Khaled aita da, eta larrituta bizi da. Israelgo tankeek, Jeningo errefuxiatu esparruan egindako azken pasealdian, ez zituzten kaleak, biribilguneak, monumentuak eta azpiegitura publikoak soilik suntsitu: herritarren nerbioak ere txikitu zituzten. «Lo hartu ezinik gabiltza, lasaitu ezinik», aitortu du, etsita. Khaledek telefonoz hitz egin du BERRIArekin, bere etxe porrokatutik. Izan ere, Israelgo tropek etxea ere hartzen diete armadak Khaled eta haren familia bizi diren errefuxiatu esparruari erasotzen dion bakoitzean. Zergatik-eta bidegurutze jendetsu batean dagoelako etxea, eta, beraz, militarrentzat toki estrategikoa delako Jeningo errefuxiatu esparrua kontrolatzeko. Soldaduak etxeko terrazan jartzen dira, eta eraikina base militar moduko bat bilakatzen dute operazioak irauten duen ordu edo egunetarako.
Inbasioa bukatzean, israeldarren tropek alde egin zuten etxetik, eta ezin suntsituago utzi zuten etxe barrua. Sofak hankaz gora jartzen ere ibili ziren militarrak, baita kuxinak husten ere. Gainera, lurrean utzi zituzten sukaldeko tresna guztiak, telebistari kolpeak eman, eta paretaren kontra zeuden armairu guztiak lurrera bota. Zoritxarrez, Khaledek, haren emazte Fatimak eta haien seme Ahmadek —12 urte ditu— maiz eduki dute etxea horrela. Israeldarren tropak errefuxiatu esparru horretan sartzen diren bakoitzean —eta behin baino gehiagotan sartu dira Gazako zerrendaren kontrako gerra hasi zenetik—, soldaduek gotorleku moduko bat osatzen dute etxean, eta bere hartan uzten dute gero. Hori dela eta, bizilagunek ez dute aldarterik izaten etxea berreraikitzeko, ez baitakite zenbat egunen buruan egingo dieten eraso berriro.
Abuztuaren 28an, Israelgo armadak operazio militar handi bat abiatu zuen Zisjordania okupatuko zenbait herri eta errefuxiatu esparruren kontra, tartean Jenin. Israelek ziurtatu duenez, inbasio horien bitartez talde palestinar armatuen aurka borrokatu nahi dute, arriskua dakarkietelako Israelgo herritarrei, lurraldea legez kontra okupatzen ari direnak barne. Palestinarrek, ordea, ziurtatu dute tokiko talde horiek herritar palestinarrak babesten aritzen direla Israelgo tropen eta kolono talde biolentoen erasoetatik. Aspalditik gertatzen den bezala, Israelek lur okupatuetako biztanleen aurka darabilen indarkeriak ez du laguntzen bakea lortzen; aitzitik, luzatu egiten du minaren zikloa, zeina aurrera baitoa zigorrik gabe, Zisjordanian gero eta herritar kolono gehiago dauden honetan. Orain 700.000 israeldar bizi dira han, eta lurralde horretan bizi diren palestinarrak, berriz, hiru milioi inguru dira.
Milaka soldaduk patruilatu zuten egun batzuetan Jeningo, Nablusko, Tulkaremgo, Tubasko eta beste hiri batzuetako errefuxiatu esparruetan, tankeak, ibilgailu blindatuak eta garabiak erabilita. Esparru horietan, milaka palestinar hartzen dituzte, Israelgo Estatuaren gaur egungo lurretan dauden herrietatik kanporatutakoak. Kalezulo txikiz osatuta daude esparruan, eta eraikinak horizontalean hedatzen dira, dozenaka mila herritar pilatuta toki mugatu batean. Israelgo armadak su egiten zuen hiri eremu konplexu horietan, militante palestinarren ustezko posizioen kontra, eta aurrera egiten zuen, eraikinetan sartuz, granadak leherraraziz eta gudu txakurrak askatuz. NBEk kalkulatu duenez, Jeninen bakarrik, 600 familia palestinarrek ihes egin zuten inbasioaren hasieran, eta desplazatu bihurtu ziren lurralde okupatuaren barruan. Asko ezin izango dira bueltatu, etxea txikituta utzi baitiete borroketan. Egun horietan Israelek errefuxiatu esparruei egindako erasoetan, 39 lagun hil ziren Zisjordaniako zenbait tokitan; haietako zortzi umeak edo adingabeak ziren, eta beste bi, adinekoak.
«Gu terroristatzat jotzen saiatzen dira, baina israeldarrek ere badakite ez garela gaiztoak. Oraindik ere esaten dute beraiek direla gatibuak»
KHALEDJeningo herritarra
Inbasioak iraun zuen bitartean, israeldarrek Erdi Aroko setioen tankerako bat ezarri zieten errefuxiatu esparru horiei, zibilak zigortzeko. Armadak eragotzi egiten zuen jatekoa eta sendagaiak esparruan sartzea, eta argindar eta ur horniketa ere eten zuen; hortaz, inbasioa hasi zenean etxean zeukaten horrekin iraun behar izan zuten han bizi zirenek. Jeningoei egokitu zitzaien okerrena. Sarekadak hamar egun iraun zuen han, beste edonon baino gehiago. Jakinik etxea berriz militarizatuko zietela, Khaledek eta familiak Jenindik ihes egin zuten egun batzuetarako. «Beldur ginen berriro etxera sartuko ote zitzaizkigun, eta hala egin zuten», esan du Khaledek, atsekabez.
BERRIA Khaleden etxean egon zen abenduan, Israelgo tropek Jeninen beste inbasio bat egin ondoren, haiek etxetik alde egin eta ordu gutxi pasatuak zirela. Orduko hartan, Ahmed txikia nahastuta zegoen: «Gu terroristatzat jotzen saiatzen dira, baina israeldarrek ere badakite ez garela gaiztoak. Oraindik ere esaten dute beraiek direla gatibuak». Ahmedek, kezkatuta, aitortu zuen sentitzen duela jomuga militar bat dela: «Gauzen bila aritzen dira haurrak kartzelan sartzeko», esan du, etxe suntsituaren erdian.
Jeningo martirien hilerrian hartzen dute atseden Israelen erasoetan hildakoek, eta, hain justu, NBEk kudeatzen duen eskola bateko sarreraren parean dago hilerri hori. Ehunka ume pasatzen dira egunero hilarri horien ondotik eskolara joateko. Han badaude beste ume batzuen argazkiak, baina, batez ere, tokiko borrokalariak azaltzen dira argazkietan, fusila eskuan, harro. Ematen du irudi horrek patua erakusten diela Jeningo umeei, ezin saihestuzko patua.
Ospitaleen setio sistematikoak
Errefuxiatu esparruetako biztanle zaurgarrienek arnasari eusten diote Israel erasotzen ari den bakoitzean. Bizitza eten egiten da guztiz, propio horretan ahalegintzen baita Israelgo armada. Jeningo osasun langile batzuen arabera, Israelgo tropek, esparruaren kontrako sarekadak abiatu bezain pronto, setiatu egin ohi dituzte eremu horretako ospitaleak. «Oztopatu egiten dute ospitalerako sarbidea, guztiz», azaldu dio BERRIAri Caroline Willemenek, Mugarik Gabeko Medikuen Jeningo eta Tulkaremgo koordinatzaileak: «Soldaduek kontrolguneak jartzen dituzte sarbideetan, eta sartu eta ateratzen diren anbulantziak ikuskatzen dituzte barrutik, baita zaurituak identifikatu ere». Praktika horiek ikusita, ospitalera joan behar duten asko, militante palestinarrak izan ez arren, ez dira saiatu ere egiten hara joaten, atxilotuko dituzten beldur.
Horrek guztiak lana zailtzen die osasun langileei, Israelen sarekadetan zauritutako hainbat ere artatu behar baitituzte. Gainera, pazienteak ez ezik, mediku taldeak berak ere beldur dira soldadu israeldarrekin topo egingo ote duten; izan ere, Gazan bezala, han ere Israelen erasoen jomugan daude. Abenduan, MSFk salatu zuen eraso egin zietela anbulantzietako gidari eta paramediku batzuei, eta ondorioztatu zuen osasun langileak arriskuan daudela Jeninen. Orain, Jeningo esparruaren, Tulkaremgoaren eta beste batzuen aurka egun batzuetako sarekadak egiten ari diren honetan, hori berretsi baino ez da egin. «Israelen tiroek osasun langileak zauritu izan dituzte lanean ari zirela», salatu du Willemenek: «Azken erasoetan, metrailak aurpegian jo zuen boluntario bat, eta zauriak eragin. Beste bati izterrean egin zioten tiro; beste bati eskuan, hemen, Jeninen. Zoritxarrez, hau guztia aspalditik gertatzen da», esan du MSFko koordinatzaileak.
«Soldaduek kontrolguneak jartzen dituzte sarbideetan, eta sartu eta ateratzen diren anbulantziak ikuskatzen dituzte barrutik, baita zaurituak identifikatu ere»
CAROLINE WILLEMENMSFren koordinatzailea Jeninen
Horrenbeste zailtasuni erantzuteko, Jeningo herritarrek beren burua prestatzen dute. 30 paramediku boluntario inguruko talde bat —komunitateak berak sortua eta MSFk edo Ilargi Gorriak trebatua— adi-adi egoten da Israelgo soldaduak esparruan sartu bezain pronto. Boluntarioen sare horrek arretagune bat dauka prest bizpahiru etxadiko: halakoetan, zaurituei lehen laguntza ematen die, Israelen erasoak iraun bitartean. Toki horietan aritzen direnak gai dira torniketeak egiteko eta sendagaiak emateko.
Boluntario horiek tuk-tuk txikiak erabiliz mugitzen dira Jeningo errefuxiatu esparru osoan, eta haien bitartez garraiatzen dituzte hildakoak eta zaurituak ere. Bitartean, Ahmed eta hura bezalako beste ume batzuk etxe barruan ezkutatzen dira, gose eta egarri, hurrengo haur espetxeratuak izango diren beldur. Ahmedi etxetik datorkio atxilotua izateko beldurra: haren anaia Ibrak zenbait hilabete daramatza kartzelan, eta haren argazki bakarti bat dute egongela suntsituan, ondo ikusteko moduan. Minak ez du etenik Jeninen, eta gatazkak ere ez.