Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra dela-eta, 25 eta 60 urte arteko gizonak gerran borrokatzera deitzeko ahalmena du Ukrainako armadak, eta horiek behartuta daude joatera. Batzuek, baina, ez diote deiari jaramonik egiten, eta ez dira armadaren kuarteletara agertzen. Hori dela eta, gutxienez 200 sarekada egin ditu Ukrainako Poliziak gaur, herrialdeko hemeretzi eskualdetan. Horien helburua da zerbitzu militarrari itzuri egiten dioten gizonak atzematea eta atxilotzea.
Gainera, 18 eta 60 urte arteko gizonek ezin dute atzerrira bidaiatu horretarako arrazoirik ez badute; arrazoi bat litzateke, esaterako, Ukrainan egin ezin dioten ebakuntza bat atzerrian egin behar izatea. Gizon andana, ordea, gerratik ihes egiteko herrialdetik joaten dira, ezkutuan. Bidaia horiek errazten dituztenen aurka ere bideratu ditu gaurko sarekadak Ukrainako Poliziak. «Fiskaltzak eskatutakoari jarraituz, Poliziako agenteak sarekadak egiten hasi dira Ukrainako hemeretzi eskualdetan [muga zeharkatzeko] legez kanpoko salerosketetan parte hartu dutenak atxilotzeko», jakinarazi du Poliziak, ohar bidez.
Dokumentuak faltsifikatzea, iruzurra egitea eta eroskeria leporatzen diete muga zeharkatzen lagundu dutenei. Poliziak azaldu duenez, armadara joateko deia jaso duten gizonen arrasto digitala ezabatzen dute, diru kantitate baten truke. Ez dute zehaztu zenbat diruren truke laguntzen dieten.
Gaurkoa ez da izan Kievek mota horretako operazioak egin dituen lehen aldia. Iragan larunbatean, urtarrilak 11n, beste dozenaka sarekada gauzatu zituen Ukrainako Poliziak herrialdeko 22 eskualdetan.
Navalniren abokatuak, preso
Mugaren beste aldean, Alexei Navalni Errusiako presidente Vladimir Putinen oposizioko buruzagiaren hiru abokaturi hiru urte eta erdiko eta bost urte eta erdiko zigorrak ezarri dizkiete. Hain zuzen ere, Vadim Kobzev, Igor Sergunin eta Alexei Lipster zigortu dituzte, eta, Errusiako Fiskaltzaren arabera, haien abokatu izaera erabiltzen zuten Navalniren eta oposizioko mugimenduen artean komunikazio lanak egiteko. Fiskaltzaren iritziz, hiru abokatu horiei esker oposizioko buruzagia izaten jarraitu zuen Navalnik, espetxean egon arren. Kobzevek baieztatu du Navalniren mezuak zabaltzen zituztela, baina gaitzetsi egin du hori legea hausteko arrazoi bat izatea.