Zipre batzeko negoziazioak berriz hasi dituzte Suitzan, NBEren bitartekaritzarekin

«Irtenbide iraunkor baterako» oinarririk badagoen aztertzea izango da bileren xedea. Uhartea bi estatutan banatzea defendatuko dute Turkiak eta Ipar Ziprek

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa eta Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea, joan den astean, Atenasen. KOSTAS TSIRONIS / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Zipreren batasunaren inguruko negoziazioak hasi zituzten atzo, Suitzan, duela lau urte porrot egin zuten herrialde berean, baina denbora iragate hutsak ez ditu uxatu 2017ko elkarrizketetako desadostasunak, eta itxaropen handirik ez dute mahaiaren inguruan elkartuko diren aldeek. Azken negoziazioetan oso gertu izan zuten konponbidea, baina uharteko bi komunitateen arteko botere banaketarekin ez ziren ados jarri. Auzi horrek trabatu zuen orduko saioa, Turkiak bere tropak erretiratzeari emandako ukoarekin batera. Oraingoan ere giltza herrialde horrek izan dezakeela aurreikusten da, eta presentzia militarraren nahiz uhartearen egitura administratiboaren inguruan ardaztuko direla elkarrizketak.

NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatu ditu bilkurak, eta bitartekari lanak egingo ditu Antonio Guterres erakundeko idazkari nagusiak. Harekin batera izango dira Zipreko Errepublikako, Ipar Zipreko, Turkiako, Greziako eta Erresuma Batuko ordezkariak. Azken hilabeteetan elkarrizketa sorta bat egin ostean deitu zituen bileretara Guterresek, haren bozeramaileStephane Dujarricek azaldu zuenez. Zehaztu zuen bilerak «informalak» izango direla: «Helburua izango da ikustea ea oinarri komunik badagoen Zipreko egoerari irtenbide iraunkor bat ematera bideratutako negoziazioak egiteko». Horrenbestez, egingo dituzten bilkurek egoerari neurria hartzeko balioko dutela espero da. Erantzun beharreko galdera ez da hainbeste izango Zipreko bi komunitateek nola nahi duten banatu boterea euren artean, baizik eta ea prest dauden botere hori partekatzeko, edo, aldiz, nahiago duten nork bere boteregune propioa izatea, eta hori bi estatu desberdinetan egituratzea. Galdera horri ematen dioten erantzunaren arabera erabakiko dute negoziazio formalagoei bide eman edo ez, beraz.

Nikos Anastasiadis Zipreko presidentearekin eta Ersin Tatar Ipar Ziprekoarekin bildu zen atzo Guterres, baina bi bilera desberdinetan egin zuen. Gaur, ordea, alde guztien arteko bilera izango dute, eta bihar izango da azken saioa. Diotenez, ordura arte adierazpen publikorik ez dute egingo. Dujaricek ez zuen zehaztu zenbateraino espero duten aurreratzea negoziazioetan, baina ziurtatu zuen Guterresek itxaropen «errealistak» dituela.

1974. urtetik zatituta dago Zipre. Turkiako tropek irlaren iparraldea inbaditu zuten, eta han bizi ziren greziar-zipretarrak kanporatu zituzten. Berdin gertatu zen hegoaldeko turkiar-zipretarrekin ere. Uhartea estatu federal baten barruan batzeko hiru ahalegin egin dira 2004tik gaur arte, baina huts egin dute hirurek.

Bi eremu eta bi erakunde dituen federazio bat sortzea da NBEren xedea. Hala nahi dute Zipreko eta Greziako gobernuek ere. Irtenbidea baldintza horietan soilik eman daitekeela adierazi zuen Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak iragan martxoan, Zipreko presidentearekin Atenasen elkartu zenean: «Subiranotasun bat, nazionalitate bat, nazioartean ordezkaritza bakarra, eta, noski, armada okupatzailearen irteera eta Berme Hitzarmena deuseztatzea». 1960an sinatu zuten hitzarmen hori Ziprek, Greziak, Turkiak eta Erresuma Batuak, eta Turkiak dio tropak uhartera eramatearen erabakia horretan oinarrituta hartu zuela.

Gainera, akordio horrek galarazi egiten dio Zipreri gainerako herrialdeekin erakunde politiko eta ekonomiko multilateralak eratzea. Zipre Europako Batasuneko estatu kide bihurtu zen 2004an, eta hango gobernuak uste du hitzarmen hori bateraezina dela EBren parte izatearekin. Era berean, Bruselak turkiar-zipretarren eskubideak ere defendatzen dituela argudiatu izan du, eta, hortaz, okupazio militarra ez dela beharrezkoa.

Ipar Zipreko eta Turkiako gobernuek, ordea, ez dute uste aterki federal baten pean bi komunitateak sartzeko modurik dagoenik. Gainera, eredu horren inguruan aurrez egindako negoziazioek porrot egin dutenez, alferrikakotzat dituzte gai beraren inguruko saiakerak. Haien proposamena bi estatu egitekoa da. Hala berretsi zuen Tatarrek herenegun, Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean: «Nire iritzia da bi estatu subirano sortu behar direla, harreman ona izango dutenak eta edozein modutan kooperatzeko prest izango direnak zipretarren ongizatearen alde». Zipreko Gobernuak esana du ez duela babestuko proposamen hori, herrialdearen zatiketan sakontzea esan nahiko lukeelako.

Espero bezala, Ziprek aukera hori errefusatzen badu, Ipar Zipreko Errepublika Turkiarraren subiranotasuna aitortzen jarraituko dutela ziurtatu zuen Tatarrek. Uhartearen iparraldean sortutako gobernuak Turkiaren aitortza ofiziala soilik dauka.

EBren presioa

Ziprerekin eta Greziarekin negoziatzeko orduan begi bat Bruselan izango du Turkiak, EBrekin duen harremana baldintzatu baitezake uhartearen inguruan hartzen duen jarrerak.

Recep Tayyip Erdoganen gobernua eta Mendebaldeko potentziak urrundu egin dira nazioarteko hainbat gaitan, aspaldian; besteak beste, Karabakh Garaiko gatazkan eta Ekialde Hurbilekoetan. Horrez gain, Turkiak Mediterraneo itsasoaren inguruan gasa eta petrolioa ustiatzeko dituen asmoek talka egiten dute Bruselak dituenekin. Horrek guztiak Ankara Zipreren inguruko negoziazioetara begira ahuldu egin dezakete, ez baitzaio komeni EBrekiko harremana asko tenkatzea, migratzaileen inguruan harekin duen akordioan nahiz beste zenbait auzitan eraginik izan ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.