Zigorra bete gabe irten daiteke

Iruzurra egiteagatik Hosni Mubaraki jarri zioten hiru urteko zigorra baliogabetu egin du kasazio auzitegiak.Egiptoko presidente ohia Maadiko ospitalean ari da zigorra betetzen

Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, auzipetuta egon den epaiketetako bati adi. KHALED ELFIQI / EFE.
Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Diru publikoaz jabetzeagatik zigortu zuten Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia, iazko maiatzean. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Litekeena da, ordea, hura osorik bete gabe irtetea kartzelatik, Egiptoko Kasazio Auzitegiak baliogabetu egin baitu zigorra. Ez da behin betiko erabakia, hala ere: epaia orain apelazio auzitegira igaroko baita. Han erabakiko dute epaiketa berriro egin edo ez. Mubarakek bi urte daramatza badaezpadako atxiloaldian, eta betea du hala egoteko epea. Farid el-Deeb Mubaraken abokatuak eskaria egiten badu, aske gera daiteke presidente ohia.

Maiatzeko epaiaren arabera, Mubarakek hasiera batean gobernuko komunikazio zentro bat eraikitzeko erabili behar zituen 125 milioi libera (2,5 milioi euro) jauregi propioak berritzeko erabili zituen. Epaiak diru hori guztia itzularazi ez ezik, 125 liberako isuna ere jarri zion.

Presidente ohiaren bi semeak ere, Alaa eta Gamal Mubarak, delitu auzi beragatik epaitu zituzten. Lau urteko zigorra ari ziren betetzen. Mubarakena bezalaxe, horien zigorra ere bertan behera geratu da.

87 urte ditu Mubarakek. Osasun arazoak dituenez, Maadiko ospitale militarrean ari da zigorra betetzen. Epaiketa guztiak gorabehera handikoak izan dira. Bertan behera geratu dira batzuk, eta errepikatu beste zenbait. 2011ko protestetako heriotzak egotzita azkenengoz egin zioten epaiketatik absolbituta geratu zen, azaroan. Hemezortzi egun iraun zuten protestek, eta 800 pertsona hil ziren. Fiskaltza auzi hori berriz ere errepikatzeko eskaera egitekotan dago. Hala egingo balu, Mubarak auzi beragatik epaitzen duen hirugarren aldia izango litzateke.

Habib al-Adly Mubaraken gobernuko Barne ministroa eta Poliziako sei kargu nagusiak ere hirugarren aldiz igaro beharko lukete epaitegietatik, presidente ohiarekin batera auzipetuta baitaude.

2011ko irailean egin ziren protestetako heriotzen inguruko epaiketan Hussein Tantawi Egiptoko armadako kontseiluko buruak deklaratu zuen. Manifestarien senideen ustez, Mubaraki mesede egiteko deklaratu zuen, eta epaiketa bertan behera uzteko eskaera egin zuten. Epaileak onartu, eta auzia hiru hilabete atzeratu zuten. 2012ko ekainean atera zen epaiarekin, bizi guztirako espetxe zigorra ezarri zioten Mubaraki.

Iruzurra egiteagatik ere epaitua zegoen Mubarak garai horretan, baina absoluzioa eman zion epaiak.

2013ko urtarrilean bizi guztiko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen apelazio auzitegiak, eta epaiketa berri bat egiteko eskatu. Apirilean ekin zioten epaiketa berri horri, baina ez zuen aurrera jarraitu, epaile taldeak parte hartzeari uko egin ziolako. Epaiketa eramaten ari zen bidearekin «desadostasunak» agertu zituzten. Epaile talde berria sortuta, maiatzean hasi zuten hurrengo epaiketa. Ustelkeria egotzi zioten, baina atxiloaldia kartzelan bete beharrean Maadiko ospitalean betetzea onartu zion fiskaltzak, eta ordutik han egon da zigorrak betetzen.

Mubarak kargutik kendu ondotik, ez da izan egonkortasun handiko garairik Egipton. 2012an egin zituzten hauteskundeak Anaia Musulmanek irabazi zituzten, eta Mohamed Mursi jarri zen presidente. Handik urtebetera, ordea, militarrek estatu kolpea eman zuten, eta, egun, Abdel Fatah al-Sisi dago agintean —Mursiren garaian Segurtasun ministroa zena—.

Istilu asko izaten ari dira herrialdean. Duela hiru egun, Aiman Desuki Egiptoko Poliziako kapitaina bahitu zuten Sinain, eta, atzo, haren hilotza aurkitu zuten Rafah herrian. Hilketaren erantzuleen bila dabil armada. Horrekin zerikusia dutelakoan, ustezko hainbat pertsona hil dituzte Al Arish eta Rafah inguruan. Poliziak uste du Wilaya Sina taldeak egin duela hilketa.Aurrez ere hainbat atentatu hartu ditu bere gain talde horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.