Hasi dute Hego Koreako presidente Yoon Suk-yeolen kontrako zigor auzibidea, Seulgo erdialdeko barrutiko auzitegi batean. Yoon urtarrilaren 15ean atxilotu zuten, matxinada baten buru izatea egotzita; izan ere, gerra legea ezartzen saiatu zen abenduan. Geroztik, atxilo egon da, eta parlamentuak kargugabetu egin du, formalki Hego Koreako presidentea oraindik bera bada ere.
Auzibidearen aurretiazko saioa egin dute Seulen. Hego Koreako legearen arabera, akusatuak ez daude behartuta aurretiazko saioetara joatera, baina Yoonek han egotea erabaki du. Haren abokatuek esan dute aurrerago azalduko dutela presidentearen jarrera auzibidearen inguruan, eta hura askatzeko eskatu dute: «Hura atxilotzeko arrazoiak jadanik ez daude indarrean, eta, beraz, legez kanpoko atxiloaldian dago gaur egun», azaldu dute. Epaileek erabaki dute aurretiazko beste saio bat egingo dutela aurrerago, baina ez dute horretarako datarik jarri.
Yoonek beste auzibide bat du zabalik Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalean, baina auzibide hori politika arlokoa da batez ere; horretan ere saioa egin dute, hamargarrena auzibidea ireki zutenetik, eta han ere egon da presidentea. Seulgo erdialdeko barrutiko auzitegiak abiarazitakoa, berriz, zigor arlokoa da; izan ere, Hego Koreako legearen arabera, presidenteari ezin zaio deliturik egotzi, matxinada kasuan izan ezik, eta horixe da Yooni leporatzen diotena. Matxinada egoeretan, hil arteko espetxealdia edo heriotza zigorra aurreikusten du legeak, azken horretarako luzamendu bat indarrean dagoen arren.