Zelenskik gerra amaitzeko plan bat aurkeztuko dio Bideni irailean

Ukrainako presidenteak esan du zenbait lurralde galtzeko erabakia aliatuen posizioaren arabera hartuko dutela. Errusiak airez eraso dio Ukrainari bigarren egunez jarraian, eta gutxienez lau zibil hil dira erasoaren ondorioz.

Errusiak Ukrainako Krivi Rig hiriaren aurka eginiko erasoaren ondorioak, gaur goizaldean. EFE
Errusiak Ukrainako Krivi Rig hiriaren aurka eginiko erasoaren ondorioak, gaur goizaldean. EFE
2024ko abuztuaren 27a
15:17
Entzun

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentek iragarri du Ukrainako gerra amaitzeko plan bat aurkeztuko diola Joe Biden AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteari, irailean. Kieven eginiko prentsaurreko batean eman du albistearen berri, eta jakinarazi du Bidenek ez ezik Kamala Harris AEBetako presidenteorde eta Etxe Zurirako presidentegai demokratak eta Donald Trump hautagai errepublikanoak ere jasoko dutela bere proposamena, azaroan egitekoak diren hauteskundeen ostean ere Ukrainak AEBen laguntza beharko duela argudiatuta.

Azaldu du Ukrainako armadak duela hiru aste Errusiako Kursk eskualdearen aurka abiatutako erasoaldia planean agertzen dela, proposamen ekonomikoekin eta haren iritziz gerra amaitzeko Errusiak eman behar dituen pausoekin batera. Negoziazioetan Ukrainako zenbait lurralde galtzeko prest dagoen galdetuta, Zelenskik uko egin dio aukera horri, baina aitortu du erabaki hori Kieven aliatuen posizioaren arabera hartuko dutela.

Bitartean, gerran jarraitzen dute, eta Errusiak eraso egin dio Ukrainari gaur goizaldean, airez. Zelenskik X sare sozialean idatzitako mezu batean jakinarazi duenez, Errusiak fronteetatik urrun dauden «azpiegiturei eta zibilei» eraso egin die 90 jaurtigaiekin —droneekin, misil balistikoekin eta gurutzaldi misilekin, besteak beste—, eta horietatik bost misil eta 60 drone erorarazi dituzte Ukrainako aireko defentsa sistemek. Gutxienez lau zibil hil dira erasoaren ondorioz: bi, Zaporizhiako eskualdean, eta beste bi, Krivi Rig hirian, Ukrainaren erdialdean.

Bigarren egunez jarraian egin dio eraso Errusiak Ukrainari: herrialdeak dituen 24 eskualdeetatik hamabosti egin zien eraso atzo goizaldean Errusiako armadak, horretarako ehun bat misil eta beste horrenbeste drone erabilita, Zelenskik Telegramen idatzitako mezu batean azpimarratu zuenez. Moskuk azken bi urteetan egindako eraso «handienetako bat» izan zela jakinarazi zuen Ukrainako presidenteak, eta gutxienez bost zibil hil ziren erasoaren ondorioz, Kieveko iturri ofizialen arabera.

Volodimir Omelian Ukrainako Azpiegitura ministro ohi eta militarren goi kargudunak adierazi dio Erresuma Batuko BBC kateari Moskuren goizaldeko erasoa «mugimendu sinbolikoa» izan dela, Ukrainak Kursk Errusiako eskualdearen aurka abiaturiko erasoaldiaren erantzun gisa. Omelianen hitzetan, Putinek «bete-betean» jo nahi izan du Zelenskiren bihotzean, erasoak bi hildako eragin dituen Krivi Rig hiria Zelenskiren jaioterria baita.

Zelenskik X sare sozialean adierazi du Errusiaren erasoei erantzungo dietela: «Gizateriaren aurkako krimenak ezin dira zigortu gabe gelditu». Gainera, azken asteetan Ukraina behin eta berriz eskatzen ari zaie Mendebaldeko aliatuei utz diezaiotela irismen handiko misilen bidez Errusiako Federazio guztiko azpiegitura militarrei eraso egitean. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak X sare sozialean atzo idatzi zuenez, zilegi litzateke hori egitea: Ukrainak baimena du aliatuek emandako armak Errusian erabiltzeko, baina soilik Ukrainako mugatik gertuko eremuen aurka.

IAEAk Kurskeko zentral nuklearra aztertuko du

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari nagusia, Rafael Grossi, Errusiako Kurtxatov hirian da jada, Kurskeko zentral nuklearra aztertzeko. Duela hiru aste Kursk eskualdearen aurkako erasoaldia abiatu zuen Ukrainak —herrialdearekin muga egiten du—, eta eskualde horretako zentral nuklearraren segurtasuna «ebaluatuko» du Grossik; kezkatuta dago azken asteetan zentralaren inguruan egin diren erasoen ondorioz. Esaterako, IAEAk —NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia da— iragan ostegunean iragarri zuen drone baten zatiak aurkitu zituela Kurskeko zentral nuklearretik 100 metrora.

Kursken aurkako erasoa abiatu eta gutxira, Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi zioten abuztuaren 12an Zaporizhiako (Ukraina) zentral nuklearrak jasandako erasoa: Moskuren kontrolpean dago duela bi urtetik, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Duela bi aste ere, IAEAren zuzendari nagusiak aitortu zuen «kezkatuta» zegoela zentral nuklearren inguruetan eginiko operazio militarrek eragin ditzaketen arriskuez: «Zentralen segurtasun nuklearra arriskuan jar dezakete horrelako erasoek, eta istripu nuklear bat eragin. Berehala eten behar dira».

Kursk Errusiako eskualdean jada lortutakoaz gain, Ukrainako armadak lur gehiago bereganatu nahi ditu Errusiarekin duen mugan: Kursk hegoaldeko Belgorod eskualdean sartu nahian dabiltza azken egunetan Ukrainako 500 bat soldadu, The Mash Errusiako Telegram kateak jakinarazi duenez. Eskualde horretako gobernadore Viatxeslav Gladkovek baieztatu egin du The Mash kateak iragarritakoa, eta aitortu du Belgorodek Ukrainarekin muga egiten duen eremuko egoera «zaila» dela oraindik ere, Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi dionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.