Zortzi marinel hil dira Malvinetan, naufragio batean

Galiziako bi langileren gorpuak erreskatatu dituzte. Hamalau langile salbatu dira, eta bost desagertuta daude oraindik: Espainiako bat eta Galiziako beste bat daude tartean.

'Argos Georgia' tretzaontzia. WALFORD WATKINS / EFE
'Argos Georgia' tretzaontzia. WALFORD WATKINS / EFE
2024ko uztailaren 24a
09:30
Entzun

Zortzi marinel hil dira Falkland uharteetatik gertu hondoratu den tretzaontzi batean; tartean, bi galiziar. Ekaitz batek zulo bat eragin du Santa Elenako bandera zuen Argos Georgia ontziaren kroskoan, eta horren ondorioz irentsi du itsasoak. Zenbait herrialdetakoak ziren 27 tripulatzaileak: Galiziakoak, Espainiakoak, Errusiakoak, Indonesiakoak, Perukoak eta Uruguaikoak. Galiziako Gobernuko ordezkariek adierazi dutenez, bost desagertu daude guztira, eta hamalau erreskatatu dituzte.

Hil direnetako bi galiziarrak dira, bata Baionakoa eta bestea Vigokoa; sukaldaria eta ontziburua ziren, hurrenez hurren. Argos Georgia-ko tripulatzaileek Port Stanleytik 300 bat kilometrora nabigatzen ari zirela eman zieten lehen abisua larrialdi zerbitzuei. Hiru salbamendu ontzitara igota lortu zuten babestea zenbaitek. Azkenean, Robin M. Lee itsasontziaren ―Vigoko enpresa batek du jabetza– eta Espainiako beste ontzi baten –Lilibet– laguntzarekin lortu zuten salbatzea. Hamalau tripulatzailek lortu dute bizirik irautea.

Lilibet itsasontzia Port Stanleyra bidean da, erreskatatu dituztenak lehorrera eramateko. Gaur iristea espero dute, Euskal Herrian 15:00ak direnean. Bizirik dauden guztiak osasuntsu daude, gutxi batzuek zauri arinak dituzten arren. Eduardo VII.a erregearenospitalera eramango dituzte iritsi bezain laster, osasun azterketak egiteko.

Erreskate operaziokoek adierazi dute desagertutako bost lagunen bila jarraituko duela, nahiz eta eguraldia kaskarra izan. Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak jakinarazi du Madrilek ez duela laguntza baliabiderik bidaltzeko asmorik, zentzu gehiago omen baitu, «egoeraren larritasuna eta Espainiatik naufragio eremura dagoen distantzia handia kontuan hartuta», lana tokiko erreskate ontzien gain uzteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.