Joel Le Scouarnecen kontrako epaiketa hasi dute gaur Frantziako Vannes hirian, zirujaua zela 299 adingaberi sexu erasoak egitea egotzita. 74 urte ditu egun Le Scouarnecek. Lau delitu leporatu dizkiote, eta hogei urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Era berean, epaiketa baliatu nahi dute argitzeko ea nola egin ahal izan zituen eraso horiek guztiak, inor ohartu gabe. Izan ere, aipatutako 25 urteetan zehar egindako erasoengatik epaituko dute. Gaur izan da epaiketaren lehenengo eguna, eta «ekintza gorrotagarriak» egin zituela onartu du.
2017an izan zuten jendarmeek Le Scouarnecen erasoen berri. Zirujauak erretiroa hartu eta gutxira, Jonzac udalerriko sei urteko bizilagun bati egindako sexu abusuengatik salaketa jarri zuten haren kontra. Zirujauaren etxea miatu zuten orduan, eta 30.000 eduki digital pedopornografiko aurkitu zituzten. Eduki horietan, zirujauak berak idatzitako milaka orrialde topatu zituzten; adingabeei egindako ukituak eta bortxaketak azaltzen zituen, haien izenak, jaiotza data eta helbidea zehaztuz. Are, besteak beste, «exhibizionista, sadiko, fetitxista eta pederasta» gisa deskribatzen zuen bere jarrera, harro.
Erasoak jasandako herritarrekin harremanetan jartzen hasi ziren jendarmeak. Batzuk orduantxe ohartu ziren gertatutakoaz, zirujauak eraso egin zienean lo baitzeuden. Beste batzuek, berriz, oroitzapen lausoa zuten. Izan ere, gazte batzuei ebakuntza geletan egiten zien eraso, anestesia jarrita zutenean. Oro har, 314 biktima identifikatu zituzten. Horietako askok aitortu zuten ondorio psikologikoak izan zituztela. Zirujauak berak ere egindako gehiena onartu zuen instrukzio magistratuaren aurrean.
Le Scouarnecen abokatuek 85 biktimen prozedura bertan behera uzteko eskatu zuten, preskribatu egin zutelako. Halere, ez zituzten bertan behera utzi: gaur hasi den epaiketan 1989tik 2014ra egindako sexu erasoak hartu dituzte kontuan; hau da, 299 biktimari egindako erasoak. Erdiak baino gehiago gizonak dira, eta batez beste 11 urte zituzten erasoak gertatu zirenean.
«Biktimei entzutea eta sinestea eskatzen dugu, eta erakundeek beharrezko baliabideak jar ditzatela, indarkeria eta ankerkeria hau guztia behingoz amaitu dadin»
MORGANE GUESSANTSolidaire 56 kolektiboko bozeramailea
Oraingoa ez da Le Scouarnecen kontra egiten duten lehenengo epaiketa. Izan ere, kartzelan dago egun. 2020an hamabost urteko zigorra ezarri zioten, sei urteko bizilagun batek, lau urteko paziente ohi batek eta bi ilobak jarritako salaketengatik. Frogatuta geratu zen ilobei sexu erasoak egin zizkiela lau eta bost urte zituztenean.
Manifestazioa epaitegian
Eskolta zabalarekin iritsi da Le Scouarnec epaitegira gaur. Sarreran, adingabeen babeserako hainbat elkartek manifestazioa egin dute. «Biktimei entzutea eta sinestea eskatzen dugu, eta erakundeek beharrezko baliabideak jar ditzatela, indarkeria eta ankerkeria hau guztia behingoz amaitu dadin», esan du Morgane Guessant Solidaire 56 adingabeen babeserako kolektiboko bozeramaileak. Biktima baten aita ere han izan da: «Nahi dudana da [Le Scouarnecek] egin duena onartzea eta egindakoa ordaintzea». Aita horren semeari hamar urte zituela egin zion eraso zirujauak, 2007an. Hamalau urte geroago, bere buruaz beste egin zuen.
1983an hasi zen lanean Le Scouarnec. Frantziako mendebaldeko hainbat ospitale publiko eta pribatutan egin zuen lan, 2017an erretiroa hartu zuen arte. 2005ean, lau hilabeteko zigorra ezarri zioten sarean eduki pedopornografikoa erosteagatik, baina salbuetsi egin zuten. Epaiketak kontuan hartu beharko ditu osasun sistemaren disfuntzioak; izan ere, nahiz eta aurrekariak izan, Le Scouarcek 30 urte baino gehiagoz lan egin zuen adingabeekin.
Aurreikusi dutenez, lau hilabete iraungo du epaiketak, eta 45 lekukok eta hamar aditu inguruk hitz egingo dute. Gisele Pelicot ia hamar urtez bortxatzeagatik Dominique Pelicot eta beste 50 gizonen aurkako epaiketa egin eta gutxira hasi dute Le Scouarnecen kontrakoa. Harrabots handia sortu du honek ere: ia 500 kazetarik eman dute izena epaiketa jarraitzeko.