Portugal, gobernatzeko gehiengo egonkorrik gabe

Eskuineko koalizioa gutxigatik gailendu zaio PSri, eta Montenegro lehen ministro bilakatzeko moduan da. Chegak lehen zituen ordezkariak halako lau izango ditu orain; adierazi du gobernuan sartzeko prest dagoela, baina eskuindarrek ezezkoa eman diote.

(ID_13690755) PORTUGAL LEGISLATIVE ELECTIONS 2024
ADren hautagai Luis Montenegro garaipena ospatzen, bart gauean, Lisboan. TIAGO PETINGA / EFE
Irati Urdalleta Lete - Ander Perez Zala
2024ko martxoaren 11
09:45
Entzun

Luis Montenegro Portugalgo AD Aliantza Demokratikoa koalizio eskuindarraren lehen ministrogaiak buruhauste bat du: ez du gobernatzeko gehiengo egonkorrik. AD gutxigatik gailendu zaio PS Alderdi Sozialistari atzo, parlamenturako hauteskundeetan, eta, bi indar politikoetako agintariek esandakoak aintzat hartuta, badirudi Montenegro bilakatuko dela gobernuburu, ezustekorik ezean. Baina baten betoek eta bestearen jarrerek agerian utzi dute politikari eskuindarraren agintaldia gatazkatsua izango litzatekeela boterea eskuratuz gero; bai, behintzat, egonkortasun politikoaren ikuspuntutik, eta, agian, laburra ere bai.

AD koalizioa —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua— urrun geratu da Asanblea Nazionalean gehiengo osoa izatetik; 116 eserleku behar dira horretarako, eta, behin-behineko datuen arabera, 79 izango ditu. Alegia, ezin du bakarrik gobernatu, eta eskuineko beste alderdiaren babesa kontuan hartuta ere —IL Ekimen Liberalak zortzi ordezkari izango ditu— ez du nahikoa.

Irtenbidea, betiere eskuinean geratuta, Chega eskuin muturraren babesa lortzea litzateke —48 diputatu izango ditu—, baina Montenegrok kanpainan esan zuen ez duela alderdi horren botorik nahi, eta gaurko ordu txikietan ere mezu hori helarazi du berriz, nahiz eta indar horren buruzagi Andre Venturak hizpidera ekarri duen koalizioaren parte izateko ideia: «ADk gehiengo bat eskatu du, eta portugaldarrek esan dute gehiengo hori ADrena eta Chegarena dela. Arduragabekeria litzateke bateratzerik ez egotea. Gu arduratsuak gara».

Gobernua osatzeari dagokionez, Montenegrok adierazi du espero duela Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidenteak berari aginduko diola hori egitea, eta, beraz, onartu egingo lukeela erronka hori. Badirudi, hortaz, PSren idazkari nagusi Pedro Nuno Santosen esku dagoela gobernabidea bermatzea. Otsailaren 19an, kanpainan, Santosek esan zuen ADren gobernuari bide emango liokeela koalizio horrek lehen indarra izatea lortuz gero. Horrela, Santosen helburua zen eskuin muturrak eraginik ez edukitzea gobernabidean; halere, gerora ez du erabat berretsi hori egingo duenik. Hauteskundeetako emaitzak aztertzeko orduan ere, Santos kezkaz mintzatu da Chegak lortutako ordezkaritza dela eta —lehen zituenak halako lau izango ditu orain—: «Emaitza harrigarriak dira, eta ez dago ez ikusiarena egiterik».

Edonola ere, PSren buruzagiak esan du bere alderdia oposizioan egongo dela, eta, zeharka, aditzera eman du bide emango liokeela Montenegro lehen ministro bilakatzeari. Hori bai, legegintzaldiaren egonkortasunari dagokionez ez du ezer ziurtatu, eta, beraz, badirudi kontra bozkatuko dutela aurrekontuak onartzeko egingo duten parlamentuko saioan. Horrek, hortaz, kolokan jarriko luke ADren gobernabidea eta legegintzaldiaren egonkortasuna.

PS, gain behera

Ezkerra izan da galtzailea, eta badirudi 2015etik zuen boterea galduko duela. Batez ere, bistakoa izan da PSren gainbehera: 120 eserleku eta gehiengo osoa zeuzkan 2022ko bozetatik, eta, orain, 77 ordezkari dauzka; 43 galdu ditu, beraz.

Baliteke ustelkeria kasu bat egotea galeraren atzean:  azaroan, dimisioa eman zuen Antonio Costak, ordura arte PSren buru eta lehen ministro zenak, ustelkeria ikerketa batengatik. Hain zuzen, orduan jakin zen Auzitegi Gorena hura eta haren gobernuko beste hainbat kide ikertzen ari dela, ustelkeriagatik, influentzia trafikoagatik eta prebarikazio delituak egiteagatik. Costak dimisioa eman eta bi egunera jakinarazi zuten bozak egingo zituztela, haren ordezkoa hautatzeko.

Atzo, besteak beste, ustelkeria zigortzea erabaki zuten portugaldarrek; batez ere, Chegari botoa emanda, gai hori izan baitu ardatz kanpainan, oro har. Azken hauteskundeetan abstentziora jo zuten herritarrak erakartzea lortu du alderdi ultraeskuindarrak: parte hartzea %66,2koa izan zen atzo, duela bi urte baino hamabost puntu handiagoa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.