Gerra Ukrainan

Zelenskik aitortu du Errusiak hasi duela Donbassen aurkako «erasoaldi handia»

Azken asteotan askotan aipatu da Moskuk ekinaldi militarra gogortuko zuela Ukraina ekialdean, eta erasoaldi hori hasi dela aitortu du Ukrainako presidenteak. Gainerako lurraldeetan ere erasoak egin ditu Errusiako armadak, Poloniako mugatik gertu, besteak beste.

Errusiak Lviven txikitutako pneumatikoen biltegia. MYKOLA TYS / EFE
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 18a
18:23
Entzun

Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri du Errusiako Armadak hasi duela Donbassen aurkako «erasoaldi handia». Azken egunotan askotan aipatu da ekinaldi militarra handituko zuela Moskuk Ukraina ekialdean, eta hala egin duela aitortu du Zelenskik. Edozein moduz, militar ukrainarrek ez dutela etsiko. Ukrainako presidenteak ziurtatu du ez dutela herrialdearen eremu bakar bat utziko.

Errusiak azken asteetan adierazi izan du Ukraina hego-ekialdean, Donbass eskualdean zentratu nahi zituela ahalegin militarrak, baina ez dio uko egiten EB Europako Batasunetik gertuen dauden eremuei eraso egiteari. Gaur, esaterako, Lviv bonbardatu eta gutxienez zazpi pertsona hil ditu, eta dozena bat inguru zauritu. Poloniako mugatik 70 bat kilometrora dago hiri hori, eta herrialdetik trenez alde egin nahi dutenen irteera nagusietako bat bilakatu da joan den otsailaren 24an Errusiak inbasioa hasi zuenetik.

Maksim Kozitski Lviveko oblasteko buruzagi militarrak Facebooken zehaztu duenez, lau misil jaurti ditu Errusiako armadak, eta horiek azpiegitura militarrak eta pneumatikoen biltegi bat txikitu dituzte. Hiriko alkate Andri Sadovik Telegramen jakinarazi du zibilak direla bonbardaketetan hildakoak. «Eskatu nahi diet herritarrei ezkutatu daitezela. Eraso gogorragoak espero ditugu. Etsaiaren helburua da ahalik eta zibil gehien hiltzea», ohartarazi du.

Eta herrialdearen hego-ekialdean, Mariupol setiatutan, ukrainarrak ez dira errenditu, nahiz eta Errusiak armak uztera deitu dituen. Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri Ministroak CBS telebista kateari azaldu dio han geratzen diren tropa ukrainarrak eta «zibilen talde handi bat» inguratuta daudela, eta Azoveko itsasoaren kostaldeko hiria jada ez dela existitzen, Errusiako armadak azkeneko asteetan egindako erasoen ondorioz. Zenbait iturriren arabera, soldadu horiek eta zibilak altzairu fabrika baten instalazioetan daude gotortuta. Ukrainako lehen ministro Denis Shmihalek atzo ABC telebista kateari esan zion «bukaerara arte» borrokatuko direla Mariupolen jarraitzen dutenak, eta hiria «oraingoz» ez dela erori. Moskurentzat leku estrategikoa da Mariupol, hura mendean hartuz gero Krimeako penintsula eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika errusiazaleak lot ditzakeelako.

Mariupolen egoera «gero eta okerragoa» dela aintzat hartuta, zibilentzako korridore humanitarioak ahalbidetu ditzala eskatu dio Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek Kremlini. «Korridore horiek irekitzeari uko egitea izango da, etorkizunean, erantzuleak gerra krimenekin lotzeko argudio bat», azpimarratu du Telegramen.

Elkarrizketa zuzenik gabe

Azken orduetan 315 helburu militarri eraso egin die Moskuk, Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi duenez. Kremlinek Mikolaiv, Kramatorsk, Luhansk eta Donetsk bonbardatu ditu, besteak beste. Reuters berri agentziak kaleratu duenez, Kieven ere leherketak izan dira, eta Kharkiveko Fiskaltzak nabarmendu du han gutxienez hiru hildako eragin dituztela Errusiak jaurtitako misilek.

Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak egunero egiten duen prentsa agerraldian esan duenez, «aurreikusi bezala» ari dira gauzatzen «operazio militar berezia». Negoziazioez ere mintzatu da, eta adierazi du Ukraina ez dela «irmo» ari bi aldeek adostutako puntuen inguruan. «Sarri aldatzen du posizioa; negoziazio prozesuaren joera kaskarra da». Aipatu du, gainera, bi aldeen arteko azken asteetako elkarrizketak «aditu taldeen harremanetara» mugatu direla. Horren harira, Kulebak azaldu du atzerri ministerioen arteko elkarrizketa diplomatikorik ez dela izan.

Hildako zibilak

Inbasioa hasi zenetik 2.072 zibil hil dituzte, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur jakinarazi duenez. Zehaztu du horietatik 169 adingabeak direla. Zaurituak 2.818 dira. NBEk esan du, gainera, joan den otsailaren 24tik 4,9 milioi pertsonak ihes egin dutela Ukrainatik; gehienak emakumezkoak eta adingabeak dira. Horrekin lotuta, Poloniako agintariek adierazi dute ezen, inbasioa hasi zenetik aurreneko aldiz, joan den larunbatean, Polonia eta Ukraina arteko mugan, gehiago izan zirela Ukrainara itzuli zirenak handik alde egin zutenak baino: 19.000 sarrera erregistratu zituzten, eta 22.000 irteera.

Bestalde, Ukrainak bete du EBko estatu kide bihurtzeko eskaera, Ukrinform webguneak Kieveko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Volodimir Zelenski presidentea Bruselaren «erantzun positibo baten zain» dago orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.