Azken egunetan eraso batzuk gertatu dira Transnistrian, eta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen esanetan, Errusiak hango egoera «desegonkortu» nahi du, modu horretan arrazoiak edukitzeko tropak hara mugitzeko. «Ukrainako armada prest dago baldin eta Errusiak tropa gehiago bidaltzen baditu Moldavian okupatuta dagoen lurraldera», nabarmendu zuen presidenteak, Ukrainako Gobernuak bere webgunean jasotako adierazpen batzuetan.
Transnistria aitortzarik ez duen estatu bat da. Moldavia eta Ukraina artean dago, eta 1991tik, Sobietar Batasuna desegin zenetik, independentea da de facto. Gerra zibil bat irabazi ondoren aldarrikatu zuen independentzia, eta Errusiaren babesa eduki zuen. 520.000 bat pertsona bizi dira 4.100 kilometro koadrotan, eta gehiengoa errusiazalea da.
Moldaviako Gobernuak ere Zelenskiren iritzi bera du. Transnistriako Atzerri Ministerioak Telegram bidez atzo esan zuenez, ordea, azken egunetako erasoak Ukrainak bultzatu ditu. Salatu du «hiru eraso terrorista» izan direla Transnistriako estatu egituren aurka. Informazio horren arabera, ez da hildakorik izan.
Joan den astean, Errusiako armadako jeneral batek ziurtatu zuen Ukraina hegoaldea okupatu nahi dutela, Transnistriaraino iritsi arte. Errusiak 1.500 soldadu ditu han.
Gerra Ukrainan
Zelenskiren esanetan, Moskuk Transnistria «desegonkortu» nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu