Katalunia. I-27ko hauteskundeak. Anna Gabriel. CUPen hautagaia

«Zeri egin desobedientzia, eta zer indarrekin, hori da auzia»

Parlamentuko alderdi txikiena izanagatik, CUP ezinbestekoa izan da une erabakigarrietan prozesu independentistak aurrera egin zezan. Diputatu kopurua hirukoizteko aukera onak ditu.

ORIOL CLAVERA.
Samara Velte.
Bartzelona
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Instituzio handietako politikaren azpiak ezagutu ditu azken urteotan Anna Gabrielek (Sallent, 1975); CUPen talde parlamentarioko koordinatzailea izan da, eta orain diputatu gisa itzuliko da, ia ziur. Lehenbiziko aldiz, baliteke ezker independentista asanblearioa erabakigarri bihurtzea gobernuaren erabakietan.

Litekeena da Junts Pel Sik gehiengo osoa ez lortzea eta CUPen beharra izatea gobernatzeko; baina Artur Masek agintean jarraitu nahi du. Zer iritzi daude CUPen horren inguruan?

ERCren eta CDCren arteko akordioak ez gaitu gu lotzen; beraz, gure esku badago presidentea inbestitzea, izango dugu aukerarik alternatibak proposatzeko. Politika neoliberalekin, pribatizazioekin eta ustelkeria arazo larriak dituen alderdi batekin lotutako pertsona bat nekez izango da egokiena etapa berri bateko gobernua zuzentzeko. Ez dugu ulertzen zergatik tematzen diren hainbeste Masekin: Espainiako Estatuarekin hausteko aukera planteatzen ari dira, prozesu konstituziogile bat daukate abiatzear, errepublika bat sortzeko prest daude, eta garrantzitsuena iruditzen zaie pertsona bat presidente izatea bermatzea?

CUPen beharra badauka [Masek], ERCrekin egin zuena egiten ahaleginduko da: «Edo nirekin zaude edo prozesua zure erruz eroriko da».

Ez da normala guri esatea prozesu batek huts egin dezakeela pertsona jakin bat ez egoteagatik. Herrialde honetan asko dira gai rol garrantzitsu bat hartzeko; beharbada unea da planteatzeko, adibidez, emakume bat izan daitekeela Kataluniako Errepublikako lehenbiziko presidentea. Gure erronka ez da hainbeste izango presioari alderdi gisa eustea, baizik eta aldez aurretik gobernuko presidenteari izen-abizenak jarri dizkion itun hori gainditzea, eta arreta funtsezko gaietara eramatea: noiz hasiko den benetako deskonexioa Espainiako erakundeetatik eta legeetatik, eta nola osatuko den prozesu konstituziogilea bultzatuko duen gobernua.

Hainbat bilera egin zenituzten CDC eta ERCrekin, eta guztien artean adostutako zerrenda bat osatzeko aukera egon zen mahai gainean. Zer iruditzen zaizu azkenean geratu den formula?

A-9aren ostean, alderdikeriak eta xantaiak hasi ziren hauteskunde deialdiaren inguruan. Guk ez genuen ulertzen zergatik negoziatu behar genuen halakorik; konpromiso publikoa bozetara deitzea zen! Aztertzeko prest geunden aukera bakarra alderdirik gabeko zerrenda bat osatzea zen, bozei izaera erabat plebiszitarioa emateko. Baina inork ez zeukan interes handirik horretan; CDCk derrigor egon nahi zuen zerrendan, eta, hura zegoenez, ERCk ere eskatu zuen. Orduan ulertu genuen interes, ibilbide eta bagaje ideologiko jakin batzuek osatutako zerrenda izango zela, eta ez zeukan inolako zentzurik gu han egoteak, gure funtzioa, hain zuzen ere, haiei aurre egitea denean.

Ezkertiar askok ez dute ulertzen zer egiten duzuen CDCrekin eta ERCrekin mahai berean eserita, Catalunya Si Que Es Potekin elkartu beharrean.

CSQPek diskurtso lauso samarra du: badirudi ulertzen duela erabakitzeko eskubidea daukagula, baina estatuaren menpe balego bezala. Dena den, astelehenetik aurrera deituko diegu berriz; izan ere, statu quo-arekin hausteko aukera baldin badago, beraiek hor egon behar dute, besteak beste ezinbestean hautsi behar dutelako Espainiako legea agindu dituzten gizarte politikak indarrean sartzeko. Beharrezkoak diren mahaietan egotea espero dugu, helburua ez baita inor kanporatzea, beharrezko desobedientziaren inguruan indarrak biltzea baizik. Horixe izango da datorren legealdiko auzi nagusia: zeri egiten diogun desobedientzia, zein indarrekin, eta zenbat babes daukagun estrategia horrekin.

Diputatuak hirukoizteko aukera onak dituzue, eta, horrekin, baita ardurak ere. CUPen bi korronte nagusik egiten dute bat. Parlamentuko esperientziatik: une erabakigarriek batu egiten dute alderdia, edo bereizi?

Esango nuke batu egiten dutela. Zure esku-hartzeak herrialde mailako une politikoetan eragin badezake, barruko dinamikak gainditu egiten dituzu, eta beste logika batean sartzen zara. Bazterretako espazio txikiagoetan zaudenean, autoerreferentzialtasun handiagokoetan, barruko egoerek indar gehiago hartzen dute. Ni 2002tik nago CUPen, eta azken urteotan kohesioa irabazi dugu gai garrantzitsuenetan; A-9an edo aurtengo hauteskundeetako gure funtzioa zein izango zen erabakitzerakoan, esate baterako.

Esperientziak dio ezker muturrean hasitako alderdi gehienak malgutzen joan direla hazi ahala. Ez zaitu kezkatzen CUPekin ere hori gerta daitekeela?

Ez. Gu, hain zuzen, instituzionalizatutako ezker horrekiko alternatiba gisa jaio ginen, kalea hartzea ez zuela merezi uste zuen horrekiko. Hori da gure kultura politikoa, eta oso zaila da bihurritzen; oinarria sendoegia da.

Boom independentistak bultzatutako fan fenomenoak ez zaituzte ukitu?

CUPek ez dauka militante nazionalaren figura; alderdian sartzean, udal mailatik hasten zara;prest egon behar duzu lan egiteko eta zure herriko batzarretan parte hartzeko. Horregatik, nahiko zaila da izaera jakin bateko jendearentzat, proiektu batera presaz edo gehiegi sakondu gabe amaitzeko gogoz sartzen direnentzat, CUPen gustura sentitzea. Beste gauza bat da sektore gogobero baten babesa izatea sareetan, baina CUP bera oso poliki ari da hazten: 1.500 militante ditugu oraingoz.

Junts Pel Sik 18 hilabeteko trantsizio aldi bat proposatu du irailaren 28tik aurrera. Zuek aldebakarreko adierazpena nahi duzue: bat-batean independenteki funtzionatzen hastea.

Beldurra ematen digu hilabete horietan prozesua luzatzeak eta jendea hozteak, desilusioa eragiteak eta espektatibak Espainiako hauteskundeen arabera aldatzeak. Aldebakarreko independentzia adierazpena diogunean, ez du esan nahi aldarrikapena egin eta 48 ordutan independentea zarela. Esan nahi duguna da Espainiako Estatuarekin deskonektatzeko borondate atzeraezina adierazi behar dugula, eta horretan has gaitezke lege jakin batzuei desobedientzia eginda, inolako kostu ekonomikorik gabe edo egiturak ukitu gabe; esate baterako, etxegabetzeen legea, Werten hezkuntza legea edo mozal legea. Subiranotasun politikozko ekintza bat litzateke esatea lege horiek ez ditugula beteko; eta gero lanean jarraitu, falta zaizkigun estatu egiturak sortzeko.

Garaipenaren muga botoen %50ean kokatu duzue. Zer gertatuko da independentistek eserlekutan irabazten badute, baina ez botoetan?

Adi egon beharko dugu nola irakurtzen diren emaitzak, boto poltsa zehaztugabe bat gera daitekeelako hor tartean. Edozein kasutan, gehiengo handi bat egongo da prozesu konstituziogile bat zabaltzearen alde. Hiru agertoki baleude bezala da: immobilismoarena, nire ustez jada aukera bat ez dena, ezinezkoa baita pentsatzea herrialde honetan ez dela ezer gertatuko; eta gero daude erreformarena eta hausturarena. Guk azken horren aldeko apustua egiten dugu: erreformak izu gehiago ematen digu, zaila delako gutxiagorekin konformatzea zerbait lortzeko zorian zaudenean. Baina litekeena da gehiengoa batzea gauzak erreformatzen hasteko, eta horrek gerora gehiago sendotzeko aukera ematea. Horregatik izango da gure lana JPS eta CSQPrekin hitz egitea, botoak elkartu eta prozesu konstituziogile bati ekin diezaiogun, gutxienez gauza batzuetan ados jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.