AEB-UKRAINA

Zelenskiri pozik egoteko beste arrazoi bat eman diote

AEBetako Senatuan lege proposamen bat adostu dute errepublikanoek eta demokratek, Mexikoko mugan migrazio politikak gogortzearen truke Ukrainari laguntza militarrean 55.000 milioi euro inguru emateko.

UKRAINAKO ARMADA. GERRA.
Ukrainako armadako soldadu bat Zaporizhia inguruan, urtarrila erdialdean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 5a
14:00
Entzun

Larrialdi deia egina zuen Ukrainako Gobernuak: Mendebaldearen laguntzarik gabe lanak izango zituela estatu gisa eusteko eta gerra frontean Errusiari aurre egiteko. Azkeneko astebetean, baina, albiste onak eman dizkiote Volodimir Zelenski presidenteari. EB Europako Batasuneko estatu kideek 50.000 milioi euroko diru sail bat onartu zuten aurreko ostegunean, 2027ra bitartean laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko Ukrainari. Eta AEBetako Senatuan, bestalde, auziaz hainbat astez eztabaidatzen aritu eta gero, lege proiektu bat ondu dute demokratek eta errepublikanoek, zeinaren arabera Ukrainari 60.000 milioi dolar —55.000 milioi euro inguru— emango dizkioten, arlo militarrean baliatzeko.

Lege horren testua atzo argitaratu zuten, eta Joe Biden AEBetako presidentearen inguruko goi funtzionarioekin adostu dute. Ukrainari eta Israeli ere laguntza militarra ematen jarraitzearen truke —14.000 milioi dolar, hau da, 13.000 milioi euro inguru—, hori bai, AEBak migrazio politikak gogortzekoak dira, errepublikanoek eskatu bezala. Alderdi Demokrataren senatari taldeko buru Chuck Schumerrek ohar batean atzo nabarmendu zuenez, asteon dira goi ganberan lege horren bozketa prozedura hastekoak. Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnson errepublikanoak jada ohartarazi dio, ordea, legeak ez duela biderik egingo behe ganberan. Hori iragarri du X sare sozialean. Errepublikanoek gehiengoa dute ganbera horretan, eta ez dute nahi presidentetzarako hauteskundeak egiteko hilabete batzuen faltan —azarorako daude deituta— Biden agertzea papergabeen aurkako neurrien gogortzearen erantzule gisa.

«Akordioak barruan hartzen ditu mugako politiken inguruan azken hamarkadetan egindako erreforma gogorrenak eta bidezkoenak», nabarmendu zuen atzo Bidenek, hain zuzen, Etxe Zuriak argitaratutako ohar batean. Aintzat hartu behar da lege proposamenak planteatutako erreformak onartuz gero mugako asilo sistema aldatuko litzatekeela, eta, besteak beste, asiloa eskatzeko baldintzak betetzen ez dituzten papergabeak azkarrago kanporatzeko bidea emango lukeela. Aldaketen bidez, finean, asiloa eskatzeko baldintzak gogortzen dira, eta agintariek papergabeak atxilotzeko duten ahalmena areagotu.

Gainera, testuak jasotzen du 5.000 papergabek baino gehiagok egunero muga zeharkatzen dutenean hori itxi ahal izango luketela. Bidenek azpimarratu du, hain justu, erabaki hori bere kabuz hartzeko aukera edukiko lukeela muga «gaindituta» dagoenean. Migratzaileen eskubideen aldeko taldeak erreformaren aurka agertu dira, eta ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak ohar batean azaldu du akordioak gobernua behartuko lukeela «dagokien prozesua» egin gabe mugatik pertsonak kanporatzera.

«Segurtasunaren» izenean

Iazko urtearen amaieran AEBek «guztiz» eten zuten Ukrainari emandako laguntza militarra, John Kirby AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak orduan jakinarazi bezala. Baina Senatuko lege proposamenak aurrera egiten badu, Ukraina hasiko da Pentagonoaren aldetik atzera munizioa eta misilak, besteak beste, jasotzen. Schumerren hitzetan, AEBetako mugetatik kanpora begira laguntza militarrean onartu asmo duten ia 75.000 milioi dolarreko laguntzak «indartu» egingo luke «AEBen segurtasun nazionala atzerrian».

Bestalde, Zelenskik «hasiera berri bat» eman nahi dio Ukraina Errusiarekin edukitzen ari den gerrari, eta, horregatik, pentsatzen ari da «estatuko agintari batzuk» aldatzea. Hori adierazi dio gaur Italiako RAI telebista kateari, elkarrizketa batean. Pentsatzen du aldaketa bat «beharrezkoa» dela, eta ez dela soilik «sektore militarrera» mugatuko. Izan ere, iturri ofizialak kontuan hartuta zenbait hedabidek azken astean kaleratutako informazioaren arabera, estatuburuaren asmoa da Valeri Zaluzhni jenerala, armadaren burua, ordezkatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.