Dolors Sabater. CUPeko parlamentaria

«Zertarako balio digu U-1ak, ezin badugu gauzatu?»

CUPeko talde parlamentarioko burua elkarrizketatu du 'Vilaweb'-ek; agintaldi honetan erreferendum bat egiteko eskaria jarri du alderdiak mahaiaren gainean.

VILAWEB.
Odei A. - Etxearte
Vilaweb
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Urriaren 1ak ezin du balazta bat izan, aurrera egiteko motor bat izan behar du». Legegintzaldi honetan erreferendum bat egiteko proposamena egin du CUPek Kataluniako Parlamentuan, eta eztabaida politikoa astindu du. CUP-NCG talde parlamentarioko presidente da Dolors Sabater (1960, Badalona, Herrialde Katalanak), ERC zein Junts per Catalunyarekin akordio ezinezko bat eztabaidatzeko bileraren ostean. ERCk eta JxCatek nahi zuten bezala, parlamentuak onartu zuen hitzartutako erreferendum batek soilik ordezkatu ahalko zuelaU-1ekoa, eta antikapitalistek erraztu egin zuten erabaki hori, abstentziora jota. Baina CUPek uste du independentzia gauzatzeko beste erreferendum bat egiteko konpromisoari eutsi behar diola independentismoak. «Erronka konkretu bat jarri behar da agenda politikoaren zerumugan. Ez bada hala, sine die da». Iruditzen zaio ERC eta JxCat «autonomismoak herrestan» eraman dituela.

Zergatik beste aldebakarreko erreferendum bat, dagoeneko U-1ean egin bazen?

Gure testuak erreferendum bati buruz hitz egiten du, ez du zehazten hitzartua edo aldebakarrekoa izan behar duen. Batez ere, presa sartzeko da. Ez dugu uste negoziazio mahaiak hitzartutako erreferendum bat ekarriko duenik, baina posible balitz, azkar behar luke. Orain U-1a eta aldarrikapena ditugu, baina ez gara independenteak. Kataluniako gizartean babes zabala du erreferendumak. Ez da CUPen proposamen bat.

Baina erreferenduma egiteko baldintza objektiboak ez diraU-1eko berak edo orduan baino okerragoak?

Huts egin zuenari buruzko ikaspen handiak ditugu. Inbestidura akordioan hor da legegintzaldi honetan oldarraldi demokratiko bat egitearena.

Akordioan ez zen zehazten. Esaten zuen oldarraldi horrek «erreferendumaren bideari lehentasuna» eman behar ziola.

Eta independentismoaren gehiengoak erabakitakoaren araberakoa izan behar zuela. Presioa egiten ari gara, oldarraldi demokratiko hori gauzatu dadin.Juntsek esaten duenean U-1eko agindua dugula, esaten diegu: zertan zehazten da agindu hori? Zein da proposamena?Ezin gara geldirik egon estatuak baimena eman arte. Baldintzak sortzeko mugarriak behar ditugu, eta horiek lortzeko lan egin.

Agendak sinkronizatzeaz ari zarete, baina Eskoziako egoera oso diferentea da.

Asmoa da Eskoziako deialdia aprobetxatzea, gure deialdia behartzeko, Europako agendan sartzeko estaturik gabeko europar herrien autodeterminazio eskubidea. Herrialde Katalanak ez gaude bakarrik. Agian, estaturik gabeko herri gehiago ere animatuko lirateke data hori baliatzera, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu, edo erreferendum bat egin, edo autoantolatzen hasteko. Noski, ez gaude Eskoziako egoera berean. Britainiako kultura demokratikoa ez da Espainiako Estatukoa. Estatua edo Europa mugitzea nahi badugu, eraso bat aurkeztu behar dugu. U-1eko harrotasunak zertarako balio digu, ezin badugu gauzatu? Zertarako balio digu U-1ean egin genuen hark guztiak?

Ez dakigu 2023tik aurrera zeinek aginduko duen Espainiako Estatuan. Aldebakarreko erreferendum bat balego, bortizkeria errepikatuko litzateke beharbada, eta antolatzeko zailtasun gehiago leudeke.

U-1ean ez zen kontuan hartu [Espainiako] estatuaren demofobia, eta ez zen prestatu errepresioaren agertokia, eta ezta ekintza ez-bortitzaren bidez lurraldea eta erreferenduma defendatzea ere. Egin beharreko urratsak zeintzuk diren argitzeko eta estrategia bateratu bat marraztu behar da. Ikusten dugu Juntsek eta ERCk ez dutela agendan oldarraldi presazko bat. Estatuari egiten uztearen eta denbora pasatzen uztearen sentipen bat dago, eta hori ezin dugu onartu. Ikusten ari gara orain berriro motorrarena egin behar dela, ernarazi, independentismoaren gehiengoa autonomismoak arrastaka eraman ez dezan eta estatuaren erritmoan ibil ez dadin.

Erreferendumari buruzko ebazpenaren tramitazioak ondorio penalak izan ditzake parlamentuko mahaiko kide independentistentzat.

Hiru indar independentistak bat gatoz parlamentuaren subiranotasunaren defentsan. Parlamentuaren gaineko mehatxu etengabe bat daukagu, eta ezin gara normalizazio dinamika batean sartu. Horrelako proposamenek aurrez aurre jartzen dituzte parlamentuaren subiranotasuna eta estatuaren errepresioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.