Immigranteak AEBetan

Zenbait hiri eta estatu, Trumpi aurre egiteko babesleku

AEBetan paperik gabe bizi diren migratzaileen deportazioak oztopatzea dute helburu zenbait hirik eta estatuk. Horretan hasi zen lehenengoa Oregon izan zen, 1987an.

Kaliforniak aurrerantzean ere papergabeei babesa ematearen aldeko elkarretaratze bat, San Diegon (AEB), otsailaren 21ean. MANUEL OCAÑO / EFE
Kaliforniak aurrerantzean ere papergabeei babesa ematearen aldeko elkarretaratze bat, San Diegon (AEB), otsailaren 21ean. MANUEL OCAÑO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Paperik gabeko migratzaileen aurka egin du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak urtarrilean kargua hartu zuenetik. Hitzeman zuen sarekadak eta deportazioak areagotuko zituela, eta hitza betetzen ari da. Gainera, herrialde batzuekin akordioak egiten ari da delituak egiteaz akusatutako papergabeak hara bidaltzeko; adibidez, El Salvadorrekin. AEBen egitura dela medio, baina, estatuek ahalmena dute presidentearen erabakiei aurre egiteko, eskumena baitute legeak egiteko. Eta papergabeen auzian ere, badira estatu eta hiri batzuk Etxe Zuriaren aurka egin eta babesa adierazten dietenak.

Babesa ematen duten estatu edo hiri deitzen diete AEBetan, eta, oro har, ICE Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrarekin ez kolaboratzeagatik dira ezagunak; hau da, leku seguruagoak dira papergabeentzat, ez baitira elkarlanean aritzen gobernu federalaren agente horiekin. Multzo horretako estatuak hamahiru dira —guztira 50 estatu daude AEBetan—, eta hauteskundeetan Alderdi Demokrata gailendu izan da horietan. Babesa ematen duten estatuak dira, besteak beste, Kalifornia, New York eta Massachusetts. Halere, aterpe funtzioa betetzen duten estatu guztiak ez dira demokratak; hain zuzen, Alderdi Errepublikanoak gidatutako hiru estatuk ere ez dute elkarlanean jarduten immigrazio agenteekin: Vermont, Ipar Dakota eta Utah.

Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarraren lana oztopatzeko eta deportazio prozesua ahal bezainbeste atzeratzeko indarrean dauden mekanismoak aldatu egiten dira estatu batetik bestera. Oro har, estatu horietako langile publikoek ezin diete ezein herritarren estatusaren berri eman langile federalei baldin eta herritar horiei ez badiete delitu larriren bat leporatzen. Hau da, auzitegi federal batek eskatu ezean, Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrari ez diote esaten ba ote duten biztanleren bat AEBetako herritartasunik gabea.

San Frantziskok, esaterako, hiriko nortasun agiri bat ematen die hala han bizi diren paperik gabeko immigranteei nola AEBetako herritartasuna dutenei. Horri esker, migratzaile bati identifikatzeko eskatzen diotenean, poliziek ez dute zertan jakin zer herritartasun duen. Beste hiri batzuetako poliziek, adibidez, galarazita daukate jendeari papergabea ote den galdetzea, betiere delitu larriren bat tartean ez bada.

1980ko hamarkadatik

Babesa ematen duten estatu eta hiriak ez dira Trump Etxe Zurira heltzearekin batera sortu. 1980ko hamarkadan sortu zen korronte hori. El Salvadorko eta Guatemalako gerretatik ihesi, errefuxiatu andana AEBetara joan zen hamarkada horretan, eta, Washingtongo gobernuaren poliziengandik ezkutatzeko, modua eman zieten Berkeley (Kalifornia, AEB) eta Tucson (Arizona, AEB) hirietako zenbait elizatan babes hartzeko.

Babesleku horiek azkar hedatu ziren elizetatik kanpo: auzoetan eta herrietan ere sortu ziren halakoak, eta estatu batzuek babes legala eman zieten herritarrei bide horretan. Horiek horrela, Oregon izan zen babesa ematen duten estatuen artean lehena, 1987an hasi baitzen hala jarduten, eta bi urteren buruan batu zen lehen hiria zerrendara: San Frantzisko (Kalifornia). Gaur-gaurkoz, espetxeak, herriak, hiriak, konderriak eta estatuak kontuan hartuz gero, guztira 230 babesleku daude AEBetan, Immigrazioak Ikertzeko Zentroa taldearen datuen arabera.

Nolanahi ere, baliteke Trumpen neurriek egoera aldatzea, presidenteak mehatxu egin baitu paperik gabeko migratzaileei babesa erakusten dieten estatu eta hirien aurka egingo duela. Are gehiago, fiskalei eskatu die egin dezatela Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrarekin elkarlanean aritzen ez diren langile publikoen aurka eta auzitara eraman ditzala. Horren ondorioz, New Yorkeko alkate Eric Adamsek esan izan du informazio «gehiago» emango diela agente federal horiei. Kaliforniako estatuak, ordea, jakinarazi du aurrerantzean babes are handiagoa emango diela papergabeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.