Lehen ministrordearen inguruko ustelkeria zurrumurruek eragin dute krisia. Frances Fitzgerald Justizia eta Barne ministro izan zen 2014an eta 2016an, eta leporazen diote poliziarekin lotutako ustelkeria kasu batean nahastuta egotea. Oposizioak haren dimisioa eskatu du, argudiatuz bazuela nahikoa informazio "esku hartzeko". Fitzgeraldek, ordea, ukatu du halakorik, eta nabarmendu du inolako informazioarik jaso izan balu ere, ezin izango zukeela ezer egin.
Salaketek eta ukoek, baina, krisia eragin dute Gobernuan. Izan ere, 2016an exekutiboa osatu eta Fine Gaeleko kide Leo Varadkerrek lehen ministro kargua hartu zuenean, Fiana Failek hitza eman zuen ez zuela zentsura moziorik aurkeztuko ez eta beste inork aurkeztutakorik babestuko, era horretan gutxiengoan zen gobernua kolokan ez jartzeko. Ordea, ustelkeria salaketek iritziz aldarazi dute alderdia.
Fiana Failek lehen ministrordearen dimisioa jarri du baldintza gisa zentsura mozioa atzera botatzeko. Fitzgeraldek, ordea, ez du kargua uzteko asmorik, eta oraingoz alderdikideen eta gobernuko kide diren hainbat diputatu independenteren babesa jaso du.
Orain arte aliatu izan dituztenek ez ezik, Sinn Feinek ere iragarri du zentsura mozioa. Biak ala biak datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte. Aurrera egingo balute gobernua desegin eta bozak aurreratuko lituzkete. Urtea amaiu baino lehen egin beharko lirateke horiek.