Ukrainako presidente Volodimir Zelenski prest egongo litzateke Errusiarekin Ukrainako gerrari buruz «zuzenean» negoziatzeko; hau da, atea ireki dio Errusiako presidente Vladimir Putinekin mahai beraren inguruan esertzeari. Atzo gauean egin zituen Zelenskik adierazpen horiek, prentsaurreko batean; hain justu, Putinek Errusiako telebista publikoan Ukrainarekin zuzeneko elkarrizketak izateko prest dagoela iradoki eta biharamunean. Halere, horretarako baldintza bat betetzea «ezinbestekoa» litzatekeela zehaztu zuen Ukrainakoak: su eten bat adostea.
Tregoa horrek nolakoa behar lukeen ere azaldu zuen Zelenskik: «Ukraina prest dago behin betiko menia bat adosteko. Su eten horrek bermatu behar luke gure lurraldeari erasorik ez egitea; eta, hortaz, guk ez genieke erasoei erantzun beharrik izango». Ukrainako presidenteak adierazi zuen Kieven jokabidea Moskurenaren araberakoa izango litzatekeela: «Errusiak ez badie Ukrainako energia azpiegiturei eraso egiten, guk ez diegu haien energia azpiegiturei eraso egingo; Errusiak ez baditu irismen luzeko armak erabiltzen; guk ez ditugu irismen luzeko armak erabiliko».
Kiev eta Mosku 2022ko apirilean eseri ziren azkenekoz mahai berean; Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta aste batzuetara egindako bake negoziazio haietatik, bi aldeak ez dira berriz elkartu. AEBetako presidente Donald Trumpek behin baino gehiagotan esan du, joan den astetik, bere helburua dela aste honen amaierarako Ukrainako gerrarako «bake akordio bat» erdiestea. Horretarako ziren biltzekoak gaur AEBetako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Frantziako Atzerri ministroak, Londresen.
Atzerri ministroen arteko bilkura hori bertan behera geratu da, ordea, AEBetako Estatu Departamentuak gaur goizean jakinarazi ondoren Estatu idazkari Marco Rubio ez dela Londresen izango, «agendako» aldaketa batzuk direla eta. Erresuma Batuko zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Ukrainarako AEBetako ordezkari Keith Kelloggek ordezkatuko du Rubio. Halaber, ez dute bileran parte hartuko Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako Atzerri ministroek ere; haien ordez, herrialde horietako «ofizial teknikoak» elkartuko dira.
Azken orduko aldaketa horiek zabaldu eta gutxira iritsi da Londresera Ukrainako delegazioa. Horiek horrela, Zelenskiren Bulegoko buru Andrii Yermakek, Ukrainako Defentsa ministro Rustem Umerovek eta Atzerri ministro Andrii Sybihak parte hartuko dute gaurko elkarrizketan. «Aldaketak aldaketa, bakea lortzeko egingo dugu lan», idatzi du sare sozialetan Yermakek. Eta gehitu du: «Gaurko helburua izango da behin betiko su eten bat erdiesteko pausoak ematea». Horretarako, Erresuma Batuko beren homologo David Lammy eta John Healyrekin elkartu dira lehenbizi Sybiha eta Umerov.
Trumpen «bake akordioa»
Etxe Zuriko maizterra Ukrainarako ontzen ari den menia proposamenaren inguruko xehetasunak zabaltzen ari dira nazioarteko zenbait hedabide asteon, hala nola AEBetako Axios hedabidea. Iturri horrek gaur kaleratutako informazioaren arabera, Trumpek Moskuri eta Kievi aurkeztu asmo dien planak barne hartuko luke Washingtonek Krimea Errusiaren kontrolpeko lurralde gisa aitortzea ofizialki, baita Moskuk 2022ko otsailetik hona hartu dituen lurraldeak —Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson— de facto Errusiaren kontrolpekotzat aitortzea ere.
Proposamenaren nondik norakoen berri izan duten iturriak aipatuz Axiosek aurreratu duenaren arabera, Etxe Zuriak espero du Ukrainak gaur bertan erantzutea Trumpen eskaintzari. Nolanahi ere, aintzat hartzekoa da Etxe Zuriko maizterraren proposamenak bete-betean urratzen dituela Zelenskik «bake akordio baterako» ezarritako marra gorrietako batzuk; kasurako, Ukrainaren «lurralde osotasuna» errespetatu eta bermatzearena. Hain justu, hedabide horrek berak Ukrainako Gobernuaren gertuko iturri bat aipatuz jakinarazi du Kieven iritziz AEBen proposamena Errusiaren alde lerratuta dagoela, eta ez dagoela argi Ukrainak zer onura lortuko lituzkeen.
Plan horren inguruan galdetu diote gaur Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovi, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, eta esan du ez duela jendaurrean hitz egingo balizko menia proposamen bati buruz, argudiatuta gisa horretako planak plazaratzen direnean «zapuztu» egiten direla. Eta zera gaineratu du: «Informazio asko filtratzen dute hedabideek». AEBek negoziatzeari uzteko mehatxuen inguruan galdetuta, Peskovek jakinarazi du «harreman zuzena» dutela Washingtonekin, eta berretsi du AEBek «gogor» jarraitzen dutela lanean bitartekari gisa.
Halere, Peskovek adierazpen horiek egin eta gutxira, AEBek mehatxu egin dute beste behin. «Oso proposamen zehatza eta esplizitua aurkeztu diegu errusiarrei eta ukrainarrei, eta bada garaia haiek proposamen horri baietz edo ezetz esateko; bestela, AEBek alde egingo dute», ohartarazi du gaur AEBetako presidenteorde J.D. Vancek, prentsaurreko batean.
bederatzi lagun hil dira ukrainan, errusiaren eraso batean
Gutxienez bederatzi pertsona hil dira gaur goizaldean Ukrainako Dnipropetrovsk eskualdean, Errusiak drone bidez egindako eraso batean. Droneak bete-betean jo du Marganets hiriko enpresa bateko langileak zihoazen autobus bat, hango gobernadore Sergui Lisakek jakinarazi duenez. Horrez gain, 30 pertsona baino gehiago zauritu dira erasoan.