Asteartean beteko dira mila egun Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Bada, gaur, Ukrainako irrati kate batean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du ahalegin guztiak egingo dituela gerra datorren urtean amaitu dadin. Zelenskik azaldu duenez, Vladimir Putin Errusiako presidentea negoziazio mahaian esertzen bada, «bakartze politikoa hausteko» eseriko da. Zelenskiren ustez, Putinek «ez du bakerik nahi». Ukrainako presidenteari iruditzen zaio Kremlinek Kiev errenditzea lortu nahi duela, baina esan du ez dutela halakorik onartuko, eta gaineratu gerraren amaierak «bide diplomatikotik» iritsi behar duela. Atzo, Ukrainako telebista kate batean emandako elkarrizketan, esan zuen AEBetako presidente hautatu Donald Trumpekin lehenago amaituko dela gerra.
Errusia ekonomikoki bakartzen jarraituko dute G7ko herrialdeek —Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du—. Ukraina babesten eta Moskuri isunak ezartzen jarraituko duela berretsi du taldeak, gaur zabaldutako adierazpen batean. Alemaniak, G7ko herrialdea denak, berriz, Kremlini ezarritako bakartze politikoa eten zuen atzo. Alemaniako kantziler Olaf Scholzek telefonoz deitu zion Vladimir Putini, 2022tik lehen aldiz.
Alemaniako Gobernuak, ohar batean, azaldu zuen Scholzek Ukrainatik tropak ateratzeko eta bakea negoziatzeko eskatu ziola Errusiako presidenteari. Kremlinek jakinarazi zuen Scholzen ekimenez hitz egin zutela, eta Putinek Alemaniako kantzilerrari adierazi ziola gerra amaitzeko edozein akordiok kontuan hartu beharko dituela «lurraldeko errealitate berriak» eta Errusiaren segurtasunerako interesak. Zelenskik Scholzen erabakia gaitzetsi zuen, atzo emandako prentsaurreko batean; izan ere, iruditzen zaio elkarrizketa horrek beste agintari batzuk bultzatu ditzakeela Putinekin hitz egitera, eta uste du Errusiari mesede egiten diola: «Putinentzat funtsezkoa da bakartzea amaitzea».
Errusiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi du Donetsk eskualdeko bi herri hartu dituztela; horiekin, jada, sei herri geratu dira Errusiako soldaduen kontrolpean, aste honetan. Ukraina «zinez egoera zailean» dagoela azaldu du gaur Zelenskik, bere herrialdeko irrati kate batean. Adierazi du Errusia «geldo» baina aurrera egiten ari dela, eta gehitu lehen lerroan borrokan ari diren Ukrainako soldaduak nekatuta daudela eta ezin dituztela txandakatu.
Errusiako gasik ez Austriara
Austriara gasa bidaltzeari utzi dio Gazprom Errusiako Estatuaren energia konpainiak gaur. OMV enpresak, Austriako energia hornitzaile nagusiak, eman du berria. Gazpromi hornikuntza irregularragatik kalte ordainak eskatzeko asmoa agertu du OMVk aste honetan; horren ostean iritsi da Errusiako enpresaren erantzuna. Halere, atzo, X sare sozialean, Austriako Energia ministroak ziurtatu zuen Errusiako gasik gabe ere «moldatuko» direla. Gaur, sare sozial berean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Putini egotzi dio energia «arma» gisa erabiltzea. Baina jakinarazi du EB Europako Batasuna prest dagoela Putinen «xantaiari» aurre egiteko: «EBko gas gordetegiak beteta daude».