Zisjordania noiz lehertuko zain

Gazarako menia indarrean sartu eta bi egunera, Israelgo armadak operazio militar bat hasi zuen Jeninen, Zisjordania iparraldean. Ondorioz, susmoa zabaldu da Gazan egindakoa Zisjordanian ere egin nahi ote duen Tel Avivek.

Hainbat palestinar kalean, Israelgo armadaren eraso baten ondoren, martxoan, Tulkaremen. ALAA BADARNEH / EFE
Hainbat palestinar kalean, Israelgo armadaren eraso baten ondoren, martxoan, Tulkaremen. ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2025eko apirilaren 8a
05:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Khalil Sayeghek behin eta berriz burura datorkion amesgaizto bat du: Israelek Zisjordanian «Gazakoaren pareko gerra genozida bat» hastea. Washingtonen (AEB) bizi den analista politiko palestinarrak ez du uste luze gabe horrelakorik gertatuko denik; halere, bideo dei bidez, aitortu du aukera hori «beti» hartu behar dela aintzat. Gazarako tregoa indarrean sartu eta bi egunetara, urtarrilaren 21ean, Israelgo armadak operazio militar bat abiatu zuen Jeninen, Zisjordania iparraldean, argudiatuta eremu horretan «aktibo» zegoen «terrorismoa» desagerraraztea zela helburua. Sayeghek, ordea, beste hitz batzuekin azaldu du indarkeria oldarraldi hori: «Israelek zigor kolektibo bat jarri nahi zien palestinarrei; zera esan nahi zien: ‘Hau da erresistentziaren ordaina’». 

Luze iraungo du «zigorrak»: gutxienez, urtebete, Israelgo armadak otsail bukaeran jakinarazi zuenez. Abisu hori eman zuten egun berean, tankeak bidali zituzten Jeninera, 2002tik aurrenekoz; eta, azken asteetan, Zisjordaniako beste eremu batzuei ere egin diete eraso, hala nola Nablus eta Tulkarem hirietako errefuxiatuentzako kanpalekuei. «Agerikoa da operazio militarra Jenindik haratago zabaltzen ari direla», esan du Sayeghek. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak emandako azken datuen arabera, urte hasieratik Israelgo armadak gutxienez ehun palestinar hil ditu Zisjordanian.

«Israelek zigor kolektibo bat jarri nahi zien palestinarrei; zera esan nahi zien: 'Hau da erresistentziaren ordaina'»

KHALIL SAYEGHAnalista politiko palestinarra

Jeninen hasitako operazioak beldurra zabaldu du: Israelek Gazan egindakoa Zisjordanian ere egin nahi ote duen. Sayeghek, palestinarren eskubideen aldeko Agora Initiative GKE gobernuz kanpoko erakundeko burua ere badenak, ez du uste hori gertatuko denik: «Batetik, ez Hamasek, ez beste ezein erresistentzia taldek, ez du presentzia handirik Zisjordanian; hortaz, Israelek ez luke modurik eremu horren aurkako eskala handiko erasoaldi bat nazioartearen aurrean justifikatzeko. Bestetik, PANek [Palestinako Aginte Nazionalak] Israelgo Gobernuarekin kolaboratzen du, eta sortzen den erresistentzia armatu oro ahultzen laguntzen dio». 

Sayeghen arabera, Israelek ez luke Zisjordaniaren aurka egiteko «taxuzko motiborik»; halere, iritzi dio agerikoa dela Tel Avivek Gazan egindako «sarraski bera» egin nahi duela Zisjordanian. Horren adierazletzat jo du Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak 2018an aurkeztutako plan bat, eta gogora ekarri du: «[Smotrichek] 2018an aurkeztu zuen dokumentuan argi jartzen du: ‘Zisjordanian erresistentzia mugimendu indartsu bat agerrarazi behar da’». Hurrengo pausoa han bizi diren palestinarrak kanporatzea litzateke, eta bertan geratuko liratekeenak nolabaiteko «esklabotza sistema baten» parte bihurtzea, analista palestinarrak azaldu duenez. 

Azken asteotan, sare sozialetan egindako adierazpenen bidez, Israelgo Gobernuko kiderik kontserbadoreenek beste mehatxu bat jarri dute mahai gainean: Gazaren eta Zisjordaniaren anexioaz ohartarazi dute Defentsa ministro Israel Katzek eta Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek. Abisu horien inguruan galdetuta, Zisjordania «dagoeneko anexionatuta» dagoela esan du Sayeghek: «Formalizatzea besterik ez da falta». Halere, iritzi dio horrelakorik egitea «hanka sartze handia» litzatekeela: «Ez dut ulertzen [Israelek] zergatik egin nahi lukeen hori. Zergatik egingo diezu kalte Europarekin eta herrialde arabiarrekin dituzun harremanei? Zergatik egingo duzu ofizial apartheida?».

Estrategia politikoa

Hiru fasekoa behar zuen Gazarako adostutako tregoak, baina bigarrenaren baldintzak adostu baino lehen bukatu zen aurrenekoa, martxoaren 1ean; eta martxoaren 18an, Israel zerrendari eraso egiten hasi zen berriz. Sayeghek azaldu duenez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk zenbait motibo ditu Gazaren aurka eraso egiten jarraitzeko: «Netanyahuk bere ibilbide politikoa salbatu nahi du, eta gobernu koalizioko kiderik eskuin muturrekoenen babesa behar du horretarako. Horiek behin eta berriz esan dute ez dutela meniarik nahi, eta, azkenean, men egin die, eserlekuari eusteko». 

Are, Sayeghen arabera, «gatazka kudeatzea» litzateke Netanyahuren estrategia eta ikuspegi politikoaren oinarria; hau da, Palestinako gatazkarako behin betiko konponbide bat bilatu ordez, behin eta berriz gatazka elikatzea eta korapilatzea. «Netanyahuk ez du inoiz sinistu gerraren biharamunean, ezta Osloko Akordioetan ere. Ez du inoiz sinistu, eta ez du inoiz sinistuko». Finean, «istorio dramatiko bat» eraiki nahi duela uste du analista palestinarrak, «nazioarteari saltzeko moduko istorio bat». 

«Netanyahuk ez du inoiz sinistu gerraren biharamunean, ezta Osloko Akordioetan ere. Ez du inoiz sinistu, eta ez du inoiz sinistuko»

Azken urteetan, Israelgo herritarrek gero eta protesta gehiago egin dituzte haren aurka, leporatzen dizkioten ustelkeria kasuen harira. 2023ko urriaren 7az geroztik ere, protesta jendetsuak egin dituzte Gazaren aurkako erasoaldiaren kudeaketaren aurka. Dena den, horrekin lotuta, zehaztapen bat egin du Sayeghek: «Israeldarrak egiten ari diren protesta guztiak gatibuak askatu ditzatela exijitzeko dira. Haientzat, gatibu dauden 60 israeldarren biziek gehiago balio dute munduko palestinar guztienak baino. Hori da arazoa». 

Gauzak horrela, urtarrilaren 19an indarrean sartutako tregoak huts egin ondoren Gazaren biharamunak zer-nolako itxura izango duen galdetuta, aurreikuspen bat egiten saiatu da Sayegh: «Hilabete krudelak datoz. Zisjordanian egoerak bere horretan jarraituko du, nahiz eta kolono israeldarren indarkeria areagotzen ari den. Gazan, litekeena da Hamasekin beste menia akordio batera heltzea, baina Hamas ez da inoiz zerrendatik desagertuko; hortaz, beste gerra bat piztuko da bi urte barru, eta [Israelek] beste suntsipen masibo bat egingo du. Gaza erabat birrindutako lur eremu bihurtuko da, eta ez dut uste inork Israel geldituko duenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.