Calaisko «oihana». Izen hori eman diote errefuxiatuen kanpamentuari. 3.500 migratzaile metatzen dira Ipar Frantziako hiri horren hareazko dunetan. Erresuma Batua dute helburu.
«Oihanaren» lehen oihal etxeetan mezu bat dago: Freedom. Askatasuna. Eritreatik, Sudandik, Iraketik, Afganistandik eta Siriatik ihesi direnek pintatu dute. Beste bat harrigarriagoa da: No photo. Argazkirik ez. Sudandik etorri den Mohamedek esplikatu du mezuaren esanahia. «Gure familiei esaten diegu dena ongi pasatzen dela guretzat Frantzian», aitortu du 27 urteko ingeniariak. «Prentsan edo Interneten ikusten baldin badute txabolategi batean bizi girela, esperantza galduko dute».
Mohamedek txabolategiaren bisita egitea proposatu du. «Handik eliza bat dago, eta hortik meskita bat». Egurrez eta oihalez eginak dira biak. Bi otoizlekuak erakusten dituelarik, eskuan duen zauria ageri zaio. Hogei bat puntu ditu hatz batean. Haren gisara, anitz kolpatuta daude kanpamentuan. Eskuan zaurituak gehienak. «Erresuma Batura doazen trenetan igo nahi dugularik kolpatzen gara, hesiak trabeskatzean». Eurostarren trenbideen inguruan, txarrantxak zutitu dira azken hilabeteotan. «Duela hiru aste saiatu nintzen pasatzen. Banekien bi harresi pasatu beharra nituela, baina bigarrena gainditu eta txarrantxa murru handiago bat banuen parean. Horretan nintzen kolpatu. Gero eta murru gehiago eraikitzen dituzte. Azkena hiru edo lau metrokoa da. Eskuetako zauriez gain, zangoetan kolpatzen dira orain pasatu nahi dutenak, murru horretatik jauzi egitean».
Munduko Medikuak eta haren gisako gobernuz kanpoko erakundeak hor dira haien sendatzeko. Ospitale bat plantan ezarri du elkarteak, kanpamentuaren erdi-erdian. «Beharrik hor direla», azpimarratu du Mohamedek. «Baina 25 txartel bakarrik banatzen dituzte egunean; ezin dituzte denak sendatu».Txartel bat, kontsulta bat, zauritu anitz.
Ospitalearen inguruan, migratzaileen herrixkaren auzoak dira. Lau dira, lau karpa handiren inguruan antolatuak. Herrialde bakoitzak badu bere aterpea. Bat eritrearrendako, beste bat sudandarrendako, hirugarrena afganistandarrendako. Azkena, urraturik eta abandonatuta, Siriarrena da. Uholde batek andeatu zuen; geroztik, babesten zituenak ospitalearen bazterrean instalatu dira, oihal etxeetan.
Mohamedek sudandarren karpa utzia du; orain bere oihal etxe txikian bizi da, bi lagunekin. «Karpetan, 250naka metatuak gara. Gauean, bat hazka hasten denean, goizean 250ak dira ari. Kukusoengatik». Edozein gisaz, ez litzateke aski leku gelditzen diren hiru karpetan «oihaneko» guziendako. Mohamed bezala, gehienak oihal etxe txikietan bizi dira, edo txaboletan.
Bizitzeko gutxienekoa elkarteek ekartzen diete. Arratsaldero bostetan janaria banatzen du Salam elkarteak —300 bat bazkide biltzen ditu—. Beste batzuek ere jantzi edo tresna banaketak egiten dituzte unean-unean. «Zaila da, baina nahiago dut hemen bizi, Sudanera itzuli baino. Hara eramaten banaute, bidea berriz egingo dut, askatasunarendako. Itsasoan hil behar badut ere».
Baldintza gogorrak
Baldintzak gogorrak baldin badira Calaisen, Frantziako iparrerainoko bidea da arriskutsuena. «Sudan edo Eritreatik hona heltzeko hiru aukera ditugu. Lehena Libiatik, laburrena. Baina Gaddafi erori denetik, anarkia da han. Ez dakigu nori konfiantza eman. Bigarren aukera Egipto trabeskatzea da. Bide hori da arriskutsuena. Mugalariak pagatzen ditugu kamioietan igo eta Sinai basamortua trabeskatzeko. Baina batzuek ondotik migrantez beteriko kamioiak organoen trafikoko mafia sorta bati saltzen dituzte, diru gehiago biltzeko gisan. Azken bidea Turkiatik pasatzen da, Europatik barna igarotzeko. Inurrien bidea deitzen dugu. Hamar bat estatu gainditu behar dira». Hiruendako bost eta hamar mila dolar gastatu behar dituzte iheslariek.
Calaiseraino ailegatu direnek azken etapa dute gogoan: Mantxako kanala gainditzea. Ofizialki ez da inor pasatzen; muga zaindua da. Migranteek eta elkarteek diote ehun bat pasatzen direla egunero. Erresuma Batuan asiloa lortzeko epea laburrago delako. Frantzian, Prefeturan asilo eskea egin ondotik, hilabeteak goaitatu behar dituzte migranteek. Mohamedek egina du galdea: «Esan didatenez, gutxienez sei hilabete itxoin beharko ditut nire kasua landu dezaten». Sei hilabete kanpoan, Calaisko «oihanean».
Calaisko kanpamentua handitzen ari da, herrixka bilakatzen. Bela eta zurezko eliza eta meskita bat eraikiak izan dira, saltegitxoak ere, ostatuak, eskola bat. Ingeles gazte batzuek liburutegia sortu dute. Ile apaindegi bat ere badago. Kanpamentua antolatzen da. Elektrizitatea badago; lau iturri besterik ez dago. «Komunitate anitz bizi dira hemen, bakean-bakean», azpimarratu du Mohamedek. «Baina negua etorriko delarik, zailago izanen da. Komunak baditugu, baina oihal etxeetatik urrun; gauez ez dira denak haraino joaten. Zaborrekin ere arazo bera. Euria, hotza eta haizea etorriko direlarik tentsioak azkartuko dira. Beldur naiz. Frantziako Gobernuak ez badu ezer egiten, hilak izango dira hemen».
Agorrilean, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak iragarri zuen 2016rako 120 babesleku eraikiko zituztela. Auberge des Migrants elkarteko François Guennocek «gauza ona» dela dio. «Zer eginen dute, baina? Txabolak eraitsiko dituzte oihal etxe hobeak emateko? Migranteek gaizki hartuko dute. Egiazko arazoa asiloa ukaiteko epea da. Errefuxiatuak Calaisera datoz Erresuma Batura pasatzeko, baina baita hemen asiloa Frantziako beste lekuetan baino azkarrago ematen dutelako ere».
Gainera, Calaisko kanpamentua ez da ttipituko. Kontrakoa. Urte batez bikoiztu egin da, eta gehiago handitzeko bidean da. «Herrian, dozenaka lagun ditut etorri nahi dutenak», iragarri du Mohamedek. «Hemendik hiru hilabetera milioika migrante berri etorriko dira Europara». Calaiseraino heldu direnak Erresuma Batura joateko zirrararekin etorri dira beren herritik. Baina amets hori bete baino lehen, errealitatea: Calaisko dunetako hondar arteko txabolategian bizi behar dute.
Errefuxiatuen krisia. Calaisko kanpamentua
Zirraren hautsa
Frantziako iparrean, 3.500 migratzaile bizi dira Calaisko dunetan sortu den kanpamentu batean. Erresuma Batura joateko zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu