GERRA UKRAINAN. BIGARREN URTEURRENA.

Ziurgabetasunak jota daude Kieveko herritarrak

Ukrainako hiriburua gerrako fronteetatik urrun dago, baina Errusiako indarrek hura ere bonbardatzen dute noizean behin. Errusiak inbasioa hasi zuenetik bi urte bete diren honetan, hango herritarrak gatazkaren ondorioak nozitzen ari dira oraindik ere.

Herritar bat autobus batean Kieven, iazko martxoaren 28an. OLEG PETRASIUK / EFE
Herritar bat autobus batean Kieven, iazko martxoaren 28an. OLEG PETRASIUK / EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 24a
05:05
Entzun

Kievetik urrun daude Ukrainako gerraren fronteak: bai ekialdekoa, baita hegoaldekoa ere, 600 kilometro ingurura. Halere, aldian-aldian, Ukrainako hiriburua ere bonbardatzen dute Errusiako indarrek, eta eraso horietan zenbait lagun hiltzen eta zauritzen dira.  «Espero ez duzunean hiltzeko edo zauritzeko arriskuan egotea da gogorrena». Ziurgabetasun hori azpimarratu du, hain zuzen, Bogdan Timura Kieveko herritarrak. Duela bi urte, gaurko egunez hasi zuen Errusiak Ukrainako inbasioa.

Tropek ekin zioten herrialdean sartzeari iparraldetik, ipar-ekialdetik eta hegoaldetik, eta «estres handia» sentitu zuen. 25 urte ditu, eta fixer gisa lan egiten du; hau da, atzerritik Ukrainara joaten diren kazetariei laguntzen. Inguruan «izu-laborri handia» nabaritzea du gogoan Viktoriak, egun hura oroitzean —26 urte, ez du bere abizena argitaratzea nahi izan—. Timur Morozoven esanetan (46 urte), 2022ko otsailaren 24an «beldurtuta» zegoen «mundua guztia» Kieven. «Jendeak produktu guztiak erosi zituen supermerkatuetan. Emakume eta haur askok herrialdetik alde egin zuten». Besteak beste, haren emazteak eta seme-alabek. Kieveko hiru herritar horiek posta elektronikoz erantzun dituzte galderak.

Orain bi urte, nazioarteak, oro har, egiten zuen diagnostikoa zen Errusiako tropek egun batzuk baino ez zituztela beharko Kiev hartzeko. Ez zen halakorik gertatu, eta, martxo amaieran, ikusita Ukrainako indarrek eutsi egiten ziotela, hiriburuaren aurkako lurreko erasoa etetea eta tropak handik ateratzea erabaki zuen Moskuk. Morozoven senideak hamar hilabete geroago itzuli ziren.

«Espero ez duzunean hiltzeko edo zauritzeko arriskuan egotea da gogorrena».

BOGDAN TIMURA'Fixer'-a

«Proiektu informatikoak lantzen» lan egiten du, eta, inbasioa hasi zenetik bi urte pasatu diren honetan, iruditzen zaio «triste» egoteko «arrazoi asko» daudela. Gertukoekiko kezkak baldintzatzen dio egunerokoa. Tarteka hiriburua bonbardatzen dute, eta aintzat hartu behar da, gainera, gerra legea ezarrita dagoela inbasioa hasi zenetik eta, orduan, borrokarako gai ikusten dituen 18 eta 60 urte arteko gizonak errekruta ditzakeela armadak.

KIEV. GERRA. UKRAINA
Kale huts bat Kieven, 2022ko azaroan. ROMAN PILIPEY / EFE

Eta aipatutako eguneroko horretan ohitu dira, horrenbestez, aire eraso posible baten berri ematen duten sirena hotsetara. Telegrameko hainbat kanaletara jotzen dute, droneekin eta misilekin egindako bonbardaketa horien arriskua zenbatekoa den egiaztatzeko. Eta ohituta egonagatik, Timurari gogorra egiten zaio ikustea abisu horiengatik jardunak nola eteten dituzten dendetan eta saltoki guneetan, eta nola gerarazten dituzten hiri barruko autobusak: «2022ko otsailaren 24a baino lehen estresik gabe bizi zen ikasle bat besterik ez nintzen, eta etorkizun baketsu baterako planak nituen». Horren harira, Morozovek nabarmendu du azken bi urteotan herritarrek ezin dutela noranahi «libreki» bidaiatu. «Eguneroko planak ere hainbat aldiz aldatu daitezke aire erasoen alertengatik».

«Eguneroko planak ere hainbat aldiz aldatu daitezke aire erasoen alertengatik».

TIMUR MOROZOV Informatikaria

Inbasioaren bigarren urteurrenean, «sentipen berezirik» ez dauka Viktoria itzultzaileak. «Mentalki, traumatizatuta nago, ukrainar guztiak bezalaxe. Nahi dudan bakarra da gure askatasunagatik borrokatzen ari diren gizon eta emakume guztiak etxera onik itzultzea». Hori bai, bada barneratzen zaila egiten zaion aldagai bat: «Ulertzea saiatzen ari direla bizitzeko gure eskubidea erauzten».

Laguntza falta igarriz

Gatazka konpontzeko moduaz galdetuta, askotariko erantzunak eman dituzte. «Errusiako Gobernua eta haren presidentea hiltzeak konponduko luke!», Viktoriak. Timuraren iritziz, «soilik» gudu zelaian «Ukrainak irabazita» eduki dezake irtenbide bat; «eta 1991ko mugak ezarriz». Sobietar Batasuna 1991n desegin zuten, eta orduan zedarritutako mugetan Ukrainaren barruan geratu zen Krimea. Errusiak 2014an anexionatu zuen penintsula hori, ordea, eta 2022ko urrian gauza bera egin zuen Ukrainan okupatu dituen lurraldeekin: Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson. Morozovek azaldu du gatazka guztiei «negoziazio baketsuen bidez» ematen zaiela irtenbidea. Dena den, zehaztapen bat egin du: «Putinek bizirik jarraitzen duen bitartean, horrek ezinezkoa dirudi».

«Dirudien baino gertuago dago gerra. 2014an, Kieven, guk ere uste genuen gerra oso urruti zegoela...».

VIKTORIAItzultzailea

Pentsatzen du gerrak asko iraun dezakeela, eta, agertoki posible horretan, Ukrainak Mendebaldearen laguntza behar duela: bai gudu zelaian Errusiari aurre egiteko, bai estatu gisa existitzen segitzeko. Mendebaldeak esaten du baietz, Ukraina behar beste denboraz lagunduko duela, baina Kievek ekipamendu militarraren gabeziak salatzen ditu. «Fronteko lerrotik gertu lan egiten dudanez, igar dezaket Ukrainari emandako laguntza eten dutela AEBek. Horrek abantaila handiagoa ematen die errusiarrei». Viktoriak argi dauka: «Ukrainak gerra hau galtzen badu, Errusiak zera egingo du hurrengo, Europako Batasuneko herrialde bat inbaditzea». Europako Batasuneko herrialdeetako maila handiko militarrek hilabeteak daramatzate herritarrei ohartarazten gerra baterako prest egon behar dutela. «Ematen duen baino gertuago dago gerra. 2014an, Kieven, guk ere uste genuen gerra oso urruti zegoela...», gehitu du. Hain justu, duela hamar urte hasi zen Ukrainako gerra Donbass eskualdean, Luhansken eta Donetsken.

Eta oraindik ez da bukatu. Kieveko hiru herritar horiek ez dira ausartzen aurreikustera hurrengo hilabeteetan zer norabide har dezakeen gatazkak, baina Timurak uste du Ukrainak «beste aukerarik» ez daukala, eta «bizirik iraun» behar dutela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.