Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren tamaina kalkulatzeko modu bat da zenbakien bidez egitea: datu ofizialen arabera, urtebetean 42.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta 95.000tik gora zauritu. Kopuru horiei izen-abizenak jarri dizkie Atef Abu Saif (Jabalia, Palestina, 1973) idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiak (2019-2024) Gazako egunerokoa liburuan: «Gerran hildako pertsona askoren arrasto bakarrak liburu honetan idatzita daude». Liburu forma hartu duten kroniken bidez Gazan bizitzea zer den kontatu nahi izan duela adierazi du idazleak gaur liburuaren aurkezpenean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.
Gazako genozidioak «eragindako arduraren eta elkartasunaren emaitza» da, Jakin fundazioko kide Xabier Eizagirrek —liburuaren editoreetako bat da— azaldu duenez. Kontatu du Orsola Casagrande kazetari eta BERRIAko kolaboratzaileak Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariari bidalitako Whatsapp mezu baten bidez iritsi zirela Abu Saifen kronikak erredakziora. Egunkari honek idazle palestinarraren kronika bat argitaratu zuen, egunero-egunero, hilabete eta erdiz; harik eta kontakizuna etetea erabaki zen arte. Eizagirreren arabera, berehala bururatu zitzaien material horrekin liburu bat kaleratzea; BERRIAk, Jakinek eta Elkarrek elkarlanean sortutako Aleka bildumaren parte da egun.
«Gerra asko bizi izan ditut, baina oraingoan lehen aldiz sentitu dut hil egin nintekeela»
ATEF ABU SAIFIdazle palestinarra
Abu Saifek aitortu du hasieran bere helburua ez zela liburu bat egitea, idaztea baizik, idaztea besterik ez: «Idazleek idatzi egiten dute. Nire istorioa kontatu nahi nuen». Gazara hiru eguneko bisita bat egitera joana zen Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenean, iragan urriaren 7an. Azkenean, 85 egun eman zituen han, eta egun horietako bakoitzean bizi izandakoak jaso ditu liburuan. Eizagirreren esanetan, suntsiketa eta heriotza dira kronika horien ardatzak, baina literatur balio handia ematen die Abu Saifen idazkera «bizi-biziak».
Ikusi gehiago
Hain zuzen ere, idazle palestinarrak esan du «bonba eta bonba eta bonba artean bizirik irauten duten herritarren errealitate gordina» azaltzen saiatu dela Gazako egunerokoa-n. Muturreko egoera horretan idaztearen eta argitaratzearen zailtasunak azaldu ditu: «Eskuz idazten nuen, gauero-gauero, bonba hotsen artean, edozein izkinatan. Argazki bat ateratzen nion eskuz idatzitakoari, eta nire lanak arabieraz kaleratzen dituen argitaletxera bidaltzen nuen. Gero, haiek ingelesezko bertsioa bidaltzen zioten nire lanak ingelesez kaleratzen dituen Erresuma Batuko argitaletxeko editore Ra Pageri».
Gazako Prentsa Etxea zuen idazmahai gerraren lehenbiziko egunetan, horko zuzendaria baitzuen bere lagun min eta kazetari Bilal Jadallah. Israelgo armadak joan den azaroaren 19an hil zuen, eta hari eskaini dio liburua.
Abu Saifentzat «bizirik irauteko tresna bat» izan da egunerokoa idaztea: «Gerra asko bizi izan ditut, baina oraingoan lehen aldiz sentitu dut hil egin nintekeela». Bizirik irten zen zerrendatik, joan den abenduaren 30ean, baina aitortu du oraindik ez dela liburua irakurtzeko gauza izan. «Denbora luze bat beharko dugu gerra honetako zauriak sendatzeko», esan du. Mundu zabalean, hamahiru hizkuntzatan argitaratu da Gazako egunerokoa, besteak beste, ingelesez, gaztelaniaz, katalanez, islandieraz eta turkieraz. Liburua izaten ari den oihartzunak pozten duela dio; horrela, «hizkuntza horietan guztietan bizirik» egongo delako hildako jende askoren arrastoa.
Hitzen boterea
Politikan ibilbide luzea du idazle palestinarrak, Al-Fatahko bozeramailea izan baitzen hainbat urtez, PANeko Kultura ministro izan aurretik. Halere, adierazi du ez diola Gazako sarraskiari «analista politiko baten ikuspuntutik» heldu nahi izan, eta hitzek duten boterea nabarmendu du. Antzera mintzatu da Eizagirre, eta liburuaren kontrazaleko pasarte hau irakurri du: «Gazakoa sarraski telebisatua da, bai, baina lan honek berriz ere agerian uzten du ez dela guztiz egia irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duenik».
Gazan jaiotakoa eta hazitakoa da Abu Saif, eta ongi ezagutzen ditu lurralde horretako historia eta kultura. Literatur eta akademia tradizio handiko herria dela aipatu du, eta aurreko mendera egin du salto hori adibide baten bidez azaltzeko: «Nakbaren aurretik [1948. urtean izan zen Nakba] laranjak eta irakasleak esportatzen genituen Europara; orain, Gazan ez da eskolarik geratzen».