ordainik ez emateko agindu diote EBk eta NDFk Lisboari, kontratu motari garrantzirik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.