Ia bi urteko etenaldiaren ostean, Zipre batzeko bake negoziazioei berriro heltzea erabaki dute turkiar-zipretar eta greziar-zipretar komunitateetako ordezkari politikoek. 1974. urtean hasitako gatazka politikoari «lehenbailehen irtenbidea emateko konpromisoa» hartu zuten atzo Zipre greziarreko buru Nikos Anastasiadisek eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako agintari Dervis Erogluk.
Bi ordezkari politikoek nabarmendu zutenez, atzoko bileran lortutako hitzarmena konponbidearen lehen pausoa besterik ez da, eta «ahalegin handiak» egin beharko dituzte alde bateko zein besteko zipretarrek «Europako estatu moderno bat sortzeko oinarriak jarriko baditugu».
Herrialdeko indar politiko guztien babesa eskatu zuen Anastasiadisek, eta prozesuarekin uzkur agertu direnei «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan zien, Zipre berriak izanen dituen oinarrien inguruan: «Giza eskubide guztiak errespetatuko dituen estatua nahi dugu, eta, horretarako, NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak eta printzipioak hartuko ditugu oinarritzat». Bestalde, negoziazio mahaiaren bi aldeetan daudenen arteko «giro ona» nabarmendu zuen Erogluk, baina ordezkaritza bakoitzak bere eremuko herritarrak «aldaketarako» prestatu beharko dituela gaineratu zuen, «prozesua akusazio antzuen artean blokeatuta geldi ez dadin».
Etorkizuneko Zipreko errepublikaren ezaugarri nagusiak aletzen ditu atzoko bileran adostutako agiriak. Bertan, bi komunitatek osatutako estatu federala eratzea aurreikusten dute Zipre greziarreko eta Zipre turkiarreko ordezkariek. Federazioaren barruko bi eremuak «politikoki berdinak eta osagarriak» izanen lirateke, eta zipretar guztiek hiritartasun bera izanen lukete. Hori guztia zehazteko konstituzio berri bat idatziko dute, baina horretarako datarik ez dute eman. Bestalde, Zipre batua NBEko eta Europako Batasuneko kide izanen dela nabarmendu dute agintari politikoek; Zipreko Errepublika hala da gaur egun ere.
Nazioarteko zenbait ordezkarik begi onez ikusi dute Zipreko bake negoziazioak berriz abiatzeko ituna. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, adibidez, «emaitzak lortzeko bidean jarritako zimendu sendoa» dela nabarmendu du, eta Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek aurrerapausotzat jo du. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganen ustez, Zipre «aro berri batean» sartu da.
Zipre batzeko bake negoziazioak berriz abiatuko dituzte bi aldeek
NBEren printzipioetan oinarritutako estatu europarra sortu nahi dute uharteko turkiar eta greziar buruzagiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu