Kosovoko Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur. Aurtengo abenduan hamar urte beteko dira independentzia aldarrikatu osteko lehen bozak egin zituztenetik; 2008an banandu zen Kosovo Serbiatik, aldebakarreko erabakiz. Egungo lehen ministro Albin Kurtiren VV Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdi sozialdemokrata eta nazionalista da bozetan gailentzeko hautagai nagusia. Bozen kanpainan, oposizioak egonkortasun ekonomikoan jarri du arreta, baina Kosovok baditu beste zenbait erronka ere; hala nola, herrialdean bizi diren serbiarren egoera, Belgradekin duen harremana eta EB Europako Batasunean integratzeko prozesua.
Inkesten arabera, gehiengoa eskuratzetik gertu egongo da Kurtiren alderdia; botoen %47 eta %52 artean eskuratuko lituzke. Haren atzetik geratuko lirateke, hurrenez hurren, PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa —botoen %16 eta %19 artean— eta LDK Kosovoko Liga Demokratikoa —botoen %14 eta %17 artean—. Halere, bozen osteko aliantzak izango dira boterera nor iritsiko den erabakiko duten «gakoa», Brikenda Rexhepik (Pristina, 1976) posta elektronikoz azaldu duenez. Koha Ditore Kosovoko egunkari zaharreneko erredakzio burua da Rexhepi.
VVk Asanbleako ordezkarien gehiengoa lortzen ez badu, oposizioko alderdiek hauteskundeen ostean koalizioa osatuko dutela iruditzen zaio Rexhepiri. Kosovoko Asanblean 120 eserleku daude, eta horietatik 20 gutxiengo etnikoentzat gordeak dira: 10 serbiarrentzat, eta beste 10 gainerako etnientzat. Kosovoko alderdi albaniarren artean, beraz, ehun eserleku daude jokoan; horietatik, 55 eskuratu zituen VVk 2021eko bozetan. Eta gutxiengo etnikoen zortzi ordezkarirekin —besteak beste, turkiarrak, bosniakak eta erromaniak— osatu zuen gobernatzeko bide eman zion koalizioa.
Rexhepiren iritziz, Kosovok Belgradekin eta nazioarteko komunitatearekin duen harremana dira herrialdearen funtsezko bi erronka nagusiak. «Eskualdeko segurtasunari eta egonkortasunari eusteko funtsezko gaiak dira horiek». Horregatik, Mendebaldeko estatuek oposizioko alderdien koalizioa bultzatuko dutela irizten dio Rexhepik.
«[Kurtiren gobernuak] ahalegina egin du Kosovok nazioarteko komunitatearekin duen jarrera irmotzeko, eta, zenbaitetan, elkarlanean jarduten ez duen herrialde gisa hartu dute»
BRIKENDA REXHEPI'Koha Ditore' egunkariko erredakzio burua
VV alderdiak 2019an irabazi zituen bozak lehen aldiz; haien ostean lehen ministro izendatu zuten Kurti, baina lau hilabeteren ostean kargutik kendu zuten, zentsura mozio baten bidez. 2021ean berriz egin zituzten bozak, eta orduan are eta babes handiagoa lortu zuen VVk; hala, azken lau urteetan Kurti izan da Kosovoko lehen ministro. Denbora tarte horretan zenbait aldaketa izan direla azaldu du Koha Ditore-ko erredakzio buruak. Horien artean, nabarmendu du Kurtiren gobernuak «jarrera pasibo samarra» zuela lehen Serbiarekiko elkarrizketan, eta, orain, berriz «jokabide proaktiboagoa» duela.
Halere, haren ustez, nazioarteak Pristinarekiko duen ikuspegiak ez du hobera egin: «[Kurtiren gobernuak] ahalegina egin du Kosovok nazioarteko komunitatearekin duen jarrera irmotzeko, eta, zenbaitetan, elkarlanean jarduten ez duen herrialde gisa hartu dute». Horren erakusgarri, EB Europako Batasunak gaitzetsi egin du Pristinak urtarrilean hartutako erabakia: Serbiak babestutako zenbait bulego itxiarazi zituen Kosovoko Gobernuak, Belgraden «legez kanpoko egitura paraleloak» zirela argudiatuta. Besteak beste, zerga administrazio bulegoak eta posta bulegoak itxi zituen Kosovoko Poliziak. Europako Batzordeak ohar baten bidez salatu zuen neurri horrek zaildu egingo dituela Kosovon bizi diren serbiarren bizi baldintzak, eta erabakia «aldebakartasunez» hartu izana egotzi zion Kurtiren gobernuari.
2024ko erroldaren arabera, Kosovoko 1,6 milioi biztanleen artean %2,3 dira serbiarrak. Halere, protesta modura, Kosovoko serbiarrek uko egin izan diote erroldan parte hartzeari; beraz, ehuneko erreala handiagoa dela uste da.
EBn sartzeko asmoa
Kosovok independentzia lortu zuenetik, Pristinaren eta Belgraden arteko bitartekari lanetan aritu da Europako Batasuna, eta behin baino gehiagotan salatu du Kurtiren gobernuak neurriak hartu izan dituela herrialdeko serbiarren kalterako. EBren arabera, hori da, besteak beste, Kosovo talde komunitarioan oraindik sartu ez izanaren arrazoietako bat. Kurtik eta Vjosa Osmani Kosovoko presidenteak 2022ko abenduan sinatu zuten EBn sartzeko eskaria, eta oraingoz «hautagai potentzial» egoeran dago. Europako Batzordearen arabera, Serbiaren eta Kosovoren harremana «normalizatzea» da bi estatuak talde komunitarioan sartzeko irizpideetako bat —Serbiak ere eskaria egina du, eta «herrialde hautagaia» da—.
Nazioarteko erakundeek eskatutako irizpideak ez betetzea egotzi dio oposizioak Kurtiren gobernuari, baita Serbiarekin elkarrizketa «eraikitzaileak» izateari uko egitea ere. «Gobernuari leporatzen diote nazioarteari aurre egin izana, eta harremanak tenkatu izana», azaldu du Rexhepik.
Era berean, inflazioari eta defizitari aurre egiteko neurririk hartu ez izana ere gaitzetsi dute oposizioko alderdiek. Rexhepik azaldu du Kurtiren gobernuak bonu sozialak eman dituela inflazio tasa altuei aurre egiteko; eta, haren iritziz, horrek VVk boto gehiago lortzea eragin badezake ere, ez du uste epe luzerako ongizatea bermatzen dutenik. Bestalde, ez du hobekuntzarik nabaritu hezkuntzan, osasungintzan eta ingurumen politiketan.
Oposizioa, «alternatiba moderatuagoa»
PDK eta LDK oposizioko alderdi nagusiek agindu dute boterera iritsiz gero ekonomia bultzatuko dutela, eta inflazioa eta pobrezia errotik konponduko dituztela. Nazioartera begira, egonkortasuna dute helburu, eta Serbiarekin elkarrizketa «eraikitzaileak» izaten hasiko direla esan dute. «Funtsean, oposizioa gobernuko alderdiaren alternatiba moderatuago bat da», argitu du Rexhepik.