Michel Barnier lehen ministroa buru duela, Frantziako Gobernua erorarazi dute gaur, Asanblea Nazionalean. Hona gako batzuk abagunea ulertu ahal izateko.
GAKOAK
- Hauteskundeetara dei dezakete?
Ez, orain ezin dute deitu Asanblea Nazionaleko hauteskundeetara. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Asanblea desegin zuen ekainaren 9an, eta hauteskundeetara deitu, haren alderdiak ez zituelako emaitza onak lortu Europako Parlamenturako bozetan. Konstituzioaren 12. artikuluan jasota dagoenez, behe ganbera desegiten denetik gutxienez urtebete pasatu beharko da berriz bozetara deitu aurretik. Horrenbestez, ekainera arte itxaron beharko dute behintzat.- Zer gertatuko da aurrerantzean?
Ezin da aurreikusi. Macroni dagokio alderdiekin negoziatzen hastea eta haiekin hitz egin ondoren lehen ministrotarako norbait proposatzea. Ondoren, lehen ministroak gobernuko kideak izendatu beharko ditu. NFP Fronte Popular Berriak du aulki gehien Asanblea Nazionalean (182), eta, hortaz, irizten dio lehen ministroak koalizio horretakoa izan behar duela.
Uztailean, Lucie Castets izendatu zuen lehen ministro izateko hautagai. Hilabete geroago, baina, Macronek uko egin zion Castets lehen ministro izendatzeari, argudiatuta Asanbleak «berehala» botako zituela atzera Fronte Popular Berriko kidez osatutako gobernu baten proposamenak.
Azken egunetan Frantziako hainbat hedabidek alderdietako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, litekeena da zentroko eta eskuineko indarrek ahalegina egitea PS Frantziako Alderdi Sozialistako kide batzuk limurtzeko, ezkerreko frontetik alden daitezen —NFPko 182 kideetatik 66 dira PSkoak—. Izan ere, horrek modua emango luke NFPk eta RN ultrak (124) ganberan duten gehiengoa hausteko —289 boto behar dira gehiengoa edukitzeko—.
Beste aukera bat da teknokraten gobernu bat osatzea, eta hark hauteskundeak egin arte irautea. Zilegitasun politikorik gabeko kabinete bat litzateke, hori bai.
Oraingoz, kinielak egiten ari dira Frantzian, eta, hedabideek iturri ofizialak eta alderdietakoak aipatuz argitaratu dutenez, Sebastien Lecornu da aukera gehien dutenetako bat. Defentsa ministroa da, eta 2017tik dago gobernuan, Macron agintera iritsi zenetik.- Zer gertatuko da aurrekontuekin?
Aurrekontuak bozkatzeko azken osoko bilkura abenduaren 20rako deituta dago. Ikusteko dago, ordea, bi aste barru gobernurik egongo ote den. Orain arte, Frantzian behin bakarrik luzatu behar izan dituzte aurrekontuak: 1979an izan zen, eta, horretarako, konstituzioaren artikulu bati heldu zioten.- Inoiz erorarazi al dute gobernurik zentsura mozio baten bidez?
Bai, behin, 1962an. Asanblea Nazionalean zentsura mozio bat aurkeztu zuten, eta, haren bidez, Georges Pompidou lehen ministroaren gobernua erorarazi zuten. 1958an Frantziako V. Errepublikako Konstituzioa onartu zutenetik, 149 zentsura mozio aurkeztu dituzte Frantzian —gaur bozkatuko dituztenak kontuan hartu gabe—, eta soilik 1962koak egin zuen aurrera.