Ziprek ohartarazi du Gazarako itsas korridoreak ez duela zertan segurua izan

Laguntza humanitarioa eramateko lehen ontzia prest da, eta asteburu honetan da zerrendara joatekoa, zenbait agintariren arabera. Sanchezek esan du Espainiak legegintzaldi honetan aitortuko duela Palestinako Estatua.

(ID_13612321) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Lekualdaturiko palestinar batzuk, Gaza hegoaldeko Deir al-Balah hondartzan, joan den otsailaren 16an. MOHAMMED SABER / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 9a
16:00
Entzun

Joan den asteburuan AEB Ameriketako Estatu Batuek Gazarentzako laguntza airetik bota ondoren, orain itsasoko bidearen alde egin dute Mendebaldeko zenbait estatuk eta erakundek. Asmoa da Mediterraneoaren hego-ekialdea korridore humanitario bilakatzea, eta, praktikan, Israelek 2007tik ezarritako blokeoa behin-behinean haustea. Horretarako, Palestinako kostatik gertuen dagoen Europako irla, hau da, Zipre, erabili nahi dute ontziak bete eta elikagaiak eta sendagaiak bidaltzeko. Hori bai, herrialde horretako gobernuak, ideiarekin bat egin duen arren, ohartarazpen bat helarazi du: bideak ez duela zertan segurua izan.

CNA albiste agentziak Constantinos Kombos Zipreko Atzerri ministroari galdetu dio, gaur, ea Israelek segurtasun bermeak eman dizkion itsaso bidezko korridore humanitarioaren inguruan, eta hark erantzun anbiguoa eman du: «Elementu gehiegi daude; hortaz, inork ezin du esan ez dela arazorik izango, gerra eremu batean mugitzen ari baikara». Kombosek zalantzan jarri du, gainera, korridorea bera martxan jartzea posible izango den, «aurreikusi ezin diren gauza asko» baitaude horren inguruan; agian «eguraldiak berak» baldintzatu dezake plana, kasurako, baita «asmo txarreko ekintzek» ere.

Hori guztia aintzat harturik ere, Zipreko Atzerri ministroak itsas korridore humanitarioa asteburu honetan irekitzeko asmoa adierazi du, baina, aldi berean, zuhurtzia handiaz mintzatu da, argudiatu baitu «premiaren» eta «eraginkortasunaren» arteko oreka bat lortu behar dutela. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere esan zuen, atzo, «lehen bidaia pilotu» bat egitekoak zirela atzo bertan, eta espero zutela beranduenez bihar bidaltzea Gazarako laguntza, baina ez zuen ezer ziurrik adierazi.

«Elementu gehiegi daude; hortaz, inork ezin du esan ez dela arazorik izango, gerra eremu batean mugitzen ari baikara».

COSTANTINOS KOMBOSZipreko Atzerri ministroa

Oraingoz, Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontzi bat Zipreko Larnaka portuan dago, eta 200 tona elikagai —besteak beste, arroza eta irina— prest ditu zerrendara eramateko. Dena den, lerro hauek idazterako, ez dago batere argi bidaia asteburu honetan egin ahalko duen, ezta lehena izango den ere bide berria estreinatzen, GKEko zuzendari Oscar Campsek esan baitu Von der Leyenen asmoez prentsaren bidez jakin zutela, eta ez Europako Batzordearen bidez.

Gainera, gaur Espainiako SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean, Campsek azaldu du Israelen baimenaren eta eguraldi iragarpenen menpe daudela; horren erakusle, Zipreko hedabideen arabera, Israelgo segurtasun indarrak Open Armsen ontzia miatzen aritu dira. Behin oniritzia jasota, Gazara iristeko bidaiak bi egun inguru iraungo luke, GKEko zuzendariak gaineratu duenez.

Itsas korridore humanitarioarekin lotuta, AEBen asmoa da zerrendako kostaldean behin-behineko portu bat eraikitzea, Joe Biden herrialde horretako presidenteak atzo jakinarazi zuenez. Gaur, berriz, Pentagonoak azaldu du 60 egun beharko lituzketela hori gauzatzeko, eta, zehazki, ur gainean legokeen ontziratze toki bat sortuko luketela —Gazako portuek ez dute funtzionatzen—.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, zerrendan 300.000 lagun inguru daude gosetearen atarian, eta, joan den urriaren 7az geroztik, 30.900 pertsonatik gora hil ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuek diotenez.

UNRWA, «heriotza arriskuan»

Eta laguntza humanitarioarekin lotuta, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren buru Philippe Lazzarinik gaur ohartarazi du erakunde hori «heriotza arriskuan» dagoela, Israelek bere langileetako batzuei leporatu baitzien Palestinako milizia armatuen iragan urriko erasoan parte hartu izana. Horren harira, hamasei estatuk UNRWA finantzatzeari utzi zioten, Europako Batzordearekin batera.

Akusazio horren ondorioz, erakunde horren ikerketa independente bat egiten ari dira egun, Catherine Colonna Frantziako Atzerri ministro ohia buru dutela, eta ondorioak datorren hilabetean jakinaraziko dituzte. Bien bitartean, Reuters albiste agentziak atzo argitara atera zuenez, UNRWAk barne ikerketa bat egin zuen iragan hilabetean, eta horretan dio Israeldik Gazara askatu zituzten bere langileetako batzuek «presioak» jasan zituztela Hamasekin eta joan den urriaren 7ko erasoarekin harremana dutela adieraz zezaten.

Tel Avivek ez du frogarik helarazi akusazioen inguruan, eta, hori ikusirik, zenbait herrialde eta erakunde hasi dira berriz NBEko taldea finantzatzen; tartean, Europako Batzordea, Kanada, Suedia eta Espainia.

Arlo politikoan, azken herrialde horrekin lotuta, Pedro Sanchez gobernuko presidenteak gaur jakinarazi du bere herrialdeak Palestinako Estatua aitortuko duela legegintzaldi honetan —printzipioz, 2027ra arte iraungo du—. Diputatuen Kongresuak horri buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuen 2014an —PP Alderdi Popularra zegoen agintean—, aho batez, gobernuari eskatzeko «Palestinako Estatua aitortu» dezala «alde bakarrez eta aurretiazko baldintzarik gabe». Hori, ordea, ez du inork gauzatu orain arte.

Erabakia Ministroen Kontseiluak hartuko du —ez du esan noiz—, eta horren aurretik edo ondoren proposamena helaraziko dio behe ganberari, eta horretaz eztabaidatuko dute. Ez dute bozketarik egin beharko, 2014an onartu zuten legez besteko proposamenarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.