1990eko hamarkadaren hasieran Antartikako hego-ekialdeko Wilkins izozgunea 30 urtetan desagertuko zela aurreikusi zuten klima aldaketaren ondorioak aztertu zituen ikertzaile talde batek. Baina, izozgune horiek lehenago desegin daitezkeela iragarri dute orain. Izan ere, Wilkins izozgunetik 14.000 kilometro koadroko izotz xafla askatu dela ohartarazi dute ikertzaileek. Horrek izozmendi ugari eratzea ekarri du.Orain Hegoko Ozeanoan sakabanatzen ari dira, eta baita pixkanaka desegiten ere.
Izozgune horrek sakabanatzeak Bellinghausen Itsasoko -Antartikako mendebaldean- ekosisteman izan dezaken eragina aztertzen ari da Espainiako ikertzaile talde bat. Askatutako izotz zatiak urtzearen ondorioz, ekoizpen biologiko oso handia ari dela gertatzen jakinarazi dute: «Alde batetik, faunaren presentzia oso handia da; yubarta baleak eta leopardo foka ugari daude. Bestetik, CO2 kontzentrazio oso txikiak aurkitu ditugu itsasoan». Horrek argi izpien handitzea eragin eta izozmendiek isurtzen dituzten materialek ozeanoa emankortzea ekarriko duela jakinarazi dute ikertzaileek.
Horrez gain, itsasoan aurkitu dituzten izozmendi horietako batzuk 200 metro gainditu ditzaketela adierazi dute. Ikertzaileen arabera, Bellinghausen Itsasoko uraren tenperatuta bereziki beroa da. Horren ondorioz, 550 kilometro izotz desegin ziren bi astetan. 14.000 kilometro koadroko izozgunea askatu izanak ere kezkatzen ditu ikertzaileak.
Wilkins izozgunea Antartikako hego-ekialdean dago. Hego Amerikatik 1.600 kilometrora, hain zuzen ere. Izozgune hori jada desegin diren guneetatik baino hegoalderago aurkitzen da. Han, besteetan baino tenperatura hotzagoak dauden arren, ezin izan du planeta berotzearen ondorioetatik ihes egin. Klima aldaketak izozguneak ohi baino abiada handiagoan desegitea ekarri du, eta horrek aldi berean, itsasoaren maila nabarmen igotzea. Azken 50 urteetan uraren tenperatura inoiz baino azkarrago igo da; hamarkada bakoitzeko 0,5 gradu igo dela ohartarazi dute ikertzaileek. Horrek bereziki larrituta ditu adituak, batez ere, uraren igotzeak eragin ditzakeen ondorioengatik. Izan ere, itsaso maila igo ahala kostaldeko herri eta hiri asko urak hartuko dituela diote aurreikuspenek.
ZIENTZIA. Antartika urtze bidean
Antartikatik 14.000 kilometro koadroko izotz xafla bat banatu eta uraren tenperatura altuagatik urtzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu