Zigorrik ez printzeari

Saudi Arabiarekiko harremanak ez okertzearren, Etxe Zuriak uko egin dio printze oinordekoa zigortzeari. CIAk Khaxoggiren hilketaren erantzule jo du Bin Salman

Mohamed Bin Salman, Saudi Arabiako printze oinordekoa, artxiboko argazki batean. AITOR PEREIRA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren txosten batek Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketarekin lotu du Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed Bin Salman, Washingtonen eta Riaden arteko harremana gaiztotuz: «Ondorioztatu dugu Saudi Arabiako printze oinordekoak Jamal Khaxoggi kazetaria atzeman eta hiltzeko Istanbulen eginiko operazioa onetsi zuela». Hala, haren gertuko 70 lagun ingururen aurkako zigorrak onartu ditu Etxe Zuriak; ez, ordea, Bin Salman printzearen aurkakorik, iritzita hori «kaltegarriegia» litzatekeela AEBen eta Saudi Arabiaren arteko harremanentzat —Irani aurre egiteko, eta beste herrialde arabiarrekiko zubi lana egiteko Riaden beharra du Washingtonek—. Riadek «faltsutzat eta onartezintzat» jo du akusazioa.

Khaxoggiren gertukoentzat, berriz, «motz» geratu da Etxe Zuria. The Washington Post egunkari estatubatuarrak —bertako kolaboratzailea zen Khaxoggi— salatu du ez dela zilegi testuinguru horretan Saudi Arabiarekiko harremanen statu quo-ari bere horretan eustea. «AEBetako legediaren arabera, Bin Salman printzeari herrialdean sartzea debekatu beharko litzaioke, eta haren ondasunak blokeatu», zioen egunkariak atzo. Gertatutakoari buruzko «ikerketa independentea» eskatu zuen RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeko zuzendari Christian Mihrek ere: «Erantzuleak justiziaren aurrera eraman behar dira, eta argitu beharra dago zenbaterainoko esku hartzea izan zuen Bin Salmanek hilketan».

Ostiralean argitaratutako bi orrialdeko txostenak gogor egiten du Saudi Arabiako printze oinordekoaren aurka —dokumentua bera luzeagoa den arren, zati bat soilik atera dute argitara—. Argudiatzen du Khaxoggi hil zenean Bin Salmanek herrialdeko aginte makila zuela, eta hilketan haren gertuko aholkulariek eta segurtasun langileek hartu zutela parte, besteak beste bere guardia pertsonaleko zazpi kidek. Dokumentuak, hala ere, zehazten du litekeena dela kide horiek ez jakitea operazioak kazetariaren heriotza eragingo zuela. «Printzeak uste zuen herrialdearentzako mehatxua zela Khaxoggi, eta hura isilarazteko indarkeria erabiltzeko prest zegoen. Saudi Arabiako ofizialek haren aurkako operazio bat antolatu zutela jakin arren, ezin dugu zehaztu zenbateraino aurreikusi zuten kazetaria hiltzeko aukera», dio idatziak.

Horrez gain, atzerrian dauden disidente politikoen aurka biolentzia erabiltzearen alde egotea leporatzen diote printzeari. Hala, ondorioztatu dute «oso gertagaitza» dela herrialdeko funtzionarioek halako operazio bat egitea haren baimenik gabe, eta nabarmendu aipatu zazpi kideak printzearen segurtasunaren zuzeneko arduradunak direla, eta haren aginduei erantzuten dietela—Esku hartze Azkarrerako Taldea 2017an sortu zuen Bin Salmanek berak—.

Ez da printze oinordekoa hilketarekin lotzen den lehen aldia. Aurrez, Nazio Batuen Erakundeak ere adierazi zuen «froga sinesgarriak» daudela hori baieztatzeko. AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren txostena bera ere duela hilabete batzuk filtratu zen AEBetako hedabideetara. Orduko presidente Donald Trumpek, ordea, gezurtatu egin zuen informazioa. Joe Biden presidentearen gobernuak, baina, sinesgarritasuna eman dio, eta, horrekin batera, Riadekin dituen harremanak birdefinitzeari ekin. «AEBek Saudi Arabiarekin duten harremanarekin konpromiso bat dute, baina Biden presidenteak garbi utzi du lankidetza horrek AEBen balioak islatu behar dituela», azaldu du Antony Blinken Estatu idazkariak.

Txostena argitaratu bezain laster, AEBek zigor ekonomikoak iragarri dituzte erasoan parte hartu zutenen aurka, besteak beste Saudi Arabiako inteligentzia zerbitzuetako zuzendariorde ohiaren kontra. Horrez gain, Estatu Idazkaritzak AEBetan sartzea debekatu die 76 kideri, hilketan parte hartzea edo «atzerrian dauden disidenteei mehatxu egitea» leporatuta. Horrekin mezu garbi bat bidali nahi izan du Etxe Zuriak: «Saudi Arabiak bere lurretatik kanpo aktibista, disidente eta kazetarien aurka egiten dituen eraso eta mehatxuak amaitu egin behar dira».

Arma salmenten inguruan ere aritu da Blinken. Adierazi du orain arteko akordioak berrikusten ari direla, eta «ziurtatzen» arma horiek «Erreinuaren defentsarako» erabiltzen direla, eta ez «eraso operazioekin jarraitzeko». Azken hitz horiekin Riadek zuzendutako nazioarteko koalizioak Yemenen hasitako gerrari egin dio erreferentzia.

Sostengua

Riadek txostenean argitaratutakoa gezurtatu du, eta adierazi herrialde hartan egin zen ikerketak ondorioztatu zuela «arauak hautsi zituen talde batek» hil zuela kazetaria. Hala, gogoratu du bere garaian egin zirela «beharrezko prozesu judizialak».

Beste hiru herrialde ere irten dira Saudi Arabiaren defentsan, eta gezurtatu egin dute AEBek plazaratutako informazioa. Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek eta Bahrainek berretsi egin dute ordu batzuk lehenago Riadek esandakoa, eta harenganako «konfiantza osoa» dutela nabarmendu dute. «Ziur gaude, Saudi Arabiak legea betearaziko duela, eta auzitara eramango dituela Khaxoggiren heriotzarenerantzule guztiak», irakur daiteke Arabiar Emirerriek eta Bahrainek plazaratutako komunikatuan.

Khaxoggi 2018ko urriaren 2an hil zuten, Saudi Arabiak Istanbulen (Turkia) duen kontsulatuan. 59 urteko kazetaria eraikinean sartu zen, baina ez zen sekula atera. Hilketagatik zortzi lagun zigortu zituzten, horietatik bost heriotza zigorrera. Epaiketak, ordea, zalantza ugari utzi zituen, eta, besteak beste, Turkiak gardentasun falta kritikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.