Ukrainaren «garaipenerako plana» aurkeztuko dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Joe Biden AEBetako presidenteari, datorren ostegunean, hilaren 26an. Prest dauka, herenegun adierazi zuenez. Hori bai, gaur agerraldi batean aditzera eman du aliatuek aurten hartuko dituzten erabakiek baldintzatuko dutela plana gauzatu ahal izatea. Besteak beste, irismen luzeko misilak ere ematen dizkio Mendebaldeak Ukrainari, eta Zelenski eskatzen ari zaie aliatuei eman diezaietela baimena arma horien bidez Errusiako Federazio guztiko azpiegitura militarrei eraso egiteko. Mendebaldeak, baina, ez du argi ikusten.
Zelenskik uste du plana aurrera eramateko ez dela zalantzarik eduki behar —oraindik ez du zehaztu zer jaso duen plan horretan—. Ukrainako estatuburuak egindako eskaerei buruz hitz egiteko batzartu ziren Biden eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa Washingtonen, aurreko astean, baina ez zuten erabakirik hartu. Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak urriaren 1ean utziko du kargua —Mark Ruttek ordezkatuko du—, eta azken asteetan azpimarratzen ari da Ukrainak gisa horretako armak erabili beharko lituzkeela Errusian helburu militarrak jotzeko, horretarako eskubidea duela. Baina aliatuen artean ez dago iritzi bateratu bat. Errusiak ohartarazi izan du, gainera, NATOren gerra deklaraziotzat hartuko lukeela arma horiek bere lurrei erasotzeko erabiltzeak.
61Ukrainak erorarazi dituen droneak. Errusiako armadak 70 misil jaurti ditu gaur goizaldean Ukrainaren kontra, eta aireko defentsa sistemek horietatik 61 erorarazi dituzte. Hori jakinarazi dute Kieveko iturri ofizialek. Herrialdeak 24 eskualde ditu, eta hamahirutan detektatu dituzte.
Eta Errusiak jarraitzen du esaten aurrerapausoak ematen ari dela Kursk (Errusia) eskualdearen kontrola berriro edukitzeko. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero ematen duen prentsaurrekoan adierazi du «egokia» iruditzen zaien «momentuan» berreskuratuko duela kontrola armadak. Ukrainarekin muga egiten du eskualde horrek, eta Kieveko indarrek erasoaldi bat hasi zuten han, abuztu hasieran. Azken asteetan apaldu egin du ofentsiba, eta Moskuk azpimarratu du asteon dozena bat pasa herri eta hiriren kontrola berreskuratu duela. Kontrara, Donetskeko fronteko erasoaldia indartu zuen Errusiak, uda betean. Gauero eman ohi duen diskurtsoan Zelenskik atzo esan zuenez, ordea, Ukraina hasi da Errusiak Donetsken duen erasorako gaitasuna murrizten.
Beste mailegu bat
Eta Zelenski gaur Kieven bildu da Ursula von der Leyenekin. 2022an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenez geroztik, Europako Batzordeko presidentea zortzi aldiz joan da hara. Azken bi urteetan Errusia Ukrainako energia azpiegiturei kalte egiten ahalegindu da haiek bonbardatuz, eta Von der Leyenek iragarri du EB Europako Batasunak jarraituko duela energia arloan Ukrainari laguntza ematen, eta horretarako 160 milioi euroko diru sail bat agindu zuen. Bisita ofizialaren barruan, Ukrainako suhiltzaile talde batekin bildu da gaur, eta, sinbolikoki, argindar sorgailu batzuk eta larrialdi kasuetan erabiltzeko materiala entregatu die. «Hotz sasoia hasiko da bi aste barru, eta Errusiak azpiegitura zibilei egindako erasoen helburua da ahalik eta kalte gehien egitea. Horri aurre egiteko Ukraina egiten ari den ahalegin ausarta babestuko dugu», adierazi die Von der Leyenek kazetariei, Kievera iritsi berritan. Iragarri zuen, bide batez, EBk 35.000 euroko mailegu bat emango diola Ukrainari.