Mahai beraren bueltan eserita ez, baina Mosku, Washington eta Kiev Ukrainako gerraren amaiera negoziatzen ari diren honetan, EB Europako Batasunak berretsi du Ukrainari laguntza humanitarioa eta militarra ematen segituko duela, 2022ko otsailetik egiten ari den moduan. Hori erabaki du gaur Europar Kontseiluak, Bruselan. Hungaria ez beste talde komunitarioko kide diren estatuek adostu dute hori, estatuburuek eta gobernuburuek egindako bileran.
Ohar bat kaleratu du kontseiluak, eta nabarmendu babesten duela Ukrainaren lurralde batasuna eta subiranotasuna, eta negoziatzen ari diren aldeei «benetako borondate politikoa» eskatu die gerra amaitzeko. Hori bai, errepikatu du zein den EBren formula horretarako: «bakea, indarraren bidez»; hau da, Kievek «ahalik eta posizio indartsuenean» segitzea, militarki. Dena den, EBko estatu kideetako liderrek uko egin diote Kaja Kallas EBko diplomaziaburuaren planteamenduari, adostasun faltagatik: Ukrainari laguntza militarrean 40.000 milioi euro ematea, ahal bezain laster.
Eta zeinek bere aldetik Errusiak eta Ukrainak Donald Trump AEBetako presidentearekin dituzten elkarrizketen harira, Zaporizhiako zentral nuklearra eztabaidagai da Etxe Zuriko maizterraren eta Volodimir Zelenski Ukrainako estatuburuaren artean. Europako zentral nuklearrik handiena da, eta Trumpek begiz jota dauka. Ukrainako lurretan dago, baina Errusiak kontrolpean du 2022ko otsailetik, inbasioa hasi zuenetik ia-ia.
Ukrainako presidenteak gaur goizaldean zabaldutako bideo batean jakinarazi duenez, Trumpek galdetu zion atzo ea zer irudituko litzaiokeen AEBek hartzea instalazioaren kontrola. «Erantzun nion baietz, baldin eta inbertsio baten bidez berritzen badute». Zelenskiren arabera, beharrezkoa da hori, «urte eta erdiren eta edo bi urteren buruan errentagarria izango bada». Ordu batzuk geroago, ordea, ukatu egin du Trumpekin «zentralaren jabetzaz» hitz egin izana. Zehaztu du Ukraina dela «estatuko instalazio nuklearren jabe», eta soilik baimenduko lukeela AEBek Zaporizhiako zentralaren «mo-dernizazioan inbertitzea». Oslon agerraldi batean egin ditu adierazpen horiek, Norvegiako lehen ministro Jonas Gahr Storerekin batzartu ondoren.
Aintzat hartu behar da azken egunetan zer esan duen Trumpek Ukrainako auziari buruz egiten ari den bilera sailean. Izan ere, igandean, hurrengo egunean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin aurretik, Etxe Zuriko maizterrak esan zuen «zenbait aktibo banatzeaz» mintzatuko zirela, besteak beste —telefono dei horretan adostu zuten Moskuk 30 egunez erasorik ez egitea Ukrainako energia azpiegiturei—.
Eta aktibo horietako bat da, hain zuzen, Zaporizhiako zentrala. Atzo gauean, Zelenskiren eta Trumpen elkarrizketaren ondoren, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek esan zien kazetariei Trumpi iruditzen zaiola AEBek lagun dezaketela Ukrainako instalazio nuklearrak gestionatzen —gisa horretako lau daude herrialdean—, «era horretako konpainiak kudeatzen eskarmentua» duelako Trumpek. Hortaz, iradoki izan duen moduan, negozio aukerak ari da ikusten Ukrainan, nahiz eta Leavittek zera esan horri buruz: «AEBak instalazio horien jabe izatea da babes modu onena».
Bilerak Saudi Arabian
Kontuak kontu, atzoko elkarrizketaren ondoren, hitz onak besterik ez zuten plazaratu Zelenskik eta Trumpek, nahiz eta zehaztapen handirik ez duten egin. Gainera, gatazkan dauden aldeen jarrerak elkarrengandik oso urruti daude oraindik. Errusiak nahi du, besteak beste, Mendebaldea Ukrainari ematen ari zaion laguntza militarra bertan behera geratzea; bere horretan segitzen du, ordea. Eta Ukrainak esaten du ez diela uko egiten inbasioan Errusiak okupatutako lurraldeei, eta «segurtasun bermeak» eskatzen ditu akordio bat lortzen badute; esaterako, Mendebaldeko herrialdeek tropak bidalita. Kremlinek, baina, ez du ez baldintza bat ez bestea, onartzen. Bi aldeen ordezkariak, nor bere aldetik, AEBetakoekin bilduko dira datozen egunetan, Saudi Arabian.
Eta, bitartean, nahiz eta Ukrainak eta Errusiak esan ados daudela su eten partzialarekin, hau da, elkarren energia azpiegiturei eraso ez egitearekin, biek ala biek elkarri egotzi diote menia hori urratzea. Dena den, kontuan hartu behar da ez dutela ezer sinatu. Horregatik, Zelenskik esan du uste duela elkarri eraso egiten jarraituko dutela, ez dutelako «menia partzialari buruzko inongo dokumenturik izenpetu». Horren harira, Ukrainak adierazi du Errusiak droneekin egindako eraso «masibo baten» ondorioz pertsona bat hil dela eta hiru zauritu Kupiansken, Kharkiv eskualdean. Errusiaren arabera, berriz, Ukrainak droneekin egindako eraso batek sute bat eragin du Saratov eskualdeko base militar batean,