Zentsura mozio bat aise irabazita hasi du agintaldia Frantziako Gobernuak

NUPESen mugimendu politikoak ezkerreko alderdien babesa besterik ez du lortu. Bornek erantzun die «demokraziarekin haserre» daudela

Mathilde Panot Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioko presidentea, atzo, Asanblean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuaren aldeko aliantzak ez du gehiengo osorik Asanblean, baina, oraingoz, ez dago horren kontrako gehiengo osorik ere. Errealitate hori agerian geratu da hasi berri den agintaldiko lehen bozketa garrantzitsuan, NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berriak atzo aurkeztu zuen zentsura mozioak alde handiz huts egin baitzuen; 146 diputatuk bozkatu zuten haren alde —denak NUPESeko diputatuak ziren—, 289ren langatik urrun.

LFI Frantzia Intsumisoak aurkeztu zuen mozioa ezkerreko indar politikoen izenean, eta, Mathilde Panot alderdi horretako talde parlamentarioaren presidenteak argudiatu zuenez, gobernuak gehiengo osorik ez izatearen «anomalia demokratikoa» kritikatzeko balio zuen, baita Elisabeth Borne oraindik ere lehen ministro dela salatzeko ere.

Panot, baina, harago joan zen atzo, eta saioa baliatu zuen haren iritziz oposizioko alderdien artean dauden desberdintasunak hizpidera ekartzeko: «Mozio honen alde bozkatuko dutenak zure [Borneren] politiken aldekoak dira». Besteak beste, RN Batasun Nazionalak, LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindia eta Lurraldea taldeak —zenbait autonomista eta independentista daude horretan— eta LR Errepublikanoek ez zuten bozkatu gobernua kargutik kentzeko testuaren alde —Frantzian, zentsura mozioen alde bozkatzen da, edo ez da botorik ematen horri buruzko saioan—.

Adierazpen eta konparazio horrekin, LFIko talde parlamentarioaren presidenteak batez ere gobernuaren aldekoen eta RNren arteko adostasunak salatu zituen, horri esker eskuin muturreko bi diputatu aukeratu baitzituzten Asanbleako presidenteorde, iragan ekainaren 30ean egindako bozketan. Antzeko mezua helarazi zuen Olivier Faure PSren lehen idazkari eta diputatuak, argudiatuta bozketak «hemizikloaren errealitatea azaleratuko» zuela.

Salaketa sorta horren harira, Frantziako lehen ministroa erasokor agertu zen, besteak beste, bazekielako zentsura mozioak huts egingo zuela; horregatik, ezkerreko alderdiei egotzi zien «taktika politikoa frantziarren interesen gainetik» jartzea, eta «demokraziarekin haserre» egotea.

LR-ren botoa

LRk, berriz, esan zuen ez zuela botoa «ezker erradikalarekin batera» emango, eta horregatik erabaki zuela kontra bozkatzea; alderdi horren adierazpenak bazuen garrantzia, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Bornek espero baitute LR-rekin ados jarriko direla neurriak Asanblean onarrarazteko.

Gobernua, behintzat, pozik agertu zen zentsura mozioak huts egin zuelako. Horren inguruan, Olivier Veran eledunak zera adierazi zuen, ironikoki: «NUPESen kongresua amaitu egin da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.