Zimbawe,

Herrialdea krisi politiko eta ekonomiko larrian da, eta oposizioak Gobernuaren aurkako protesta gehiago egin ditu egunotan; Afrika hegoaldeko 14 estatuk nazioarteak jarritako zigor oro kentzeko eskatu dute.

2007ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zimbaweko krisi ekonomiko eta politiko latza dela eta, azken urteotan protesta franko egiten ari da oposizioa, Robert Mugabe presidentearen politikaren eta horren aldetik jasaten duen jazarpenaren kontra. Azken protestak herenegun eta atzo artean egin zituzten, greba orokorrera deituta. Alabaina, oposiziok nahi bezalako segimendua ez du izan. Harare hiriburuan eta beste hiri handietan Gobernuak hedatutako soldadu eta polizia ugariek, batetik, eta %80ko langabezia tasa duen herrialdean langile batzuek lanpostuak galtzeko duten beldurrak, bestetik, lanuzte gutxi izatea eragin du.

Hain justu, Zimbaweko krisia izan da martxoaren 29an Dar es Salaamen (Tanzania) Afrikako hegoaldeko 14 estatutako agintariek eginiko larrialdiko goi bileraren ardatz nagusia. Gobernuaren eta oposizioaren arteko tirabirak eta krisia konpontzen saiatzea izan da helbururik behinena. SACD Afrikako Hegoaldea Garatzeko Komunitateak antolaturiko bilkuran, Nazio Batuen Erakundeak eta Ameriketako Estatu Batuek ezarritako zigor guztiak kentzeko eskatu dute agintari afrikarrek.

Gainera, Zimbaweko Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa sustatzeko eginahalak gidatzeko ardura eman diote Hegoafrikako presidente Thabo Mbekiri. AEBek, aldiz, Zimbawen «aldaketak eragiteko» laguntza eskatu diote SACDri. Mendebaldeak eta Afrikako estatu batzuek Mugaberen aurkako neurri zorrotzagoak eskatuak zituzten. Bilkuraren ondotik, Mugabek esan zuen SACDko ezein agintarik ez zuela bera kritikatu, onartu egin zien arren oposizioko buru Morgan Tsvangiraik duela aste batzuk bere poliziek jipoitzea «merezi» zuela.

Elkarrizketen emaitzekin eszeptiko agertu da oposizioko MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko idazkari nagusi Tendai Biti: «Bihar bertan elkarrizketa eginda ere, nola gutxituko du horrek inflazioa %1.730tik %2ra, esaterako, edota %80ko langabezia?».

Iragan asteko goi bileraren gonbidatzaile eta Tanzaniako presidente Jakaya Kikweteren ustez, Zimbaweko egoerak arreta «berehala» behar du; «baina ez da konponezina». Azken deklarazioan, «Zimbaweko Gobernuarekiko eta herriarekiko elkartasuna berretsi» dute.

Londres, Zimbaweren kolonizatzailea eta okupatzailea izandakoa, gogor ari da salatzen urteotan Mugaberen gobernua. Azkenaldian EBren eta AEBen sostengua izan du salaketa horietan.

Duela zazpi urte, Mugabek nekazaritza erreforma hasi, eta koloniaren garaitik lurrak zituzten zuriei horiek kendu eta herritar beltzen artean banatu zituen. Horrek Londresen haserrea eta jarrera oldarkorra eragin zuen.

Alabaina, oposizioak erreforma horiek eta gerora Gobernuak hartutako beste neurri batzuk salatu ditu, baita bere aurkako jazarpena ere. Hain justu, Poliziak oposizioko buruak, tartean MDCko buru Morgan Tsvangirai, hil honetan bitan -azkena ostegunean- atxilotu eta jipoitzeagatik Harare salatu dute Washington, Londres, Brusela eta Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak.



OPOSIZIOAREN JAZARPENA. HRWk, gainera, salatu du oposizioko buruak ez ezik, oposizioaren jarraitzaileak edota ustezko jarraitzaileak ere jazartzen ari direla. «Polizia atez ate joan da, jendea egurtzen. Jazarpena zabaldu du. Ez da soilik oposizioaren aurkakoa, herritar xumeak ere jomuga ditu», azaldu duTiseke Kasambala HRWkoak. Halaber, Afrikako agintarien «erretolika hutsa» kritikatu, eta Zimbaweko krisia konpontzeko «ekinbide gogorragoa» eskatu die.

Mendebaldeak zigor gehiago ezarriko dizkiola ohartarazi dio Mugaberi. NBEk eta AEBek isunak eta boikota ezarriak dizkiote Zimbaweri, giza eskubideak urratzeaz akusatuta. Aitzitik, egungo krisia zigor horien ondorioa dela dio Mugabek. 2002ko Presidentetzarako bozetan oposizioak eta nazioarteak irregulartasunak salatu zituzten. Hura nagusitu zen.

Joan den martxoaren 11n, Gobernuaren kontrako ekitaldi batean, buruzagi politiko eta herritar franko atxilotu zituzten Hararen, eta liskarretan MDCko ekintzaile Gift Tandare hil zuten. Ekitaldiaren lekutik hurbil hil zuen Poliziak. Iturri ofizialen arabera, poliziei eraso zien talde batean zegoen Tandare. Atxilotutako buruzagien artean Tsvangirai eta Asanblea Nazional Konstituziogileko buru Lovemor Madhuku zeuden. Atxilotu zituztenean kolpeengatik konortea galdu zuten biek, eta ospitalera eraman behar izan zituzten gero. Poliziaren esku egon ziren bitartean torturatu egin zituztela salatu zuten biek. Ehun lagun atxilotu zituzten, oposizioaren arabera.

Zimbawe Salbatu kanpainaren barruan zegoen antolatua ekitaldi hura; giza eskubideen aldeko hainbat erakundek, erlijio taldek eta oposizioko alderdiek osatzen dute hura antolatu zuen koalizioa. Ekitaldian zirelarik, Poliziak inguruko errepideak itxi, eta parte-hartzaileei negar gasak jaurti zizkien. Ur kanoiak ere erabili zituen.

Iragan otsailaren 21etik hiru hilabetez manifestazioak egiteko debekua ezarria du Gobernuak. «Hori ez errespetatzeagatik gertatu dira istilu eta atxiloketak», dio.



2000TIK KRISIAN. Zimbawek 1980an lortu zuen independentzia, britainiarren Rhodesia estatua historia liburuetara bidalita. Alta, kolonizazioaren aje ugari pairatzen ditu oraindik, halakoetan ohi den bezala. Urte hartan erbestetik itzuli zen Mugabe, eta ordutik agintean da. Nolanahi ere, 2000tik krisi latza jasaten ari da herrialdea. Zerikusi handia du urte hartan bertan Gobernuak hasitako eta 2002an bukatutako nekazaritza erreformak.

2002ko apirilean elikagai eskasia zela-eta hondamendi egoera deklaratu zuen Gobernuak. Idorteei bota zien errua, baina NBEren EMP Elikadurarako Munduko Programak esan zuen nekazaritzan izandako etenak ere zerikusia zuela sortutako gosetean.

Oposizioak antolatutako astebeteko protesten harira, Tsvangirai bitan atxilotu zuten hurrengo urteko ekainean. «Traizioa» leporatu zioten. 2002an antzeko akusazioa egin zioten, presidentea hiltzeko ustezko plan batean parte hartzeaz akusatuta.

Gobernuaren ekimenek hautsak harrotu zituzten berriz 2005eko ekainean. Atera Kanpora Zakarra izeneko kanpainaren helburua «merkatu beltza eta talde kriminalak desagerraraztea» zen. Milaka etxola suntsitu zituzten, bereziki Harareko kanpoaldean. iazko uztailean NBEk eginiko txostenaren arabera, «sufrimendua ikaragarria» zen. «Zazpiehun bat mila lagunek galdu dute etxea, eta beste 2,4 milioik ere kalteak jasan dituzte». NBEren orduko idazkari nagusi Kofi Annanek «hondamendi bidegabe» iritzi zion Gobernuaren jarrerari: «Herritar txiroenen aurkako operazioa da». Hori dela eta, operazioa gelditzeko eta politika hori bultzatu zutenak zigortzeko eskatu zuen. Gobernuak faltsutzat jo zuen NBEren txostena.

ITCG International Crisis Group taldeak duela gutxi eginiko ikerketaren arabera, indarkeriak azkenaldian duen gorakada krisi horren ezaugarriei zor zaie: «Elikagaien gabeziari, %1.700eko inflazioari [munduko handiena], zapalkuntzari eta ustelkeriari».

Bestalde, Mugabe 2008ko Presidentetzarako bozetarako hautagai izendatu zuen joan den ostiralean Zanu-PF haren alderdiak. Alderdi barruan haren kontrakorik dagoen arren, inork ez du, hark izan ezik, hautagaitza aurkeztu. Etxean nahiz kanpoan, 83 urterekin, batzuen babesa eta besteen errefusa biltzen segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.