Ez zen joera berria, baina COVID-19aren pandemiak alarmak piztu ditu. Animalietatik pertsonengana jauzi egiten duten infekzioak ugaritzen ari direla-eta, prozesu horiek ikertzeko eta prebenitzeko modua ikertuko duen adituen talde bat eratu dute, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programak (PNUMA), Animalien Osasun Erakundeak (OIE) eta Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) bultzatuta.
Gaur aurkeztu dute adituen taldea. Nazioarteko 24 adituk osatuko dute. «Zoonosiak gizakiengana zabaltzen ari dira ingurumena hondatzeagatik eta animalia baliabideak modu ez-iraunkor batean ustiatzeagatik», adierazi du PNUMAko zuzendari exekutibo Inge Andersenek. Gaineratu duenez, adituek hainbat diziplinari buruzko ikerketak uztartuko dituzte: klima aldaketa eta giza eta animalia epidemiak, besteak beste. Izan ere, Andersenek azpimarratu du faunaren, gizakien eta planetaren osasuna «bat bera» dela. Ez da COVID-19a bakarrik, SARS-a, zika, A gripea, hegazti gripea eta MERS gaitza eta antzekoak zabaldu dira azken urteotan: «Konpon dezakegu egoera hori, eta horrek esan nahi du basa bizitzaren eta natur baliabideen gainustiatzea amaitu behar dela, eta ingurumenarentzako positiboa litzatekeen nekazaritza bat bultzatu».
Alarma goiztiarra
Thomas Mattenleiter eta Wanda Markotter izango dira adituen taldeko presidentekideak. Helburua da birusen zabaltzeari buruzko alarma goiztiarreko sistemak aktibatzea, eta, halaber, patogenoak animalietatik gizakiengana zabaltzeko dauden arrisku faktoreak identifikatzea. Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak argitu duenez, adituen taldeak NBEren Klima Aldaketarako Adituen Taldearen (IPCC) antzeko funtzionamendua eduki lezake, eta aldian behin gomendioak eta ikerketak zabal ditzake gai horren inguruan. Heiko Mass Alemaniako Atzerri ministroak iragarri du gomendio horiek pandemiei aurre egiteko nazioarteko itun baten oinarri izan daitezkeela etorkizunean. Taldearen lehen gomendioak udazkenerako espero dituztela adierazi dute.
Oraindik ikertzen ari dira nola zabaldu den COVID-19a, baina OMEk zuzendutako adituen taldeak egindako lehen ikerketen ondorioen arabera, hipotesi nagusia da saguzarretatik gizakiengana iritsi izana, beste animalia baten bidez. Beste hiru hipotesi dituzte aztergai: basanimalietatik zuzenean gizakiengana iritsi izana, elikadura katetik zabaldu izana eta laborategi batean izandako ihes baten erruz ailegatu izana. Azken teoria horrek du aukerarik txikiena, OMEren ikerketen arabera.