Zipre astindu du pasaporte salerosketaren inguruko ustelkeriak

'Al Jazeera'-k dokumental batean azaleratu du atzerriko delitugileek zer bide darabilten diru truke lortzeko zipretar herritartasuna. Parlamentuko presidenteak eta diputatu batek dimisioa eman dute

Manifestari bat, Zipreko presidente Nikos Anastasiades-en aurpegia irudikatzen duen maskara jantzita, asteazkenean, parlamentuaren pareko protestan. KATIA KHRISTODULU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ustelkeria auzi batek lurrikara politikoa eragin du Zipren. Al Jazeera hedabideak egindako dokumental batek azaleratu du ustezko iruzurra. Informazio horien arabera, zenbait goi kargudunek Zipreko pasaporteak saldu dizkiete atzerriko hainbat delitugileri, EB Europako Batasunak hainbatetan kritikatu duen sistema baten bitartez: herritartasuna herrialderako inbertsioen truke emateko programa.

Al Jazeera-k The Cyprus Papers Undercover [Zipreko paper ezkutuak] dokumentala argitaratu eta egun gutxira, kargua utzi dute Demetris Sylluris parlamentuko presidenteak eta Khristakis Giovani diputatuak, argitaratutako informazioen presioak behartuta. Dokumentalaren grabazioetan ageri denez, bi goi kargudunak prest zeuden beren esku zegoen guztia egiteko diru zuriketagatik zigortua izan zen atzerritar bati Zipreko pasaportea lortzearren. Baldintza bakarra jarri zioten: gutxieneko inbertsio bat egitea. «Ez da erraza, baina hitzeman dezaket ahal dugun guztia egingo dugula, eta badugu eskarmentua», adierazi zion Giovanik Al Jazeera-ko ezkutuko kazetari bati.

Kazetariak inbertsiogile txinatar baten ordezkari gisa aurkeztu zuen bere burua bi politikarien aurrean. Hasieratik utzi zien argi inbertsiogilea dirua zuritzeagatik zigortu zutela Txinan. Beraz, Zipreko legediari jarraituz, ezin izango litzateke izan herritartasuna eskuratzeko programaren onuradun. Hala ere, legea ez zela eragozpen izango adierazi zion Syllurisek kazetariari. «Nire edo beste inoren izena aipatu gabe, esan diezaiokezu Zipreren babes osoa izango duela, edozein eremutan: politikoan, ekonomikoan, sozialean... edozeinetan».

Dokumentala astelehenean argitaratu zuen Al Jazeera-k. Hurrengo egunean, Ziprek indargabetu egin zuen polemikaren iturburu den programa, eta ikerketa bat martxan jarriko zuela iragarri zuen Fiskaltza Nagusiak. Asteartean bertan, dimisioa aurkeztu zuen Giovanik. Syllurisek, berriz, atzo utzi zuen kargua, asteazkenean, parlamentuaren parean izan ziren protestek eta presio politikoek behartuta. Dokumentalean ustelkeria auziarekin lotuta ageri direnek errugabeak direla ziurtatu dute, eta gaineratu Al Jazeera-ko kazetariari informazioa ateratzeko ahaleginean ari zirela, ondoren diru zuriketagatik salatzeko.

Dokumentalean jasotakoa ez dasalbuespena, Al Jazeera-ren esanetan. Joan den abuztuan, Zipreko Paperak izeneko dokumentuak argitaratu zituen —1.400 inguru—, uharteak azken urteetan hainbat delitugileri pasaporteak saldu dizkiola frogatzeko. Erosleen artean dira Interpolek bilatzen zituen zenbait.

Zipreko pasaportea eskatu nahi duten delitugileek, zigortuak izan direlako oztopoak baldin badituzte, badute uharteko herritartasuna lortzeko beste bide bat, Andreas Pittadjis programaren zerbitzuko abokatuaren esanetan. Al Jazeera-ren dokumentalean azaltzen du, halakoetan, kondenatuaren senide batek egiten duela lehenengo pasaporte eskaria, eta, hark herritartasuna lortu ondoren, interesatuak berak aurkeztu dezakeela berea, haren familiako kide gisa.

Diru zuriketarako bide

EBk kezka agertu du auziarengatik. Europako Batzordeak «harriduraz» jaso du «hain goi mailako kargudunak» Europako herritartasunarekin «salmentan» aritzea. Hitzeman du Ziprek EBko legedia urratu duen argitzeko ikerketa abiatuko duela.

Zipre ez da herritartasuna inbertsioen truke eskuratzeko bidea eskaintzen duen Europako herrialde bakarra. Antzeko programak dituzte Maltak eta Bulgariak ere. EBk hainbatetan kritikatu ditu halakoak, diru zuritzea erraztu dezaketela ohartarazita.

Al Jazeera-ren arabera, Ziprek 7.000 milioi baino gehiago jaso ditu programaren bidez, hura 2013an onartu zuenetik. Jasotako diru hori «porrot egin duen ekonomiari eusteko» erabiltzen duela adierazi du. Gaineratu duenez, herritartasuna erosteko programa «ezaguna» da Errusian, Txinan eta Ukrainan, aukera ematen duelako EBko merkaturako sarbidea izateko eta dirua zerga paradisuetan pilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.