Zibererasoak egitea leporatu diote Txinari

EBk, Erresuma Batuak eta AEBek adierazi dute urtearen hasieran Microsoften softwarearen aurka egindako erasoaren atzean dagoela

Microsoften logoa, denda batean. ZOLTAN MATHE / EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 19a
17:42
Entzun

Microsoft enpresaren posta elektronikoaren softwarearen aurka egindako zibererasoen atzean Txina dagoela adierazi dute, gaur, Erresuma Batuak, AEBek eta EB Europako Batasunak. Aurreneko biek behin baino gehiagotan egin dizkiote antzeko akusazioak Pekini; ez, ordea, EBk. Baina joan den ekainean, NATOren goi bileran, aliatuek nabarmendu zuten Txinari aurre egitea zela «segurtasun globalaren erronka nagusietako bat». Eta Bruselak ohar bat plazaratu du gaur, nabarmenduz, besteak beste, Txinaren «jarrera arduragabeak» eragiten dituela «segurtasunean arriskuak» eta batasuneko gobernuentzat «galera nabarmenak».

Zibereraso horiek aurtengo urtearen hasieran gertatu ziren, eta, zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, 250.000 bat zerbitzariri eragin zieten. Multinazionalek, gobernuek eta defentsako enpresa handiek erabili ohi duten softwarea da Microsoftena.

EBk oharrean adierazi du erasoak Txinatik egin zituztela, baina ez du zuzenean hango gobernua akusatu. Erresuma Batuak, bai. Dominic Raab Atzerri ministroak komunikatu batean azpimarratu duenez, zibererasoen egileek Txinako Gobernuaren babesa dute. «Txinako Gobernuak zibersabotaje hau bukatu beharra dauka. Ez baldin badu egiten, kontuak eman beharko ditu».Nolanahi ere, estatu aliatuek ez dute Txinaren aurkako zigorrik planteatu.

Joe Biden AEBetako presidenteak esan izan du Mendebaldeko estatuek erabakitasun handiagoz jokatu beharko luketela «erregimenaren jarduera kaltegarrien aurka». Gaur bat eginda agertu dira aliatu guztiak, eta AEBek argitaratutako oharrean zibererasoen aurka «elkarrekin lan egitera» deitu ditu aliatuak. Txinari ohartarazi dio, gainera, neurriak hartuko dituztela zibererasoei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.